Indarkeria obstetrikoa. Estitxu Fernandez. Psikologoa

«Patriarkatuak sortu du bortxa obstetrikoa»

Indarkeria obstetrikoak ondorio fisikoak eta psikologikoak eragiten dituela azaldu du Fernandezek. Emakumeen behar emozionalei erreparatzea funtsezkoa dela iritzi dio.

BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Psikologoa da Estitxu Fernandez (Lesaka, Nafarroa, 1975). Osasun mental perinatalean aditua da, eta gertutik erreparatu dio bortxa obstetrikoaren auziari. Indarkeria mota hori jasan duten andreen testigantzak jasotzen ari da egun.

Indarkeria obstetrikoa isileko biolentzia mota bat da?

Bai. Emakumearen kontrako indarkeriarik isilenetako bat da, isilena ez bada. Babestu behar gaituen instituzioak eragiten du, eta hori ikusaraztea oso zaila da. Askotan, emakumea bera ere ez da konturatzen. Gainera, oso luzerako ondorioak direnez, kosta egiten da gertatu zenarekin lotzea.

Zer ondorio ditu?

Hasteko, amaren eta umearen osasun fisikoan eragiten du; lesioak egon daitezke. Ondorio psikologikoak eta sozialak ere baditu: eragiten du harremanetan, amaren eta umearen buru osasunean... Ondorioak oso zabalak dira. Adibidez, perineoko lesio batek eragin dezake edoskitzean, umearekiko harremanean, harreman sexual-afektiboetan...

Zaila da horrelako esperientzia bati aurre egitea?

Arlo psikologikoan, trauma osteko estresa da ondoriorik nabarmenena. Baina gutxi diagnostikatzen dira erdiondoko ondorioak, eta gutxi tratatzen dira. Emakumeak bakardadean bizi ditu.

Emakumea zaurgarri den une batean izaten da, gainera.

Bai, horregatik du hainbesteko eragina. Indarkeria obstetrikoa abusuzko jokabide bat da, gehiegizko medikalizazioa eta tratu txarrak eragiten dituena. Haurdunaldia eta bereziki erditzea oso momentu zaurgarriak dira. Hori ulertzen ez bada, ez da ulertuko indarkeria horrek zenbaterainoko inpaktu psikologikoa duen. Haurdunaldian hasten da emakumearen garuna aldatzen: egoera neurohormonal oso berezi bat gertatzen da, eta erditzean sakondu egiten da. Egoera hori oso lotuta dago memoriarekin; hortaz, erditzean gertatzen den guztia andrearen garunean grabatuta geratzen da. Hitzezko tratu txarrak edo fisikoak eragiten badira, emakumea objektu bat balitz bezala tratatzen bada, haren erritmoa ez bada errespetatzen, ez bazaio informaziorik ematen edo erabakitzen uzten... oso traumatikoa izan liteke.

Formakuntza garrantzitsua da arazoari aurre egiteko?

Bai. Baina profesionalak ez dira erdigunean jarri behar; gehienetan, uste dute andrearen hobe beharrez ari direla: ez dute nahita egiten min. Indarkeria hau egiturazkoa da: sistema osoa dago harrapatuta, baita profesionalak ere. Sistema bera aldatu behar da. Formakuntza da bideetako bat. Beharrezkoa da jakitea haurdunaldia, erditzea eta erdiondoa ez direla prozesu fisiko hutsak, lan psikologiko inportante bat ere egiten duela emakumeak. Eta behar da trebatu gaitasun komunikatiboetan, enpatian... Traumarekiko sentikorra den zaintza bat behar du emakumeak.

Ez dira kasu bakanak.

Ez. Jendarte patriarkal batean bizi gara. Ez dago konfiantzarik emakumearen eta umearen gorputzetan. Erabakimena kentzen zaio andreari, gutxietsi egiten da. Ez dakigu tratu onak zer diren. Eta ekonomiak du nagusitasuna. Galdetu behar genuke ea profesionalek nolako lan baldintzak dituzten, nola zaintzen den haien buru osasuna... Indarkeria seinalatu behar da, baina haren testuinguru guztia aztertuz. Eta gero, kontuan izan behar dugu osasun paradigma mekanizista bat dugula. Antropologo batek konparazio hau egingo luke: ospitalea fabrika bat da, emakumea makina, eta umea produktua. Emakumeak ez du erabakimenik; objektu bat balitz bezala tratatzen da, eta harekin behar dena egiten da ume hori ongi ateratzeko. Paradigma humanistikoago batera aldatu behar dugu. Ari gara, apurka.

Emakumea bere osotasunean hartu behar da kontuan, beraz?

Hori da, ikuspegi biopsikosoziala. Izan ere, amak sufritutako indarkeria horrek umeari ere zuzenean eragiten dio. Hori da ziurrenik tratu txarrik ikusezinena, umearen aurkakoa. Indarkeria honek, umeari lesioak eragiteaz gain, haren buru osasunean ere eragin dezake oso luzera begira.

Sistema aldatu behar da errotik?

Bai. Emakumearen aurka dagoen gizarte bat osasun paradigma horrekin gurutzatzen denean, hor sortzen da indarkeria obstetrikoa. Alde batetik, emakumearen gaineko tratu txarra dago, oso normalizatuta. Bestetik, biomedikuntza, gehiegizko teknologizazioa. Bizitza asko salbatu ditu, eta eskerrak hor dagoen, baina gehiegi erabiltzen da.

Nola har dakioke aurrea biolentzia obstetrikoari?

Trauma kontuan hartuko duen trebakuntza bat behar da, eta buru osasun perinatalari behar duen tokia eman behar zaio. Emakumeari baliabideak jarri behar zaizkio eskura , zerbitzuak, bereziki osasun mentalekoak. Gardentasuna ere funtsezkoa da. Eta, bereziki, emakumeak nahi eta behar duena errespetatu behar da.

Emakumeei laguntzen diezue haurdunaldi prozesuan. Nola prestatu behar da erditzerako?

Orain indar handia jartzen dugu informazioan eta ahalduntzean, baina ez da emakumearen ardura nola artatzen duten; berak ez du egin behar master bat obstetrizian. Haurdunaldiak lan psikologiko bat planteatuko dio, bakoitzari berea, eta horri irekia egotea eta haurdunaldiaz eta umearekin gozatzea da gakoetako bat. Emakumeok bizitza osoan izan dugun zama hori apur bat eraustea ere ederra litzateke, erditzearen sexu bizipena positiboa izan dadin. Baina zaila da hilabete batzuetan hori egitea. Saiatu beharko genuke haurdunaldia bizitzen horrek dakarren guztiarekin, eta gure gaitasunarekin bat egiten. Ez du esan nahi denbora guztian pozik egon behar denik. Izan daiteke batzuetan tristurarekin konektatzea, anbibalentziarekin...

Ikusi gehiago:Indarkeria obstetrikoa aitortzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.