Etxealditik Euskaraldira (IX). Internet.

Kontzientziazioan azpimarra jarriz

Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariaren ustez, «eremu bizietan» dago presente euskara. Ohartarazi du erabiltzaileen hizkuntza hautuak «zer garrantzi duen ingurune digitalean». Publizitate ereduari eta adimen artifizialeko gailuen hizkuntzari eragin diezaioke.

Josu Waliñoren iritziz, egongo dira itxialdian lehen aldiz euskarazko hedabideetara heldu direnak eta horiek «kontsumitzen» jarraituko dutenak. J. C. RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Euskarak Interneten duen osasunaz galdetu Josu Waliñori (Zumaia, Gipuzkoa, 1972), eta diagnostikoa da presentzia «aktiboa» duela eremu askotan, «eremu bizietan». Datua ere eman du Puntueus fundazioko zuzendariak: 25.000 bat webgune daude euskarazko edukia jasoa dutenak. Baina uste du txanponaren beste aldeari ere begiratu behar zaiola. Euskal Herrian 200.000 bat webgune daude. Ondorio batera heldu da, beraz: «Euskal Herriko Interneten euskarak duen presentzia kalean duen erabilerarekin parekoa da». Hau da, %14ren bueltakoa. Waliñok pentsatzen du sarean oraindik ere «presentzia askoz ere hobea» izan beharko lukeela euskarak.

Ekosistema digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izateko lan egiten du fundazioak, eta zuzendariari iruditzen zaio «erabiltzaileengan» jarri behar dela arreta. «Lan luzea dugu egiteko. Gizarte gisa kontzientzia hartzea falta zaigu oraindik». COVID-19aren krisiak eragindako itxialdian %40 hazi da euskarazko hedabide digitalen audientzia, adibidez. Horrek ekar dezake jendea «behingoz» ohitzea euskaraz ere kontsumitzera sarean. «Behin joera batzuk hartuta... Egongo dira lehen aldiz euskarazko hedabideetara orain heldu direnak, eta ezagutu duten hori kontsumitzen jarraituko dutenak».

Eta horrek bideratu beharko luke, Puntueuseko zuzendariaren iritziz, Interneterako«publizitate ereduak aldatzea», adibidez. Alegia, «Googlek eta halakoek» kudeatzen dituzten ereduek kontuan hartzea euskarazko hedabideak, badutelako presentzia eta trafikoa. «Garrantzitsua izango litzateke geroz eta eduki gehiago egotea euskaraz geroz eta kontsumo handiagoa dagoelako, eta presentzia horrek izatea kontrapartida».

Kontzientziazioan jarri du azpimarra. «Erabiltzaileak ez gara ohartzen hizkuntzak zer garrantzi duen ingurune digitalean».Hautu jakin bat egitearen garrantzia nabarmendu du. Adibidez, sakelakoa euskaraz edo gaztelaniaz jartzea, edo gauza bera egitea ordenagailuaren nabigatzailean. «Jendearentzat ez da garrantzitsua, nahiko gardena egiten zaiolako bat ala bestea, baina ez dugu ikusten horrek mezu bat transmititzen diela ingurune digitaleko eragileei». Halako erabakiei garrantzirik ez emateak, kasu horretan, esaterako, euskararen aldeko hautua ez egiteak ondorio bat ekar lezake: «Erabiltzen ez denez, irits daiteke momentu bat existituko ez dena; hau da, euskara tresna horietan izango ez duguna».

Ideia berean sakonduz, adimen artifizialeko gailuei ere erreparatu die; esaterako, Alexari eta Google Homeri. «Etxe guztietara iritsi dira, eta horiek ez daude euskaraz. Guk, gure seme-alabek, erdaraz egiten diegu, eta erdaraz erantzuten digute. Hor euskara egotea ezinbestekoa da». Alde horretatik joera «kezkagarria» dela uste du. «Eskaintza nagusia multinazionalen esku dago, eta erabiltzaileok kontzientzia hartu behar dugu aktibo izan behar dugula euskara presente egoteko».

Kontrako bidea egiten

Puntueuseko kideek ikusi dute azken asteetan euskaraz eduki asko sortzen ari direla sarerako; batez ere, kultur arlokoak. Baina mezu bat eman nahi dute. «Sare sozialetarako propio ari gara edukiak sortzen: Instagramerako, Facebookerako... Eta horrek duen ondorioa da eduki asko desagertu egiten direla, ez dutela iraupenik sarean. Ez da webgune batean argitaratzen duzunean bezala», azaldu du Waliñok. Haren esanetan, askoz ere egokiagoa da eduki guztia webgune batean sortzea, eta ondoren, nahi izanez gero, partekatzea. «Kontrakoa egiten ari gara: edukia, nolabait, zuzenean ibaira botatzen. Eta hori korronteak eramaten du». Zehaztu nahi du bidearen noranzko hori ibilita edukia «multinazionalen jabetzapean» uzten dela edukia.

Euskararen sareko presentzian .eusdomeinuaren bidez eragiteko sortu zuten Puntueus 2014ko abenduan. Waliñoren aburuz, «hainbat eremutan» eragin dute urteotan. Batetik, «aitortzan», lortu delako «nazioarteko Interneten» euskara kokatzea. Bestetik, hizkuntzaren erabilera «sustatu» duelako. «Hainbat eragilek, hainbat enpresak domeinu aldaketa bat egiteak eragiten du haien webguneetan euskara txertatzen hastea halabeharrez». .com helbideak .eus bihurtuz «lehen urrats bat» egiten da euskararekin konpromiso bat adieraziz. «Bigarren urratsa da gutxienez euskara integratzen hastea».

Oraintxe, 10.500 bat webgunek erabiltzen dute .eus domeinua. Fundazioak 2018 hasieran argitaratutako azterketa baten arabera, Euskal Herrian dauden webguneen %49k .com domeinua dute; %25ek, .es; eta .eus-ek hirugarren tokia partekatzen du .eu-rekin (%3). Waliñok adierazi du mundu mailan .com dela nagusia, «alde handiarekin», eta bigarrena «beti» izaten dela «estatu horretakoa». Epe laburreko helburutzat du hirugarren tokian «nolabaiteko hegemonia bat» lortzea. Eta aurrera begirako erronka bat ere jo du: euskarazko edukiak jasotzen dituzten 25.000 webguneek .eus helbidea edukitzea.

Bitartean, «industriaren ikuspegitik» garatutakoa izan beharrean euskaratik garatutako estrategia digital baten falta sumatzen du. «Estrategia horrek alor guztiak hartu beharko lituzke: eskaintza teknologikoa; edukiena; erabiltzaileen eskaria; eta zeharkakotasuna».

Bihar: Euskaltegiei buruzko erreportajea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.