Gordeta egon direnak

'Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua' erakusketa jarri dute ikusgai Bilboko Guggenheim museoan. Lanak estreinakoz atera dituzte New Yorketik

Gaur irekiko ditu ateak Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua erakusketak, Bilboko Guggenheim museoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerra hastear. Berlin. Galerie Thannhauser arte galeriari giltzarrapoa jarri dio Justin K. Thannhauser (1892-1976) enpresari alemaniarrak. Arte bildumagile ospetsu eta diruduna da Thannhauser, baina judua da, eta ihesean emango ditu 1937az geroztiko urteak. Parisera egin du lehenik, eta AEBetara gero. «Saiatu nintzen nire margolanak ni nengoen tokira ekartzen [...] gauza batzuk heldu ziren, baina Berlinen biltegiratuta utzi nituen gauzak ez nituen sekula berriz ikusi», idatzi zuen gerora. Bonbek kiskali zituzten. Aitaren bideari jarraiki, XIX. eta XX. mendeko artistak bultzatu zituen enpresari alemaniarrak, eta arte bilduma oparoa bildu zuen bere jardunean. Solomon R. Guggenheim bildumagileari eman zizkion horietako hainbat, hark sortutako fundazio eta museoan gordetzeko. «Espero dut estimatzea, nire bizitza osoa baita».

Thannhauserren dohaintzen artean ziren abangoardiako artistatzat hartzen diren Paul Cezanne, Edgar Degas, Edouard Manet, Pablo Picasso eta Vicent van Goghen artelanak. 1965etik New Yorkeko Guggenheim museoak gorde ditu obrak, eta lehen aldiz erakutsiko dira piezak AEBetatik kanpo orain, gaur hasi eta 2019ko martxoaren 24ra bitarte izango baita ikusgai Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua izeneko erakusketa Bilboko Guggenheim museoan.

«100 urteko abangoardia artistikoa bildu zuen Thannhauserrek». Megan Fontanella erakusketako komisarioak futuristatzat hartu du enpresaburua. «Dohaintza egin zuenean, oso ondo aukeratu zuen zer eman eta zer ez», esan du, iradokiz bezala Thannhauserrek Bilboko museoan jarri duten erakusketa antolatu izan balu era berean egokituko zukeela. «Asko hausnartutako hautaketa egin zuen». 1871tik 1965era bitarteko obrak bildu dituzte, eta hiru aretotan egokitu, kronologikoki. Inpresionismotik modernismoaren hastapenetara egiten du erakusketak.

Areto guztien erdigunean, enpresariak Alemanian, Frantzian eta AEBetan izan zituen arte galerien erreplikak egin dituzte, hark egindako lana «goraipatzeko». Orduko dokumentazioa ere jarri dute ikusgai; tartean, enpresariak jasotzen zituen margolanen zerrenda, data, egile eta hainbat oharrekin. «Garrantzitsua da testuingurua jasotzea, erakusketa honen zergatia bera azaltzen digulako».

Unean uneko artisten erakusketak antolatu zituen enpresariak bere galerietan, eta zalaparta ere sortu zuten horietako askok: Paul Cezanne, Edgar Degas eta Edouart Maneten lanena, kasurako. «Parisko inpresionistak eraman zituen Alemaniako aretoetara». Hiru horien eta Pierre-Auguste Renoirren piezak jarri dituzte erakusketaren lehen aretoan.

Ikuspegi berriak

Margolan batean geldialdia egin du Fontanellak. «Obra batzuk inoiz ikusi ez diren bezala ikusteko aukera izango dugu hemen». Maneten Emakumea marradun soinekoarekin pieza du aurrean, eta hurbiletik begiratu dio margoaren koloreari. «Lan hau Manet hil ondoren aurkitu zuten, haren tailerrean. Guk uste dugu artistak bukatu gabe utzi zuela lana. Baina margolana aurkitzean, hura babesteko, kolore horixka duen berniza eman zioten». Babestu beharrean kolorez aldatu zuten obra, eta, denbora luzeko tratamendu baten ondoren, berniz geruza kentzea lortu dute. «XIX. mendean ikusten zen bezala ikus daiteke orain».

Ez da berrikuntza bakarra. Ondoan duen eta artista berarena den margolanean jarri du arreta: Ispiluaren aurrean. «Thannhauserren bildumaren argi-itzalak ezagutzen ari gara azken urteetako ikerketei esker». Azaldu du zergatia: «X izpiei esker ikusi dugu Maneten hasierako asmoa margolanean azaltzen den bigarren emakumea edo ama beste toki batean margotzea zela». Funtsean dituzten artelanen margotze prozesua ikertzen ari dira Solomon R. Guggenheim fundazioko ikerlariak.

1880ko hamarkadaren bukaeran modernitatearen aitzinean zen Europa, eta hizkuntza eta espresio berrien bila ari ziren tokian tokiko artistak; tartean, Van Gogh. «Ahots bila ari den Van Gogh ikus dezakegu hemen». Parez pare du herbeheretarraren Saint-Remyko mendiak izeneko margolana. 1889an margotu zuen, eta haren aldartearen isla garbia da obra. «Arazo mentalak zituela-eta, ospitalean sartu zuten. Bertan zegoela egin zuen honako obra hau».

Picassoren ibilbidea

Ezbairik gabe, Picasso da erakusketaren indargune nagusia. Areto osoa eskaini diote artista espainiarrari, eta bere 22 obra jarri dituzte ikusgai. La Moulin de la Galette lana da ikusten den lehena. «Lagun zahar bati bestelako begirada batekin begiratzen ari gara hemen». Oraindik ere ezezagunak diren ertzak ditu margolanak. «1900. urtean egin zuen Picassok Parisko dantzatokiaren irudia. Badirudi denak ari direla atzean azaltzen den bikoteari begira. Duela gutxi egin dugun ikerketa baten emaitzaren ondorioz, badakigu generoa aldatu ziela bi pertsona horiei. Zergatik egin zuen? Nor da irudikatu duen emakumea?».

Emakume ilehoria piezara jo du gero. «Fernande Olivier da hau, Picassoren maitalea. Emakume enigmatiko bat irudikatu zuen margolariak, atseden edo loaldi batean. Norbait lo dagoela irudikatzea pertsona baten intimitaterik sakonena erakustea da, artistaren ustez».

Otarraina eta katua da erakusketaren margolanik garaikideena. 1965ean egin zuen Picassok, eta artistak Thannhauser sendiari oparitu zion. Bere maitasunen harremanen metafora zirela azaldu du Fontanellak. «Tentsio sexuala nabari da bi animalien artean». Harreman estua izan zuten enpresariak eta margolariak. «Bere ibilbide artistiko osoaren lanak bildu zituzten horregatik».

Thannhauserrek emandako ondarearen zati bat besterik ez da ikusgai dagoena, bilduta zituen artelanen lagin bat besterik ez zuelako dohaintzan eman. Eman ez zituenak kendu egin zizkioten. Hala zioen 1969an egin zioten elkarrizketa batean: «Jakin ezazu Thannhauser Galleries guztietako —Munichen, Berlinen, Luzernan eta Parisen daudenak— artxiboen jabearen edo zaindariaren izena: Adolf Hitler jauna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.