Noiz sortua: 2020-04-24 00:30:00

Etxealditik Euskaraldira (IV). Haur eta nerabeak. Maite Asensio Iparragirre. Urtxintxako koordinatzailea

«Haurrek ikusten dutena egiten dute»

Umeen hizkuntz ohiturak gurasoengandik hasten direla uste du Urtxintxako koordinatzaileak. Nerabeei, berriz, erabakimena eman behar zaiela. Itxialdian euskaraz jolasteko aholkatu du.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko apirilak 24

Umeei jolas librerako tarte gehiago utzi behar zaiela dio Maite Asensio Iparragirre (Tolosa, Gipuzkoa, 1980) Urtxintxako koordinatzaileak: «24 ordu etxean sartuta gaude, eta ari gara ordu guztiak betetzeagatik betetzen». Haurrekin euskaraz jolastearen garrantziaz ohartarazi du, baina uste du ez dela nahikoa gurasoak umeekin euskaraz aritzea. Euskaldunak diren gurasoen kasuan, eredu izan behar dutela uste du: «Hausnarketak helduen aldetik etorri behar du».

Umeak etxetik atera ezinik daude oraingoz, eta aurrerantzean ere denbora gehiena etxean pasatuko dute. Zer jarduera egin daitezke haiekin etxean?

Leku pila batetik iritsi zaizkigu proposamenak, eta lehenengo bi asteetan informazio gehiegi ere bai, esango nuke: bazeuden bideoak gauza guztien inguruan, eskulanak... etxean egiteko jarduera pila bat. Gurasoek hartu dute momentu honetan irakasle rola, eskulan edo arte tailerretako irakasleak ere badira, sukaldaritzakoak... Denetarik ari gara eskatzen gurasoei, baina gauzak lasaiago hartu beharko genituzke. Garrantzitsuena da jarduerak ongi aukeratzea haurrari gustatzen zaionaren arabera, ez orduak betetzea betetzeagatik. Denak ez du balio denontzat.

Saturazio bat dago?

Bai. Ikusten da gainkarga moduko bat: denak ekintzak eta gauzak egiten. Edo sare sozialetan hori erakutsi nahi dugu, behintzat... Badirudi etxean egotea tokatzen zaigulako momentu guztiak bete behar ditugula, eta ulertu behar dugu haurrek besterik gabe lasai egoteko aukera ere eduki behar dutela. Gero, dauden jarduerak oso jarduera gidatuak dira, eta haurrei ez diegu ematen hainbesteko tartea beren imajinazioarekin gauzak sortzeko, jolas librerako. Haurrak kalean dabiltzanean parke batean jolasten, jolas libreak, haiek hautatuak eta libreki sortuak hartzen du pisu handia, baina, orain etxean daudela, dena jolas antolatua da, eta hori nekagarria da haurrentzat.

Jarduera asko pantailekin lotuta daude. Kaltegarria da?

Alde horretatik lasaitasuna behar dugu. Seguru pantailen presentzia pila bat handitu dela egun hauetan, baina ulertu behar dugu alde horretatik ere malguak izan behar dugula, eta haurrak entretenitzen baldin badira inoiz baino denbora gehixeago pantaila baten aurrean, ez diogula horri ere izugarrizko garrantzia eman behar: momentu honetan, gauzei bere neurria eman behar zaie.

Jardueraren bat antolatzekotan, nolakoa lehenetsiko zenuke?

Haur guztiak oso ezberdinak dira, eta bakoitza gauza batek betetzen du, baina garrantzia emango nioke mugimenduari. Oraintxe, dena da sorkuntza moduko zerbait, helburu duena zerbait egin eta horrekin zerbait lortzea, eta ahaztu egin gara kalean egiten genituen jolasekin. Abesti eta korro jolasak, edo ezkutaketan jolastea, etxean zirkuitu moduko bat sortu eta hori egitea... Kaleko jolas horiek egokitu daitezke etxera: oso egingarriak dira.

Jolas horietan, hizkuntza nola landu daiteke?

Betiko jolas horiek dira egokienak hizkuntza lantzeko. Euskarazko abesti jolas bat aukeratzen badugu, adibidez —gure webgunean pila bat dauzkagu—, ja abestia euskaraz ikasten badugu eta jolasa nola egiten den ikusita, hizkuntza lantzen ariko gara. Hizkuntza aldetik ere garrantzitsuak dira mahai jolasak, karta jolasak... Hizkuntza erabili behar delako jolastu ahal izateko. Hizkuntzarekin jolastekoak ere bai: igarkizunak, hitz debekatua... Badaude jolas mota batzuk hizkuntza bera dutenak tresna nagusia: adibidez, igarkizunak sortzea izan daiteke.

Eta euskaraz ez dakiten gurasoek zer egin dezakete?

Haiek ere haurrengan eragin dezakete: dakiten gutxi hori erabili dezatela. Eta euskarazko baliabide dezente daude oso errazak direnak: abesti motz bat edo lau hitz ikasita euskaraz jolastu dezakete. Saia daitezela gauza horiek bilatzen eta horiek lantzen etxean.

Zer garrantzi du euskaraz jolasteak, zure ustez?

Jolasak euskaraz izanda, haurrak sentitzen du euskara bere bizitzako espazio guztietan dagoela, eta hizkuntza horrekin ere ongi pasatzen duela. Azkenean, etxeko hizkuntza euskara ez baldin bada ere, euskaraz jolasten garenean erakusten diegu euskaraz ere ondo pasa dezaketela, ze bestela eskolako hizkuntzan erortzen gara: eskolako lanak egingo ditugu euskaraz, eta gero jolasa dator gazteleraz. Eta hor euskarak erakargarritasuna galtzen du.

Etxealditik Euskaraldira egitasmoak etxeko hizkuntza ohiturez gogoeta egiteko eta aldatu edo egonkortzeko deia egin du. Nola landu dezakegu hori haur eta nerabeekin?

Haur txikiekin, normalean, mantentzen da euskaraz hitz egitearena, behintzat aukera dagoen etxeetan. Garrantzitsua da etxean egiten ditugun gauza guztiak euskaraz egitea eta batez ere haiei gehien gustatzen zaizkien gauza horiek euskaraz egitea: hizkuntza gauza onekin identifikatzeko.

Gazteei eta nerabeei dagokienez, urteetan ikusi duguna da haurtzarotik nerabezarora hizkuntza aldaketa handia egoten dela, bai nerabeen artean, baina baita familietan ere. Nerabe askok aipatzen dute iristen dela etxean momentu bat modu serioago batean-edo hitz egin beharreko gauzak gazteleraz egiten hasten direna. Izan daiteke gurasoen ezagutzagatik edo ohituragatik. Alde horretatik, nerabeekin edo haurrekin egiten ari garena da: euskara erakusten diegu, baina ez diegu hizkuntza maitatzen erakusten, eta batzuek ez dute oso bere sentitzen hizkuntza. Ez zaie esan behar: «Euskaraz egin ezazue»; sentitu behar dute haiek hautatu dutela hizkuntza horretan egitea. Eta familietatik egiten den transmisioak garrantzi handia dauka horretan, ez bakarrik hizkuntzarenak. Oraindik ez gara jarri nerabeekin hitz egiten zein garrantzitsua den haien eginkizuna hizkuntzaren berreskurapenean. Eta hausnarketa hori ez dugu guk egin behar: haiekin egin behar dugu. Sentitu behar dute haiek egiten dutela hizkuntza hautua, hausnarketa baten ondorioz. Eta gaztelera edo frantsesa hautatzen badute, jakin dezatela horrek zer ondorio izango dituen hizkuntzan.

Ikerketa batzuek diote umeak eragile izan daitezkeela etxeko hizkuntz ohituren aldaketan: gurasoek gehiago hitz egiten dute euskaraz umeen presentzian.

Arazo bat daukagu hor: haurrekin euskaraz egiten dugu, baina gurasoen artean gaztelera izaten da nagusi askotan, nahiz eta guraso euskaldunak izan. Haurrei transmititzen ari garena da haiekin hitz egiteko hizkuntza euskara dela baina helduen hizkuntza —hizkuntza serioago edo garrantzitsuago hori— gaztelera edo frantsesa dela. Hausnarketak helduen aldetik etorri behar du.

Helduek erreferentzia izan beharko lukete?

Bai. Ikusten dira helduak gaztelera hutsez eta haurrak gerturatzean euskaraz. Eta haurra entzunez gero gazteleraz hitz egiten, «Aizu, egin euskaraz!» esaten, baina gero euren artean gazteleraz jarraitzen... Kontraesan askorekin aritzen gara, eta kontraesan horiek haurren agerian uzten ditugu. Eta, noski: haurrek ikusten dutena egiten dute.

Bihar: Mintzalagunei buruzko erreportajea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Alkateak "kutsatze komunitario bat" dagoela esan du.Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna