Mendia. Annapurna, lehen zortzimilakoa

Maurice Herzogen Annapurna

Maurice Herzog eta Louis Lachenal izan ziren zortzimila metrotik gorako garaiera duen mendi bat igotzen lehenak, 1950ean. Herzog zen Annapurnara egindako espedizio arrakastatsuaren lekuko bakarra; abenduaren 13an zendu zen, 93 urte zituela.

2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Badira 62 urte gizakiak zortzimila metrotik gorako garaiera duenmendi bat lehen aldiz igo zuenetik. Maurice Herzog eta Louis Lachenal mendizaleek lortu zuten, eta alpinismoaren historiaren kapitulu garrantzitsuenetako bat sinatu zuten hala. Herzog (Lyon, Frantzia, 1919) zen orain gutxi arte espedizio horretako kideetatik bizirik zegoen bakarra; abenduaren 13an zendu zen, 93 urte zituela.

Annapurnak du igotako lehen zortzimilakoa izateko ohorea. Gaur egun, igotzen saiatzeak duen arriskuagatik da ezaguna Annapurna, eta ez du ospea nolanahi lortu. Garaierari erreparatuta altuena ez den arren, 4.000 metroko desnibela du behe kanpalekutik tontorreraino, eta elur-jausi arriskua oso handia izaten da mendiaren hainbat eremutan. Tontorrera mendizale gutxien iritsi den mendia ere bada. Horren arrazoietako bat gertatutako istripu eta ezbeharrek alpinisten artean sortu duten errespetuari zor zaio; estatistiken arabera, igotzen saiatzen diren mendizaleen %40k galtzen dute bizia bertan.

Datu horiek kontuan hartuta, ez dirudi lehen zortzimilakoa egiteko mendi eskuragarriena denik; Herzogek eta haren taldeak, ordea, ez zuten gaur egungo informaziorik. Hasiera batean, Dhaulagiri (8.167 m) igotzea zen espedizioaren helburua, baina zituzten krokisen zehaztasunik ezak eta mendiak berak sentiarazitakoek atzera bota zuten asmoa.

Orduan, bizilagun duen Annapurnara joatea erabaki zuten. Baldintzak eta mendizaleen sentipenak mendi batetik bestera asko aldatu ez baziren ere, denbora amaituz zihoan, bai baitzekiten Bill Tilman eta haren taldea inguruan zebiltzala, lehen zortzimilakoa igotzeko borrokan.

Borroka hori ez zen soilik alpinisten artekoa, ordea, nazioen arteko lehia zantzuak ere nabariak ziren. Bada, lehen zortzimilako mendia frantsesek igo behar zuten, horiek izan baitziren alpinismoaren sortzaileak. Frantzia ez zen bere garairik onenean orduan, Bigarren Mundu Gerrak eragin handia izan baitzuen lurralde osoan. Hori aipatzen zuen Herzogek, beste batzuen artean, Annapurnaren gailurrera iristeko indarra eman zion arrazoietako baten moduan.

Igoera azkarra

Hainbat jatorritako hogei espediziok nahi zuten igo lehen zortzimilakoa; Herzogek eta haren taldeak hamar egun baino ez zituzten behar izan. Herzog bera, Lachenal, Lionel Terray eta Gaston Rebuffat ziren altueran lan egiteko arduradunak. Herzog izan ezik, beste hirurak mendiko gidari profesionalak ziren, eta orduko alpinista onenetarikotzat jotzen ziren.

Ang-Tharkeyk gidaturiko xerpa talde bat ere aritu zen mendizaleei laguntzen, eta, Herzogen arabera, gailurrera igotzeko aukera ere eskaini zieten beste espedizio askotan ez bezala; ez zuten igo nahi izan, ordea, gailur sakratua baitzen haientzat: Ugalkortasunaren jainkosa.

Herzog eta Terray izan ziren bidea ireki eta kanpalekuak jartzeko arduradunak; Herzogek gailurrera iristeko erasoan Terray nahi zuen bidelagun. Terray, ordea, ez zuen bere lorpen pertsonalak arduratzen gehien, espedizio osoaren funtzionamendu onak baizik. Azken kanpalekuan zeudela adierazi zion Herzogek Terrayri berarekin iritsi nahi zuela gailurrera; baina, Terray ezin zen egun osoan geldirik egon Herzogek atseden hartzen zuen bitartean, eta materiala garraiatzera atera zen.

Azkenean, Herzogek Lachenalekin batera bukatu zuen azken kanpalekuan, Terray eta Rebuffat beherago zeudelarik. Hurrengo goizean aurkitu zituzten gailurrera iristeko baldintza onenak, eta Herzogek eta Lachenalek egin zuten igotzeko saioa. Ekainaren 3an iritsi ziren Herzog eta Lachenal gailurrera. Lachenalek, bere gidari senari kasu eginez, gailurrera igo aurretik buelta eman nahi izan zuen, baina Herzogen egoskorkeriak gora bultzatu zuen, kidea bakarrik ez uztearren.

Beherako bide gogorra

Garai hartako materialen kalitatearen eskasiak eta Herzogek beherako bidea hartzean eskularru bat galdu izanak hotzaren eragina areagotu zuen, eta mendizaleei izozteak sortu. Lachenal azkar jabetu zen egoeraz, eta gailurrera igo bezain laster esan zion Herzogi beherako bidea hartu behar zutela. Herzog, berriz, argazkiak egin eta egin aritu zen, Lachenalek bakarrik beherako bidea hartu eta jarraitzera behartu zuen arte. Lehenengo gaua Terray eta Rebuffatekin batera eman zuten azken kanpalekuan, baina hurrengo egunean ari zuen elurrak galarazi egin zituen mendizaleak, eta zartada batean eman zuten bigarren gaua laurek, lo zaku bakarrarekin.

Herzog, Lachenal eta Rebuffat ez ziren ibiltzeko gai, eta xerpek eraman behar izan zituzten gainean. Bidean, Jacques Oudot medikuak oinetako behatzak moztu behar izan zizkien Herzog eta Lachenali; baita eskuko hatzak ere lehenengoari. Ekainaren 5ean iritsi ziren beheko kanpalekura, eta handik hilabete eta erdira iritsi ziren Frantziara. Terray izan zen etxera zutik eta bere kabuz iritsi zen bakarra, eta argi utzi zuen espedizio osoan zehar indartsuena izan zela, gailurra zapaldu ez zuen arren.

Espedizio horren ostean, alpinismoa utzi egin behar izan zuen Herzogek, izozteek eragindako kalteengatik, eta politikari moduan jardun zuen orduz geroztik. Espedizioa kontatzen duen liburu bat ere idatzi zuen: Annapurna, premier 8.000. Alpinismoaren literaturan gehien salduriko liburua da, eta orduko generazio berriengan eragin handia izan zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.