Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Koloretan oparo

Amilibia eta Hontoria, artxiboko irudi batean. SILBOBERRI.
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

SilboberriTxistu Elkartea

Zikloa: Musika garaikideko zikloa. Taldekideak: Aitor Amilibia (txistua), Jose Antonio Hontoria (akordeoia), Elur Arrieta (perkusioa). Egitaraua: C. Villasol, C. Camarero, V. Garcia, F. Ibarrondo eta J. Torreren obrak. Lekua: Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak.Eguna: Abuztuak 22.

Musika Garaikideko Zikloaren bigarren kontzertua Silboberri Txistu Elkartearen eskuetan geratu zen; taldea lanean dabil 2000. urtetik txistuaren errepertorioaren hedapenean, sorkuntzan eta bere garapen organologikoan aurrerapausoak egiteko. Oraingoan, txistuan Aitor Amilibiak, akordeoian Jose Antonio Hontoriak eta perkusioan Elur Arrietak osatutako ensemblea taularatu zuten.

Carlos Villasolen Cuatro glosas sobre un canto de pájaro obrak ireki zuen kontzertua. Narrazio sotilean eta imitazio hutsetik aldenduz, lau mugimenduetan perkusioaren joan-etorrien eta txistuak zabaltzen zituen trilloen arteko jolasak txolarrearen kantuaren berezkotasuna gogora ekarri zuen. Perkusioa alde batera utziz, Cesar Camareroren Taupadak denetan erakargarriena eta atseginena suertatu zen, bereziki sumatzen baitzen txistuaren eta akordeoiaren kolorearen garapen sakona. Bien arteko bat egiteak soinu-giro eta progresio aberatsak sortu zituen. Voro Garciaren Bestearen aztarnak obraren erabateko estreinaldia izan zen gero. Amilibiak eta Hontoriak lan zoragarria egin zuten bi instrumentuen baliabideak zabalduz, batuz eta garatuz, obra bera elkarrizketa balitz bezala.

Felix Ibarrondo oñatiarraren lana ohikoa izaten da Silboberrik lantzen duen errepertorioan. Hamabostaldian aurkeztutako Eziñeruntz konposizioa txistuak etengabe errepikatzen zituen nota altuen jaurtiketak gidatu zuen batez ere, akordeoiak, bere kasa, batzuetan bortitzak suertatzen ziren ñabardurak lantzen zituen bitartean. Kontzertuaren itxierarako Joseba Torreren Kantuz elkartuz obrak hiru musikariak batu zituen oholtzan. Bi perkusionistak interpretatzeko sortua izan arren, bakar batek interpretatzeko murrizketan eskaini zen. Arrietaren lana ez zen, haatik, nolanahikoa izan: aurrean zuen partitura bizitasun handiz haragiztatu zuen, erritmo eta kolore anitzez betea. Amilibiak, bestalde, txistuari erantsitako sordina lagun, maiz bigarren mailan sailkatzen den instrumentu horren aukera zabalen erakustaldia egin zuen, tinbre berezia lortuz. Histrionismotik urrun, txistuaren unibertsoa ere hedatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.