BAKARRIZKETA

Etika batzordeak ongi iritzi dio Durao Barrosok Goldman Sachsen lan egiteari

PATRICK SEEGER / EFE.
Irune Lasa.
2016ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
1 Durao Barroso? Europako norbait zen hori...? Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea izan zen hamar urtez (2004-2014). Aurretik, bi urtez Portugalgolehen ministro izan zen PSDzentro-eskuineko alderdiarekin. Garai hartakoa da bera protagonistetako bat duen Azoresko argazki ezaguna.

2 Eta lanpostu berria du?Brexit-aren erreferendumetik bi astera, uztail hasieran iragarri zuen Goldman Sachs International bankuan presidente ez-exekutiboa izango dela. Eskandalua hainbestekoa izan zen, Europako Batzordeko egungo presidente Jean Claude Junckerrek euren Etika Batzordearen iritzia eskatu behar izan zuen. Astelehenean heldu da iritzia: Batzordearen ustez, Durao Barrosok batzordekideei eskatzen zaizkien baldintza guztiak bete zituen lanpostu berria onartzean.

3 Eta, baldintzak bete baditu, zein da arazoa? Etxera soldata bat eramateko eskubidea izango du gizonak, ezta? Eta ez da nolanahikoa izango soldata hori, bost milioi euro irabaziko baititu urtean Goldmans Sachsen. Horrez gain, hemendik bost urtera, 65 urte betetakoan, Europako Batzordeko kide izateagatik dagokion erretiroa jaso ahal izango du: 130.000 euro urtean. Batzordea utzi zuenean Durao Barrosok uko egin zion zegokion 18 hilabeteko ordainsariari; 13.500 euro ziren hilean.

4 Soldata onak bai, Goldman Sachs horretakoak. Horren langile abila al da portugaldarra? Goi kargu publikoen eta konpainia handien izenak elkarrekin nahasten direnean zalantza sortzen da. Zer ordaintzen du horren ondo konpainiak, pertsona horrek egingo duen lana edo aurretik —kargu publikoan zenean— haientzat egindako lana? Esperientzia edo aurreko lanpostuak ematen dizkion eragin ahalmena eta informazioa...?

5 Kasu honetan badago zalantza horretarako arrazoirik?«Zergatik ezin dut lan egin legezkoa den entitate batean? Ez da droga kartel bat», esan zuen Durao Barrosok uztailean, kritikei erantzunez. Ez da droga kartel bat, ez, munduko inbertsio banku handiena da. Hori bai, finantzetatik ekonomiara hedatutako krisiaren sorburuko zabor hipoteken erantzuleetako bat izan zen, eta Greziako krisian ere izan zuen zerikusirik. Eta hori guztia portugaldarra Europako Batzordean presidente zela gertatu zen. Eta kasualitatea ote? Orain arte Goldmans Sachseko presidente ez-exekutiboa Peter Sutherland irlandarra izan da, hori ere Europako Batzordean Lehiarako komisario izandakoa.

6 Dena den, horrek irtenbide eskasa du, ezta? Nola eragotz daiteke kargudun publikoek ate birakaria hartzea?

Gogoratzen Durao Barrosok errefusatutako ordainsaria? Kargua utzi eta lehen urte eta erdian ez presidenteak ez komisarioek ezin dute beste lanposturik izan, horretara dator ordainsaria. Hogei hilabete pasatu ziren portugaldarrak kargua utzi eta bankuko lana hartu arte. Orain, Junckerrek iragarri du tarte hori bi urtera handitu nahi duela presidentearentzat eta hiru urtera komisarioentzat. Corporate Europe lobby-ak kontrolatu nahi dituen erakundeak bost urteko tartea nahi luke presidentearentzat, eta hirukoa komisarioentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.