Libia. Sirteko setioa

Bost urteren ostean errautsetatik sortu ezinik dabil Libia

Herrialdeko egoera «larriari» irtenbidea aurkitzeko Parisen egindako bilerak ez du eman fruiturik. Tripoliri eskatu diote Haftar jenerala Batasun Nazionaleko Gobernuan onartzeko

2016ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Libiaren egonkortasuna txikot mehe baten gainean dabil dantzan. Urriaren 20an bost urte beteko dira, adar askotako milizia talde batek Muammar Gaddafiren gobernua eraitsi zuenetik—NATOren esku hartzearen laguntzarekin—. Geroztik, herrialdea berreraiki ezinik dabil, gerrakeragindako kaosak jota eta amildegira erortzeko zorian. «Egoera larriari» argi apur bat eman nahian, nazioarteko hamalau estatutako ordezkariak bildu ziren herenegun Parisen, baina, oraingoz, ez dute iragarri neurririk adostu duten ala ez. Are gehiago: askok nabarmendu dute bilerak huts egin duela. Korapiloak hari bat baino gehiago ditu Libian, eta nekez lor daiteke hura askatzea hari bakarretik tira eginez. Halaxe salatu zuen Federica Mogherini EB Europako Batasunaren atzerri politikarako buruak bilkuraren ostean, Jean-Marc Ayrault Frantziako Atzerri ministroak ez baitzuen Libiako ordezkaririk gonbidatu bilerara. Ez NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako GNA Batasun Nazionaleko Gobernuko agintaririk, ez Tobrukeko gobernukorik. AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania,EB, Egipto, Turkia etaSaudi Arabiako ordezkariak izan ziren bileran, besteak beste.

Egun GNA eta Tobrukekoa dira Libiako bi gobernu nagusiak, GNC Salbaziorako Gobernuarekin batera, nahiz eta gaur egun oso mugatua izan GNCk herrialdean nahiz atzerrian duen eragina. Bost hilabete igaro dira NBEren babesarekin Fajez al-Serraj presidentearen GNA ezarri zutela Libian, eta, ordutik, Abu Sittako itsas basean du presidentetza kontseilua, Tripoli kanpoaldean. Herrialdearen beste muturrean dago Tobruk, eta hantxe du egoitza Ordezkarien Ganberak. Kahifa Haftar jeneralak zuzentzen duen armadak babesten du Tobrukeko gobernua eta herrialdearen ekialdeko Cyrenaica eskualde ia osoa kontrolatzen du.

Egoera baretu nahian, Frantziako Gobernuak eskari zuzenaegin dio Tripoliri, Hafter jenerala Batasun Nazionaleko Gobernuan onartzeko. Bilerara joandako gainontzeko nazioarteko agintariek ere babestu egin zuten proposamena. Denbora da GNAk gobernua osatuta izan beharko zukeela, baina orain arte ez da gauza izan. Horretan eragin zuzena du Ordezkarien Ganberaren jarrerak, ez baitio legitimitaterik ematen Tripoliri; abuztuaren 22an ganberan egindako bozketan GNAk ez zuen konfiantza mozioa gainditu. EBk maiz leporatu die Tobrukeko gobernuari eta GNCri oztopoak jarri izana GNAri, eta, hori argudiatuta, joan den ostiralean zigorrak ezarri zizkien hango hiru agintariri —galarazi egin die Europarako sarrera—.

Bat egiteko interesik ez

Hala ere, orain arte Haftar jeneralak interes gutxi agertu du GNArekin bateratzeko. Haren jarrera oso ezkorra izan da GNArekiko, batez ere Tripoliko gobernuak hainbat miliziari emandako babesagatik. Bost urteren ostean, bi gobernu nagusiek borrokan jarraitzen dute boterearen eta petrolio baliabideen kontrola eskuratzeko, sarri bando batetik bestera aldatzen diren milizien laguntzarekin. Bitartean, talde jihadistek —bereziki, EIk—, beren eragina zabaltzea lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.