Mikel Zumeta.
Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Lan harreman desorekatuak

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
'El buen patrón'

Zuzendaria:Fernando Leon de Aranoa. Aktoreak: Javier Bardem, Manolo Solo, Almudena Amor, Oscar de la Fuente, Sonia Almarcha, Fernando Albizu, Tarik Rmili, Rafa Castejon, Celso Bugallo. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 120 minutu.

Zortekoa zu, bederen lana duzulako. Halakoak eta bestelakoak entzuten ditugu egunerokoan. Fernando Leon Aranoak bere azken filmean lan mundua, enpresa, klientelismoa, kazikismoa eta botere ekonomikoak baimentzen duen ahalguztiduntasunaren isla irrigarria irudikatuko du.

Javier Bardem enpresari ahalguztidun, nartzisista eta moralgabea buru dela eta aktore eskifaia ezin hobearekin, balantza enpresa familiarraren mekanika ikusiko dugu. Itxuraz orekatua dirudien harreman osasuntsu eta arduratsua, botere bertikal eta mugarik gabea erakutsiko du filmak. Zuzendariak parodia muturrekoa idatzi eta zuzendu du oraingoan, umorez eta zorroztasunez idatzitako elkarrizketa bakoitzean besaulkian lotsagorritu gaitezen, barreari eutsi ezinik.

Lan fina Leon Aranoarena —bizkorra, edukiz landua, kritikoa eta ezin barregarriagoa—, aktoreen koreografia inauterizkoan, maskaradan. Bardemen lana ere itzela, Blanco enpresaren zuzendari liluratzaile higuingarriaren rolean.

Botereak beti aldatuko du gertakarien kontaketa bere mesedetan, gezurra esan behar badu ere: guztiak gaude ontzi berean, balantza bera da guztiontzat, baina zure hobe beharrez eta guztion mesedetan, alde hemendik. Seme bat zara niretzat, alaba, laguna... larrua joko dugu?

Norabide bakarreko botere aseezina da, orekaz mozorrotua. Karbono dioxidoa bezala, gau eta egun nonahi zabaltzen dena. Ikusezina, baina hilkorra.

Aranoak kritika sozialez betetako umore bonba aktibatu du. Espainiako lan mundu baldar, handinahi eta zatarraren familia argazkia atera du. Askok noizbait bizi izango zuten halakorik. Pantailak, behintzat, distantzia eskainiko digu negar egiteko, irri algaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.