KRITIKA. Musika

Ahaztutakoa gogora ekarriz

2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Anton Brucknerren 6. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilak 21.

Denboraldia bere abonatu guztiei zabaldu ahal izateko, Euskadiko Orkestrak bikoiztu egin du programa bakoitzeko eskaini ohi zituen kontzertu kopurua. Kasu askotan, programa bera ere bikoiztea eragin du horrek. Duela bi aste, Anton Brucknerren 5. Sinfonia entzun ahal izan zen Kursaalean, eta, oraingoan, 6. Sinfonia ekarri du orkestrak taulara, zuzendari titularra batutan. Izan ere, Bruckner konpositore kutuna du Robert Treviñok: 7. Sinfonia-rekin izan zuen bere debuta Euskadiko Orkestrarekin, eta laugarren aldia da austriarraren sinfonia bat elkarrekin lantzen dutela.

Programa honen bigarren saioa osatzen duen 6. Sinfonia ahaztuena da Brucknerren katalogoan. Bere 3. Sinfonia-ren estreinaldi zorigaiztokoaren ondoren —pertsona gutxi batzuk geratu ziren publikoan hura amaitzean, Gustav Mahler gaztea tartean—, bukatutzat eman zuen lehen sinfonia izan zen, antza, bere perfekzionismo ia patologikoaz une batez askatuta. Haatik, Brucknerrek ez zuen zuzenean entzun, osorik eta jatorrizko bertsioan lehen aldiz 1935ean eman baitzen. Egitura klasikoagoa badu ere, gaien nahasketak orkestran ezartzen duen polifoniak eta erritmo irudimentsuek partitura ausarta eta koloretsua aurkezten dute, eta orkestrak zentzuz bete zuen.

Lehen mugimenduaren handitasunean oreka izan zen nagusi, esaterako, bigarren gaiaren pizzicato-an zein laburbilketaren aurretik datorren crescendo handian, tronpa eta tronpeten parte hartze argitsua barne. Solemnea da Adagio mugimendua, baina hariek eta, batez ere, oboeak sortutako giro aldi berean intimoa eta dramatikoa berreskuratzea zaila izan zen sakelako baten doinua hamar segundoz entzun ondoren, Treviñoren batuta jarraitzeko esperoan. Zorionez, biolek lasaitasuna itzuli zuten Kursaalera azken akordeetan. Scherzo-aren gai motzek jolas iluna ekarri zuten gero zurezko haizeen kolore ederrean, metalen fanfarriak lagun. Finale-an, indarra eta bizitasuna hedatu ziren orkestra osoan, gogoratzeko moduko sinfoniari itxiera sendoa emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.