oihana arana
MELE

Lagunduko didazu?

2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ona da? Gustatu zaizu? Bai, benetan? Jo, ni ez nago ba oso konbentzituta. Akaso hau aldatuko banio, hango beste hura bestela... ez dakit. Berridatzi egin beharko nuke ala entregatzeko moduko duina dela iruditzen zaizu? Nire interesekoa da, baina interesatuko ote zaio beste inori? Ulertzen da? Ea, zer entenditu duzu esaldi honetan? Bai, ondo ulertu duzu; esplizituegia da, ezta? Aldatu egingo dut, itxaron. Bai, orain hobeto dago. Lerro-artean kontatzea beti da hobea, ados, baina bestela interpretatzen baldin badute, zer? Ez nago horri aurre egiteko prest. Berriz aldatuko dut. Nirea ez balitz amaierara arte irakurriko zenuke? Ez al da astunegia? Ekintza gutxiegi sartu dudala iruditzen zait. Gehiago behar duela iruditzen zaizu? Aurreko hartan gertatu zitzaigun hori fikzionatu dut hemen, eroso sentitzen zara horrekin? Orain dela zortzi hilabete hango mahai-inguru hartan bota zenuen ideia hori ere kopiatuko dizut, bale? Poeta honen zita hau jarri nahi dut, baina ez dakit euskarara nola ekarri; lagunduko didazu? Zure amonak nola esaten zion horri? Barkatu, azken kontu bat: izenburuari zer deritzozu? Luzeegia, ezta? Beno. Dagoenetan bidaliko diet, ea zer esaten didaten.

Bihar irakurriko dut bidali didazuna. Oso ederra da. Norena da erreferentzia hori? Bua, ze ona, benetan. Hor, akaso, puntu eta koma jarriko nuke koma jarri duzun lekuan. Paragrafo hau laburtu beharko zenuke, ona da, baina astunegia... Beste honek, ordea, merezi du luzeagoa izatea. Berba hau ez nuen ezagutzen, lapurtu egingo dizut. Irakurri liburu hau, lagunduko dizula uste dut. Bihar berriz irakurri eta esango dizut, bale? Gaur beste kontu batzuk egin behar ditut eta.

Hau ere bada sorkuntza kolektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.