INKESTA

2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Euskara batuaren bilakaerari begira jarri ditu BERRIAk hainbat eragile esanguratsu. Haietariko biren hitzak agertuko dira egunero larunbatera bitartean.

1

Zer balorazio egiten duzu batuak egin duen ibilbideaz?

2

Zeintzuk dira gaur egun dituen arazo eta erronka nagusiak?

Miren Azkarate

Euskaltzaina

1

«Edozein irizpide hautatzen dugula ere, euskara batua egitasmo arrakastatsua izan da. Atzera begiratuta, esango nuke ezaugarri berak izan dituztela euskara batuaren abenturak eta azken 30 urte hauetan garatu den hizkuntza politikak: elkarlanaren emaitza dira, gizarte-eragileen, erakundeen eta euskaldun guztien elkarlanarena. Arau jakin bat hautatzea ez da nahikoa; nahitaezkoa da, ondoren, estandarrerako hautatu den aldaera hori hedatzea. Garaikoetxea lehendakariaren lehen gobernu hari eta Hezkuntza sailburu zen Pedro Miguel Etxenikeri zor diegu batua hezkuntzako maila guztietan erabiltzeko erabakia. Berdin Administrazioan edo EITBn. Hor irabazi zuen euskara batuak bere apustua. Hedatzearekin batera etengabe garatzea ere behar du estandar batek, eta horretan ari gara berriro ere elkarlanean».

2

«Badugu zer egina 1982ko Euskararen Legeak aitortzen dituen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Hiztun berriak irabazi behar dira, estandarraren kalitateaz arduratu beharra dago,... Baina, batez ere, erabilerak kezkatzen gaitu. Etxean jasotako euskara edo eskolan ikasitakoa erabiltzea eguneroko bizitzako edozein esparrutan, baina, batik bat, familian eta ingurune hurbilean. 25 urtetik beherako gazteen erdiak eskolan ikasi du euskaraz eta askok ez dute erraztasun handiegirik euskaraz hitz egiteko; euskara-eredu informalak behar dituzte, eta askotan eskolako eredu batu, akademikoa baino ez dute. Komunikazio-estrategiak landu beharra dute. Eta eskolan ikasitakoa sendotu eta praktikatzeko, eskolaz kanpoko aisialdiko jardueretan euskaraz jardutea da aldagairik garrantzitsuena».

Asisko Urmeneta

Marrazkilaria

1

«Izugarri kontent nago anestesiaren eta batuaren aroan sortu izanaz.Hizkuntza moderno eta utilitarioaren bermeak eraiki zituzten duela 50 urte, eta ikusirikoak ikusirik, beharrik egin baitzuten. Esker Pila!».

2

«Arazo nagusia, esparrua partekatu beharra beste bi hizkuntz normaldurekin; eta haien aldeko -bezain gure kontrako- legeria belikosoaren aurka. Horrek bontsaitzen du berezko garapena, eta masa kritiko minimoa ere ezin lortuz gabiltza. Endogeniatik: Oraindik garbizalekeria suizidaren pisua astunegia zait. Nazioartean txertatuak diren euskal hitzak baztertu (potret, foto) eta asmakeriak hobetsi dira (argazki... ). Piszina bezalako berba arruntak baztertu dira, igerileku bezalako konstrukto antipraktikoen mesedetan. Nazioarteko kultur kontzeptuak aspaldi txertatu zaizkigu hizkuntzan. Enetako berdin batua dira soberbia, grotesko, taziturno... Hiztegi Batuan ez agertuagatik ere. Eta lexikoan bezalaxe, sintaxian ere. Leizarragaren eredua, adibidez, baztertu egin da; ordea baluke gure ahulgune zenbaitzuen bizkortzeko gaitasuna, erlatiboa edo eta joskera, kasurako. Beste aldetik, Axularren okerra baizik ez dugu kopiatu: hitz saila lerro-lerro eman, eta oro da sinonimo! Gradazioaren ezinbestea galdu dugu hala, eta hizkeren aberastasunak hondoraino eraman gaitu. Azkenik, nork sartuko dio hagina ahozko batuari? Anestesiaz ala gabe. Hemen bi estandar nagusi ari dira garatzen, eta elkarri bizkar emanik...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.