mikel p ansa
Koronabirusa. ANALISIA

%70eko langarekin itsutu gabe

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aste honetan esan du txerto baten lehen dosia hartua dutenak %72ra iritsi direla, eta txertatze pauta osoa dutenak, %54ra. Baina BERRIAren datuek beste zerbait adierazten dute: Hego Euskal Herriko herritar guztien %62k hartu dute lehen dosia, eta %46k osatu dute pauta. Ez dago okerrik kalkuluetan: zuzenak dira biak. Nolatan? Portzentaje horiek emateko, 16 urtez gorako herritarrak soilik hartzen ditu aintzat Jaurlaritzak. Kudeaketaren ikuspegitik, zentzua izan dezake datuak horrela emateak, umeak txertatu ahalko ote diren ere ez baitago argi oraindik. Hortaz, esan liteke gutxi gorabehera txertatu daitezkeenen artean zenbat txertatu diren kalkulatzen ari dela Jaurlaritza. Zilegi da datua horrela tratatzea, baina nahasgarria suertatzen da.

Izan ere, talde immunitatea lortzeko, gizarte osoaren %70 txertatu beharko litzatekeela aipatzen da gutxieneko helburu gisa; eta ez txertatu daitezkeenen edo helduen %70.

Adituek su hartutako baso baten irudia erabili ohi dute talde immunitatea esplikatzeko: immunizatu ahala, su hartzeko arriskua txikitzen dute zuhaitzek, eta zer erre gelditzen ez zaionean amatatzen da sua. Ezin da basoaren zati bat kalkulutik kanpo utzi, oraingoz txertatu ezin delako, basoaren zati guztiak direlako sugai. Jaurlaritzak %72ra heldu dela esateak, beraz, ez du zerikusirik talde immunitatea lortzeko helburua lortzearekin.

Dena den, talde immunitatea lortu ote litekeen ere zalantzan jartzen hasia dago. Batetik, 12 urtez azpikoak txertatu ezean, populazioaren zati handi bat berez immunizatzera itxoin beharko litzatekeelako —basoaren irudiarekin jarraitzeko, adin tarte zabal bat txertatu gabe egotea sugaia da basoko sutearentzat, eta hori gertatzen ari da gazteekin orain—; bestetik, portzentaje txikiak badira ere, herritar batzuek ez dituztelako txerto horiek jarri nahi; gainera, 12 urtez azpikoak txertatzeko planik ez dagoelako; eta, azkenik, txertatuen arteko portzentaje bat ere kutsatu litekeelako, nahiz eta, gehienetan, gaitzak gutxiago erasan. Txertaketa uniformea ez izateak ere eragina du: auzo bat txertatzen ez bada,hori ere sugai da sutearentzat; eta kontinente bat txertatzen ez bada, are gehiago. Suteak zabaltzen jarraituko du eremu zabalak sugai dituen bitartean. Eta sua bakartzeko helburu horretan, ezin dira testak ahantzi eta estrategia guztia txertoen mende utzi, testak ere behar direlako sua non pizten ari den jakiteko eta lehenbailehen hesitzeko.

Txertatze kanpaina hasi zenean, pentsatzen zen populazioen %60 edo %70 txertatzera iritsiz gero lortuko zela talde immunitatea, su-ebaki bat egingo zitzaiola birusari, eta transmititzeko ezintasunak sortuko zitzaizkiola. Baina azkenaldian adituak planteatzen ari dira talde immunitatea lortzeko agian herritar guztien %80 edo beharbada %90 txertatu beharko ote liratekeen.

Birusaren mutazioak dira kezka horren gakoetako bat. SARS-CoV-2aren lehen bertsioa baino %50 bat aldiz errazago kutsatzen da Alfa mutazioa (Ingalaterrakoa); eta azken hori baino %60 bat aldiz errazago zabaltzen da Delta (Indiakoa). Egunotan Euskal Herrian izan diren agerraldien gisakoekin, jende gehiago jartzen da birusarekin kontaktuan, azkarrago transmititzen da, suak indarra hartzen du, eta basoko eremu berriak erretzeko arriskua hartzen du; agian, baita ustez babestuak zeuden eremuak ere —asteon jakin da Kataluniako 50 zahar etxetan sartu dela ostera birusa, txertatuak daudenez indar gutxiago duen arren—. Transmisioa zenbat eta handiagoa izan, gainera, birusak mutazio gehiago sortzeko aukera gehiago ditu —Indian Delta Plus aldaera berriaz hizketan hasiak dira—.

Anthony S. Faucik, AEBetako Gobernuaren osasun aholkulari eta immunologoak duela gutxi esan du ez dela komeni %70eko helmuga horrekin obsesionatzea: «Jendea nahasten ari da, eta pentsatzen ari da kutsatzeak ez direla jaitsiko talde immunitatearen maila mistiko hori lortu arte. Horregatik utzi diogu talde immunitatearen kontzeptua modu klasikoan erabiltzeari. Ahaztu hori segundo batez: jende gehiago txertatu ahala, kutsatzeak gutxitu egingo dira». Portzentajeei hainbesteko arreta eman gabe, txertoak jartzen jarraitu behar dela, alegia.

Talde immunitatea ez da iritsiko, ez berehala edo pentsatzen zen moduan behintzat. Oraingoz ez da izango SARS-CoV-2 birusa erabat bukatu dela esateko egunik; ezta %70era iritsita ere —are gutxiago Jaurlaritzaren metodologiaren arabera %70era iritsitakoan—. Beste jokaleku bat eratzen ari da: sutearen hedapena moteltzeko eta kalteak txikitzeko modua ekarri dute txertoek, eta, kolpez COVID-19a desagerraraziko ez badute ere, kontrolpean eduki ahalko litzatekeen egoera baterako baldintzak sortzen ari dira. Baina bidea luzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.