Endika Barrenetxea. Oriamendi 2010eko erremontista

«Oso burugogorra naiz: ez nion irabazten utzi nahi gaitzari»

Final handi batean Urrizari irabazi, eta buruz buruko txapelduna da larunbataz geroztik. Hori, baina, ez da Barrenetxea IV.aren borroka bakarra, hesteetako Crohnen gaitzari aurre eginez iritsi baita eliteko pilotara.

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Txapelaren poza gainetik kendu ezinda dabil Endika Barrenetxea (Hernani, Gipuzkoa, 1990), etaapurka ari da sakelako telefonoan zituen 180 solasaldiak erantzuten. Ospakizunen ondoren astelehenean ospitaletik buelta egin, eta egun gutxi batzuetarako irten da Euskal Herritik. Hala ere, bihar berriz ere Galarretan izango da, titulua estreinatzen.

Ikusi al duzu finalaren bideoa?

Bai, igande goizean ikusi nuen, altxatu berritan. Urduri jarri nintzen. 25nakoa, ni etxeko sofan, eta bihotza gogor taupadaka. Zer gertatuko zen jakin, eta ezin lasai egon! Erdi saltoka, eta azken tantoan, malkotxoa eta guzti. Jokatzen baino urduriago agian.

Finalaren zati handi-handiena atzetik egin zenuen. Gero, hainbatetan jarri zinen tanto batera, eta ezin izan zenuen Urriza pasatu. Mentalki gogorra izan zinen.

Zerbait goraipatu beharko banu, ez etsi eta segitzeko izan nuen ahalmena da. 7-2 irabazten hasi, eta gero 15-10 atzetik egon nintzen. «Endika, ez etsi», esaten nion neure buruari. Banekien pasatu nezakeela, eta konfiantza eman zidan. 25nakoarekin, ikusi nuen aurretik jartzen banintzen haren gain eroriko zela presioa. 27. eta 28. tantoak nire sake onenak izan ziren, hein handi batean konfiantza horregatik.

Urrizari irabazteak berezi egiten al du txapela?

Azken hamarkadako buruz buruko jokalari onena izan da. Berezia da txapela, bai, baino gehiago arlo pertsonalarengatik. Binakako lehen txapela harekin irabazi nuen, eta, harrezkeroztik, pila bat irakatsi dit: lagun, kide, prestatzaile... Dena izan da. Txapel hau hein handi batean berari esker irabazi dut. Lagun minak gara.

Urrizak esan zuen zu zarela Oriamendiko koadroan dagoen profesional handiena.

Eskertzeko moduko hitzak dira. Aitak-eta metodologia bat erakutsi dit txikitatik, gauzak lortzeko lan egin eta orduak sartu behar direla, eta nik sartzen ditut. Erremontean iruditzen zitzaidan bazegoela hutsune bat prestaketan, ez fisiko mailan, baizik eta xisterarekin. Esaterako, finaleko astean ni egunero joan nintzen pilotalekura. Fisikoa askok lantzen dugu, baina saskiari ordu gehien eskaintzen dion pilotaria segur aski ni izango naiz.

Txapela irabazi eta bi egunera, ospitalera.

Banekien hala izango zela. Tratamendua irailaren 16an zegokidala ikusi nuenean pentsatu nuen lehen gauza izan zen: noiz da buruz buruko finala? 14an, bale, ados. Beldurrez egon nintzen azken astean. Nik Crohnen gaitza betidanik izan dut gorputzean, baina une jakin batean piztu zen arte ez nuen nabaritzen. Eta nigan piztu zen Urrizaren aurka jokatu nuen aurreko finalean, 2016an. Tentsio maila hura, estresa... Etxean denok garbi ikusi genuen: hainbesteko presioa sumatzen nuen nik, gaixoarazi nuen nire gorputza. Eta, orain, hiru urte geroago, antzeko egoera batean, ez nekien nola erreakzionatuko zuen. Beldurra nuen piztaldia izango nuen: ezin duzu jan, sistema digestiboa gelditu egiten da, odoljarioak dituzu... Beldur nintzen, baina banekien aldendu behar nuela, bestela beldur horrek eragingo zidan piztaldia. Bikotekidearen laguntzaz, etxean lasai, kontrolatu egin nuen. Baina zergatik orain kontrolatu dut eta 2016an ez? Nire iritzia dut. 2016an finalera iritsi nintzenean, nik ez nuen neure burua ikusten Urrizaren alboan. 'Nik ez nuke hemen egon beharko'. Horrelako burutazioak ziren; ez nekien merezi nuen. Orain ezberdina izan da. Hiru urteko hainbesteko sufrimenduaren ondoren, nik merezi nuen hor egotea. Oso garbi nuen.

Nola uztartzen duzu gaitz kroniko bat eliteko kirolarekin? Zu egunero entrenatzen zara.

Baditu bere konplikazioak. Elikadura kontu handiz zaindu behar dut; intolerantzia asko ditut. Hasieran 14 kilo galdu nituen. Partida bat bukatu, eta aldagelan konortea galtzeko zorian egon nintzen. Ospitalean bukatu nuen. Hasieran ohartu nintzen lehenbizi arlo psikologikoa konpondu behar nuela. Burua ondo egon arte ezingo nuen beste guztia zuzendu. Barne borroka latza izan nuen. Zorionez, garai hartan Eugenio Rodriguez Donostiarra traineruko prestatzailea denarekin hasi nintzen lanean. Lan handia egin nuen, nire entrenatzaile eta nire psikologoa da. Mediku batzuek esan didate eliteko kirolik ez egiteko, gaixotasun honekin ez dela komeni, kontuz ibiltzeko... Ni orain ondo banago, hein handi batean medikuengatik nago ondo, baina baita nik aurre egin diodan moduagatik ere. Gaixotasunak kontu pertsonalak dira, eta nik garbi nuen ez niola utzi nahi ni mugatzen. Gaitza izan aurretik baino pilotari hobea izan nahi nuen, eta lortu dut.

Zenbatero duzu tratamendua?

Bi hilabetean behin. Hiru bat orduko tratamendua da. Litro erdi medikamentu sartzen didate, beti odolean dudana. Botika biologiko bat da, nolabait bizirik dagoena, eta horrek eragozten dizu beste edozein botika hartzea. Ez dakizulako nola erreakzionatuko duen. Medikamentu guztiak debekatuak ditut, eta edozer gauza gertatzen zaidanean ospitalera joan behar dut.

Erremontea uztea iradoki zizutenean nola hartu zenuen?

Egia esan, burugogorra naiz, eta ez nion gaitzari irabazten utzi nahi. Esaten zutena esaten zutela, banekien erremontean saiatuko nintzela. 'Ospitaleratu beharko nauzue ez jokatzen jarraitzeko', esan nien. Garbi nuen gaixotasunak ez zuela irabaziko. Garai iluna izan zen, baina denbora guztian badago argi txiki bat ikusteko aukera. Eugeniori, etxekoei, eta bikotekidearen babesari esker lortu nuen. Jende horrengatik ez balitz, ez nuen lortuko.

Tratamendua aurkitu arteko tartea ez zen gozoa izango.

Lehen sei hilabeteetan milaka proba egin zizkidaten. Zer den behin aurkituta, lasaitu txiki bat hartzen duzu, baina hurrengo fasea are gogorragoa da: botikak probatzea. Hasieran hamalau pilula eman zizkidaten eguneko, lau egunez. Hark kalte egin zidan, eta astebete ospitaleratu ninduten. Hurrengo tratamendua bederatzi pilula ziren, eta bi egunera, ospitaleratuta. Gero, sendatzeko, kortikoideak, baina haiek gorputz osoa izorratzen dute. Gero antzeko beste bi tratamendu... baina hainbeste pilula hartzean, nire gorputzak intolerantzia sortu zuen. Gero hasi nintzen tratamendu biologikoarekin. Nire sistema immunologikoa deuseztatzen duena. Nire gorputzak infekzio bat badu, ez dio aurre egiten; zauri bat eginez gero, infekzio arriskua dut; txertoak ezin ditut hartu... eta gauza asko. Crohnen gaitzak hesteko flora deuseztatu eta kolapsatu egiten du, eta ultzerak sortzen dizkizu. Ziklo bat da, gauza batek bestea eragiten du.

Beste gaixo batzuk jarri al dira harremanetan zurekin? 3000tik gora zarete Euskal Herrian.

Nik gaitzari buruz hitz egiten dut jendeak ikus dezan ez diodala uzten nire bizitzaren jabe egiten. Sare sozialen bitartez, jendea nirekin harremanetan jartzen da, eta beren kasuak kontatzen dizkidate. Ni animoak ematen saiatzen naiz, dakidana azaltzen. Medikuengan konfiantza izateko, barne azterketak egiteko... Duela urtebete aita batek idatzi zidan Bizkaitik, 9 urteko semea puntista zuela, nire gaitza diagnostikaturikoa, eta nahiko zuela hark ni ezagutzea. Galarretara gonbidatu nituen jaialdi bat ikustera, eta egun hartan partida galanta jokatu nuen. Urrizaren kontra zen, eta 40-38 irabazi genuen. Sekulako partida jokatu nuen; sasoi betean nengoen. Eta amaitzean umeari esan nion: «Nik zure gaitz bera dut, eta begira nola ibili naizen: ez utzi gaixotasunari gailentzen. Segi lanean, asmatuko dute, eta asmatzen dutenean lan egin. Nik adina lan egiten baduzu, lortuko duzu nik bezala jokatzea». Erakutsi zuen irribarrea... hark bai bete ninduela. Baina tira, badakit Crohnen gaitzak maila ezberdinak dituela, eta guztiok ezberdinak garela.

Zu ondo zaude osasunez, eta Oriamendi enpresa? Zu pilotaria baino gehiago zara egun.

Oriamendiren osasuna ez da nirea bezain ona. Ni enpresarekin konprometituta nago, eta pilotaria baino ez naiz, baina enpresak badaki guztirako nagoela: hedabideekin hitz egiteko, sare sozialak eramateko, bisita gidatuak antolatzeko... Ez dut izan nahi jokatzearekin bakarrik aski duen pilotari bat. Aitak beti erakutsi dit zerbait lortu nahi baduzu lan egin behar duzula, eta nire helburua erremontea aurreko osasunera bueltatzea da. Pixka bat da, nire ustez, euskaldun izaera hori. Beti irabazi ezin den borroka batean sartuta egotea. Zenbat urte independentziaren bila, zenbat bizkarreko jaso, zenbat auzipetu... Eta hor jarraitzen dugu lanean eta lanean. Irabazi ezin dugun kausa batean gaudela dirudi, eta erremontea bat gehiago da.

Nolakoa izan da uda Galarretan?

Positiboa. Iazko udan %7ko igoera izan genuen sarreretan, eta aurten %7 baino gehiago izango da. Nik marketin eta publizitatea ikasi nuen, eta jakinduria hori baliatzen saiatzen naiz enpresan.

Zer moduzko esperientzia izan duzu Galarretara eginiko bisita gidatuekin?

Oso ona; nik gidatzen ditut. Iaz 2.000 pertsona inguruk hartu zuten parte, eta aurten uda hasterako 2.000tik gora ziren. Aurtengo udako jaialdia guztietan, bitan izan ezik, guztietan egon da bisita gidatua. Euskal kulturaren arlo askok inplikazio handia duten pertsona jakin batzuei esker irauten dute, eta nik hor ikusten dut neure burua.

Bere garaian Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskatu zenioten. Orain zein da egoera?

Beste laguntza dei bat egiteko moduan gaude. Bada garaia erakundeek ikusteko bertan lanean ari diren pertsonak Euskal Herriaren kulturaren zati bat babesten ari direla. Militantzia da, eta militantzia horretan babesa behar da. Aurrekoan 150.000 euro izan ziren hiru urtean, eta, orain, eskaera handiagoa da, baina ez diru aldetik: orain, babes instituzionala behar dugu, eta haietako bat gure artean sartzea. Lehen kontaktuak interesgarriak izaten ari dira, eta nahiko bideratuta ikusten dut; baikorra naiz. Badakigu honek azterketa bat behar duela, eta denbora behar dela, baina ezin gara bi urtez egon azterketa horren zain. Urrian zerbait jakitea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.