UDAKO SERIEA. Superaberatsak (I). Elon Musk.

Zientzia fikziozko kapitalismoa

Forbes zerrendaren arabera, munduko pertsonarik aberatsena da Elon Musk. Auto elektrikoen Tesla konpainia da haren enpresa nagusia, baina, horregatik baino gehiago, ideiak saltzeagatik egin da famatu. Esan ohi da kapitalismoak jauzi berri bat egin duela Muskekin.

Elon Musken adierazpenak eta hark abiatutako egitasmoak polemika iturri izaten dira maiz. ALEXANDER BECHER / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Superaberatsen artean, hura da «ameslaririk handiena». Edo hala diote, bederen, Elon Musken (Pretoria, Hegoafrika, 1971) biografia gehienek. Batzuentzat, «etorkizuna aurreikusten duena» (titulu hori du haren biografia ofizialak); beste batzuentzat, ke saltzailea. Baina, beste ezeren gainetik, haren xede nagusia dirua egitea da. «Irabazi, arriskatzeko», berak esatea atsegin duen moduan. Ez alferrik, munduko pertsonarik aberatsena da, Forbes zerrendaren arabera. Eta 2021ean Time aldizkariak «urteko pertsona» izendatu zuen.

Musk ez da rara avis bat superaberatsen artean, berak irudi hori eman nahi duen arren. Baina baditu bere berezitasunak. Pertsonaiarik publikoena da, gaia edozein delarik ere bere iritzia emateko zalea, bereziki sare sozialetan. Izan itxura sakoneko hausnarketak, izan iruzkin hutsalak, izan munduari bira ematen dioten iritzi polemikoak.

Enpresaburu gisa, hainbeste miresten duen zientzia fikziozko nobela batetik ateratako pertsonaia baten irudia eman nahi du, beste inork ez dituen ideiak gauzatzeko superbotereak dituen batena. Ziur da bere «asmakizunak» gizadiaren mesederako direla, lurraren suntsipen ekologikoa saihesteko, roboten gehiegizko botereari aurre egiteko... Eta horregatik ez du ekintza filantropikorik egiten, gainerako dirudun handiek hain gustuko duten moduan.

Haren arerioek, baina, «zerga iruzurgile profesionala» izatea leporatzen diote; arrazista eta sexista, bere langileen eta bere esperimentuetarako erabiltzen dituen animalien eskubideei inolako errespeturik ez diena. «Gezurti patologiko bat da, atentzio bilatzaile etsi bat, zorakerien saltzaile bat»; izenondo horiek eta beste hainbat erabili dituzte Bill Gatesek eta enparauek haren aurka egiteko. Baina enpresari hegoafrikarrarekin liluratuta daudenak ere badaude, eta asko gainera, bere egitasmoak aurrera eramateko lortu dituen milaka milioiko finantzaketa publiko eta pribatuek erakusten dutenez.

Amets amerikarra 5.0

2003. urtean, Tesla konpainia sortu zuenean, inor gutxik pentsa zezakeen gidaririk gabeko auto elektrikoetan. Gauza bera gertatu zitzaion 1990eko hamarkadan, Internet bidez ordainketak egiteko sistemamartxan jarri zuenean—X.com, geroago Paypal—. Gaur egun, beste amets bat du begiz joa: 2050. urtea baino lehen gizakiek Martera bidaiak egitea —Space X enpresa sortu du horretarako—.

Halako biografietan ohikoa denez, oso gazte zela hasi zen negozioak egiten. 12 urterekin, berak egindako bideo jolas bat saldu zuen 425 euroren truke. Gaur egun, 2802.000 milioi euroko ondasuna du. Haren familiak dirua egin zuen Afrikan, diamante meatzeetan. Baina biografoek diotenez, ez zuen haurtzaro goxoa izan: ume bakartia zen, zientzia fikziozko liburuetara emana; berak kontatu duenez, gainerako haurrek jazarri egin zioten horregatik, eta horrek markatu omen du haren izaera. «Hura ezagutu dutenek diote pertsona ziztrin, anker eta harroputza dela, bereziki desafiatuta sentitzen denean», idatzi zuen Ashlee Vence biografoak.

Hegoafrikan jaio, eta, 18 urterekin, Kanadara ihes egin zuen. Fisikako eta Ekonomiako doktoretza egin zuen AEBetan, eta berehala sortu zuen bere lehen enpresa arrakastatsua, 1995ean: Zip2, Interneteko egunkarientzako softwarea egiten zuen konpainia bat. Aitak utzitako diruarekin hasi ziren Musk anaiak, 28.000 eurorekin, eta, lau urte geroago, 307 milioirengatik saldu zuten. Diru horrekin, online bankara egin zuen jauzia, X.com-ekin. 2002an, eBayk erosi zuen Paypal, 1.500 milioi euro ordainduta. Jasotako dirutzarekin, bi enpresa sortu zituen Muskek: Solar City eguzki energiarako sistemen hornitzailea eta Tesla auto elektrikoen fabrikatzailea. Konpainia horien arrakastak, azkenean, superaberatsen klubean sartzea ahalbidetu zion.

Baina salmentengatik izango balitz, aspaldi itxita egon beharko luke Teslak. 800.000 auto merkaturatu zituen iaz; Volkswagenek, hamar milioi. Baina lehenak bigarrenak baino balio handiagoa du burtsan. Zergatik? Tesla auto ekoizle bat baino gehiago da: konpainia teknologiko bat da. Haren fabrikarik handienak ez dira autoak ekoizteko, bateriak egiteko baizik: aurten bere lehen gigafaktoria inauguratu du Europan, Alemanian, eta Txinan aurki bigarrena eraikitzeko asmoa agertu du. Teslaren egitekoa ez da autoak saltzea, I+Ga baizik.

Haren enpresen balioa ideietan dago. Zenbat eta eroagoa, orduan ete garestiagoa. Space X Martera bidaiak egiteko konpainiak, adibidez, 33.000 milioi euroko balioa du gaur egun. Eta zer egin du orain arte? 2018an, Tesla auto bat jaurti zuen espaziora —han jarraitzen du oraindik—.

Haren enpresa guztiak kontuan hartuz, Muskek 100.000tik gora langile ditu beretzat lanean. 2018an, Wired aldizkariak «infernu» baten gisa deskribatu zuen haren lantegietako lan giroa. Langileak nahierara kaleratzeagatik, arrazakeriagatik eta sexu jazarpenagatik ikertu eta zigortu izan dute Musk. «Inguruko jendeak beldur dio, eta berak beldur dio egia esateari. Langileak mugara eramaten ditu. Ordutegirik gabe lanean, gau eta egun. Egun batean gauzak ondo egin ditzakezu, eta heroitzat hartzen zaitu. Baina hurrengoan huts egiten baduzu edo berak ezarritako helburuak betetzen ez badituzu, kaleratu edo tratu txarrak eman diezazkizuke», adierazi zuen Teslako ingeniari batek, Vancek idatzitako biografian.

Twitter sare soziala erostea izan da Musken azken «erokeria». 44.000 milioi euro jartzeko prest zegoela esan zuen, baina azkenean atzera egin du, eta baliteke 1.000 milioiko isuna ordaintzea horregatik. Ikusteko dago zer gertatuko den azkenean, eta zein diren Musken benetako asmoak. Izan ere, hori baita haren ideien eta abiatu dituen proiektu gehienen misterio nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.