KRITIKA. Antzerkia

In eta Ni

Maite Aizpurua, Matxalen de Pedro eta Xanti Agirrezabala. HORMAN POSTER.
Agus Perez.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun

'Souvenir'

Konpainia: Horman Poster. Testua eta dramaturgia: Kolektiboak. Zuzendaritza: Igor de Quadra. Zuzendari laguntzailea: Jon Ander Urresti. Soinu-espazioa: Asier Renteria. Eszenografia: Miriam Isasi, Igor de Quadra. Jantziak: Alberto Sinpatron. Argiak: Arantza Flores. Agerpen birtuala: Igor de Quadra. Kolaborazio berezia: Galder Perez, Ane Zabala. Antzezleak: Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Matxalen de Pedro. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 10.

Ikusle asko irrikan zeuden Horman Poster kolektiboaren azken sorkuntzaren zain, Antigone edo ezetzaren beharra haren ostean (Ikusleen Saria Azpeitiko Euskal Antzerki topaketetan 2020an eta Donostia Antzerki Saria 2022an). Kolektiboa 2010ean sortu zuten Matxalen de Pedrok eta Igor de Quadrak antzezlan berritzaile eta esperimentalak sortzeko, eta azken urteotan Dantzerti eskolako graduatu batzuk integratu dira taldean.

Oraingo honetan, alboan utzi dute Antigone haren izaera historizista berritzailea, eta nerabe zein gazteengan zentratu den proposamen bat ekarri digute. Komeria estralurtarra jarri diote izenburutzat komedia agian?, eta horretan datza ikusi berri dugunaren muina. Kontua da komedia estralurtar honetan esperimentu baten bidez entseatuko dutela hiru lagunek Lurraren antzeko planeta baten esplorazioa, eremu batean itxita eta une oro monitorizatuak izanda.

Xede horri begira, meteorito handi batek presiditu du eszenako eskuma aldea, eta ezkerrean espazio-modulu baten antzeko egitura bat ikusi dugu. Ustezko esperimentuari sinesgarritasuna emateko, bideo-kamera batek grabatu omen du dena, nahiz eta ustez hartutako irudiek ez diren gero ezertan erabili. Bestetik In eta Out zekartzan argizko karteltxoa erabili dute askotan, eta In buruz behera jarrita, Ni irakurri dugu, planteamenduari nolabaiteko zentzua emanez.

Zuhaitz batek ere hartu du une batzuetan protagonismoa, eta eukalipto izendatu dute, lehen begiradan behintzat horren itxurarik izan gabe, baina izendapen horrek joko polita eduki du emanaldian zehar —beste kontu askok bezala—, batez ere kontuan izanda proposamenarekin batera mediazio programak dituztela aurreikusita, antzezlana zipriztintzen duten gai askotarikoak ikasleekin lantzeko: Antropozenoa edo Kapitalozenoa, gizateriaren ondarearen geroa, unibertsoan dugun rola...

Gai potoloak gero, umorez aurkeztu direnak, era kaotikoan eta interpreteen gazte-energia soilean bermatuta azaldu diren arren. Nik behintzat nahiago nukeen estetika landuagoa agertu izana, eta faltan izan dut antzezleen barne-dentsitatea, baina momentuz proposamenaren freskotasuna eta gazteekin gaiok jorratzeko asmoa txalotuko ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.