Azkar dabil gezurra, atseginez

Albiste faltsuak betidanik egon badira ere, sare sozialek gezurren hedapena izugarri erraztu dute. Irtenbide teknologikoak proposatu dira, baina, adituen esanetan, erabiltzaileek eta hedabideek ere badute zereginik.

Sare sozialen bidez bizkor zabaltzen dira berriak. S. STEINBACH / EFE.
Juanma Gallego.
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zortzi urtez norbaiti informazio txukuna eta egiazkoa ematen badiozu, lagun horrek bete-betean sinetsiko du bederatzigarren urtearen lehen egunean esango diozun gezur galanta». Inteligentziaren munduan aspaldi sustraitutako leloa zen. Internet jaio baino lehen, fundamentuzko toxikazio informatiboa burutzeko, denbora luzez entzuleriaren konfiantza landu beharra zegoen.

Baina, alor honetan ere, gauzak aldatu dira. Lehen, espezialisten esku zegoen zeregin hori, baina informazioaren teknologiek gezurraren zabalpena ere «demokratizatu» dute. Inteligentzia zerbitzuak, eragile politikoak, enpresak zein alboko auzokideak, horiek guztiak gai dira gaur egun albiste faltsuak sortzeko eta zabaltzeko.

Gaiari buruz orain arte egin den ikerketarik handiena plazaratu du Science aldizkariak hilaren hasieran. MIT Massachusettseko Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileekTwitter sarean 2006tik 2017ra zabaldu diren 160.000 mezu jario aztertu dituzte. Guztira, 3 milioi lagunek ingelesez zabaldutako mezuak kontuan hartu dituzte. Emaitza argia atera dute: benetako albisteekin alderatuz, albiste faltsuak azkarrago eta zabalago hedatzen dira.

Datuetatik kontu faltsu eta automatikoak —bot deituak— kentzeko algoritmo bat ezarri ondoren etorri da ezustekorik handiena: bot horiek ez, gizakiak omen dira albiste faltsu gehien zabaltzen dutenak.

Ikerketa egin duten egileen arabera, Twitter sarean dauden lagunek informaziorik berriena zabaltzeko joera dute, eta gezurrezko informazioak egiazkoak baino berriagoak ei dira.

Albisteek eragindako emozioak ere zenbatu dituzte. Horrela, zurrumurru faltsuek sorpresa, beldurra eta atsekabea eragiten dituzte bereziki. Benetako albisteak, berriz, tristura, ikusmin, alaitasun eta konfiantza iturri dira.

Ikerketa horren emaitzek ez diote harridurarik sortu Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko (Espainia) irakasle Luis Miguel Romerori: «Gizakiak ez dauka informazioa bahetzeko gaitasun mediatiko nahikorik. Morbo gehien edo titular deigarrienak dituzten albisteak zabaltzeko joera dago, eta baita norberaren ikuspuntua babesten duten albisteak ere».

Komunikazioan doktore da Romero, eta desinformazioa du ikerketa lerroetako bat. Haren esanetan, «irakurtzeko eta idazteko heziak gara, baina ez informazioa hautatzeko. Gainera, informazioaren benetako saturazioa dago orain».

Kontsumitzaileei ez ezik, arazoa hedabideei eta sare sozialei ere badagokiela uste du Romerok. «Ezohiko hedabideak sortzen ari dira, hedabide berri bat martxan jartzea nahiko erraza delako. Gainera, hedabide berri hauek askotan ez daukate editore edo koordinatzaile bat informazioaren kalitatea bermatzeko». Sare sozialei dagokienez, portaera automatizatua duten bot-ak eta sentimendu prediktiboen analisia egiten duten algoritmoak nagusitzen ari direla azaldu du adituak. «Adibidez, Facebookek orain erabiltzen duen algoritmoak gertuko informazioak lehenesten ditu, baina baita elkarrekintza gehiago dituzten albisteak ere. Horregatik, Facebooken agertzeko, ohiko hedabideak albiste deigarriak egitera behartuta daude, eta ez horrenbeste albiste informatiboak. Hori egiten ez badute, ez dira sareetan agertuko».

Oihartzun ganbera

Fabiana Zollo informatikariak desinformazioaren zabalpena ikertzen du Veneziako Ca' Foscari Unibertsitatean (Italia). Haren aburuz, informazioa kontsumitzeko garaian, faktorerik garrantzitsuena berreste alderako isuria deitua da: norberak bere sinesmenarekin bat datozen informazioak aukeratzeko joera, alegia. Sare sozialetan «oihartzun ganberak» sortzen direla azaldu du. «Antzeko pentsaera duten lagunak biltzen dira bertan, eta horrela aurreiritziak indartu eta polarizatu egiten dira».

Horregatik, ikertzaileak uste du polarizazioaren arazoari errotik heldu behar zaiola. «Informazio faltsuak gezurtatzea, gertaerak egiaztatzea eta antzeko irtenbideak oso mugatuta daude». Zolloren taldean egin duten azken ikerketan, berreste alderako isuria aztertu dute bereziki, eta faktore horretan zentratu dira berri faltsuen kontrako teknika berriak lortzeko. Arreta albiste faltsuetan jarri beharrean, beraz, pertsonengan jarri dute. Albiste faltsuak bereziki sortzen dituzten gaiak identifikatu nahi dituzte, albiste faltsuen kontra jotzeko.

Arazoa larria dela jakinda, zer egin daiteke horrekin? «Plataformak, edukiak eta pertsonak biltzen dituen sare neutrala eta integratua» beharrezkoa dela uste du Zollok. Haren ikerketa taldean gaiari buruzko behatoki bat martxan jartzen ari direla nabarmendu du adituak. «Bakoitzak nahi duena sinets dezala, baina, desinformaziotik ahalik eta urrunen izanda».

Alde teknologiko hutsetik datozen irtenbideekiko zuhur azaldu da Zollo. «Arazoa konplexua da; bat-bateko irtenbideak desegokiak eta zoritxarrekoak suerta daitezke. Adibidez, egia eta gezurra bereizteko orduan, arriskutsua eta naif da bakarrik konfiantza jartzea makinen ikaskuntzako algoritmoetan, edo atzean dauden zientzialariengan. Desinformazioaren kontra borrokatzeko, polarizazioa arindu behar dugu».

Luis Miguel Romerok proposamen zehatza egin du: «Prentsa elkarteek marko bat zehaztu beharko lukete benetako hedabideak zeintzuk diren adosteko. Hedabide bakoitzari ere fidagarritasun maila bat ezarri ahal zaio. Prozesu hori Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak gainbegira lezake, objektibotasuna bermatzeko. Ondoren, sare sozialak irizpide horiek sartu beharko lituzkete beraien algoritmoetan».

Romerok berak adierazi duenez, bidea ez da erraza izango. «Ni komunikazio politikoaren arloan kontsultorea naiz, eta, batzuetan, azpikerien bitartez alderdi baten edo bestearen kontra jotzeko proposamenak heldu zaizkit. 'Baina hi burutik jota al hago, konpai?', erantzun ohi diet. Arazoa da egon badirela halako enkarguak hartzen dituzten kazetariak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.