Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Belaunaldi baten kartografia

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
'QuiƩn lo impide'

Zuzendaria: Jonas Trueba. Aktoreak: Candela Recio, Pablo Hoyos, Silvio Aguilar, Pablo Gavira, Claudia Navarro, Marta Casado, Rony-Michelle Pinzaru, Javier Sanchez. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 220 minutu.

Jonas Tuebak lan hunkigarria ekarri du Donostiako Zinemaldira. Zintzoa, itxaropentsua eta freskoa da zuzendariak zentenial belaunaldiaren inguruan metodikoki eta setati egin duen biltze lana. 220 minutuko hautua, hiru ataletan zatitua. Zuzendariak gazte talde baten bizipenak, irrikak, asmoak eta sentipenak jaso eta bildu ditu bost urtez, eta Rubiken kaxatxoan eskaini dizkigu. Puzzle ezin ederragoan, nerabe horien irrikaz bustiko gara, eta haien hausnarketa gaitasunak, adiskidetasunak eta hitz-jario jantziak harrituko gaitu. Gazteak gaitasun horien guztien jabe izateko gauza direla aldarrikatzeko. Gu geu gazte izan garela oroitarazteko. Finean, berdinak garela maitasunez plazaratzeko.

Truebak, pasarte koloretsuetan azalduko digun erretratuan, beste hainbat film ekartzen dizkigu gogora berearekin: Canteten Entre les murs, Linklaterren Boyhood, eta Dardenne anaienak, besteak beste.

Hitza emango die gazteei zuzendariak: entzun, proposatu, hezurmamitu, eta buelta berriz hastera. Sormena espresio bide eta gauzatze bide bezala erabiltzearen beharraz arituko zaigu. Haiekin eta haien bitartez, filma eraldatzen joango da, modu zainduan, dokumentalaren, errealitatearen eta fikzioaren arteko ameskerian.

Truebak zerbait ederra egin du, benetakoa. Dokumentu bizia da, momentuaren adierazgarria dena, eta, era berean, denborarik gabekoa, partekatua, guztiona. Ez zaitezte iraupenarekin kikildu, hasi bezain pronto konturatuko baikara orduak pasatu ahalko genituzkeela gazte horiekin batera filmean. Aitortu behar dut pixka bat laburtu izan balu borobilagoa izango zela filma, eta hura ikusi edo ez daudenen zalantzak argituko lituzkeela. Hala eta guztiz ere, goraipagarria da Truebak egin duen lana, ez galtzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.