Etxealditik Euskaraldira (II). Hizkuntz ohiturak. Gemma Sangines. Psikologoa eta hizkuntzan aditua

«Jokaera bat aldatzea ez da hain zaila, irautea da zailagoa»

Sanginesek uste du etxeko hizkuntz ohiturak aldatzeko helburu mugatuak eta lorgarriak jarri behar direla, «kirolean bezala». Etxea saiakerak egin eta ereduak finkatzeko espazio egokia dela dio psikologoak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Psikologoa klinikoa eta kirol arlokoa da Gemma Sangines (1970, Bilbo), hizkuntz ohituretan espezializatua. 2006tik hiztunak ahalduntzeko TELP tailerrak emateagatik da ezaguna Euskal Herrian. Sortir de l'armari lingüístic, Una guia de conducta per a viure en català liburu arrakastatsua idatzi zuen 2010ean Ferran Suayrekin batera, eta Castelloko (Valentzia, Herrialde Katalanak) hizkuntz eskolan dabil orain, euskara irakasle.

Etxeko hizkuntz ohiturak aldatzeko deia egin du Euskaraldiak. Zein garrantzi dute, zuretzat?

Garrantzi handia. Baina, hala ere, ñabardura bat egin behar da, ze pertsona edo familia bakoitza ezberdina da, eta haien izaera ere bai. Ez da berdina etxean bakarrik bizi den pertsona bat edo familia osoa, edo bi edo hiru belaunaldi batera egotea; zein harreman mota dauden, ikasle pisu bat den... Kopuru aldetik, ohitura-aldaketa proiektuaren barnean gero eta jende gehiago egon, orduan eta garrantzitsuagoa izango da. Baina, bestalde, kontuan hartu behar da zein gogo daukan pertsona bakoitzak aldaketa horiek egiteko. Euskaraz hitz egitea zure izaeraren parte handi bat baldin bada, segur aski konpromiso handia izango duzu aldaketa batean. Bost axola baldin bazaizu, edo zuretzat garrantzi handiagoa baldin badu beste gauza batek, ez diozu hainbeste emango. Ematen diozun garrantzia oso baldintza inportantea da konpromisoa izateko eta helburuak ondo zehazteko.

Euskaraldiko antolatzaileek diote etxean hasten dela aldaketa, eta horrek eragina izan dezakeela ondotik kalean.

Bai, ados: guztiz ados. Normalean etxe barruan ereduak sortzen dira, eta eredu garrantzitsuenak bertan daude. Adina ere kontuan hartu behar da: ez da gauza bera ume txikiak izatea edo nerabeak. Nerabeentzat gurasoek eragin txikia edo batzuetan kontrakoa izaten dute. Baina orokorrean familian badaude ereduak, eta, horren arabera, umeentzat gurasoen ohiturak oso inportanteak dira. Gurasoek euskaraz egiten badute haien artean, familia hizkuntza euskara izango dela argi geratuko zaie umeei, eta haiek erraztasun handiagoa izango dute euskara erabiltzeko, erregistro ezberdinak ikasiko dituztelako. Horregatik gertatzen da etxean erdaraz hitz egiten badute gurasoek, gero umeak eskolan ondo moldatzen direla euskaraz, baina kalera joatean gaztelera erabiltzen dutela, ez dutelako kaleko hizkera menperatzen. Edo heldu jokatu nahi badute, erdaraz egingo dute, ikusten dutena delako.

Familia formatu horretatik kanpo ere, kontuan izanez etxea dela zure eroso egoteko lekua, pentsatzen baduzu etxea zure lurraldea dela eta horren jabe zarela, emozionalki, gai izango zara espazio horretan zure arauak jartzeko, eta indar handiago izango duzu zeure burua konbentzitzeko euskara izan daitekeela zure hizkuntza, nahi baduzu. Bai etxekoekin, bai kanpotik etortzen direnekin: telefono deiak, etxera hurbiltzen direnak... Pentsatzeak baimena duzula arauak jartzeko onura psikologikoa dakar: «Egiten dut nik nahi dudana». Esportatu daiteke eredu hori kalera.

Askotan esaten da, ordea, zailenak direla aldatzen etxeko ohiturak. Adibidez, errazagoa dela ezezagun bati lehen hitza euskaraz egitea, baina zailagoa dela aldatzea etxean ohitura baldin baduzu beti erdaraz egiteko. Zergatik?

Ez nago hain seguru horretaz; uste dut beste bektore bat dagoela. Zailtasuna oso kontu subjektiboa da, ez da neurri objektibo bat: pertsonaren arabera, esperientziaren arabera, asertibotasun mailaren arabera... Bat-bateko aldaketa bat egin dezakezu sekula berriro ikusiko ez duzun kanpoko batekin, baina etxeko batekin ere bai: «Gaur euskaraz egingo dizut lehenengo esaldia». Kontua da gero irautea. Bektorea denbora da, maiztasuna, nola irauten duzun jokaera aldaketa horretan. Jokaera bakarra aldatzea kanpoan bezain zaila edo bezain erraza izango da etxean, baina irautea zailagoa da.

Helburuari uko egiteak zerikusia dauka denborarekin, ohiturarekin ezezagun batekin ez daukazu ohiturarik eta ondorioekin. Adibidez, anaiarekin ohituta baldin bazaude erdaraz egiten, eta orain euskaraz hasten bazara, orain dela aste bat oso arin egiten zenuen gauza bat gehiago kostako zaizu; edo barregarri sentituko zara. Alde negatiboa hori da: ohitura finkatuta dagoela, eta hori aldatzea ez dela hain erraza. Baina alde positiboari ere begiratu behar diogu: entsegu gehiago egin daitezke, egunero gaudelako pertsona horiekin, eta arrakastatsua izateko aukera handiagoa da. Egiten duzunaren garrantzia ere handiagoa da, zure bizitzaren parte garrantzitsua direlako etxekoak. Eta emaitzak ere ikusiko ditugu: ezezagun batekin ez.

Zein da irauteko gakoa?

Helburu bat zehaztu behar da, eta TELP tailerretan erabiltzen dugun SMART metodologiaren arabera, helburuak espezifikoa, neurgarria, lorgarria, garrantzitsua eta denboran mugatua izan behar du. Kirolari onek oso ondo egiten dute hori. Proiektu gisa planteatu behar da hizkuntz aldaketa, eta proiektu bati beti denbora fisiko bat eman behar zaio, kirolean bezala. Hausnartu behar dugu ere zein izan daitezkeen oztopoak, eta horien arabera ekintza plan bat egin. Progresibitatea ere oso garrantzitsua da: txikiak izan arren, aurrerapausoak egitea. Praktikatu, eta azken puntua litzateke hausnarketa bat egitea: egin dudanaren ebaluazioa.

Helburu handiegiak jartzea kaltegarria da?

Bai. Etsipena sortuko du laster, eta ziur aski neke handia. Helburuak ondo jarri behar ditugu, eta abiatu behar dira oinarri batetik: «Nondik hasiko naiz eta noraino iritsi nahi dut?».

Demagun nik neuk hizkuntz aldaketa egin nahi dudala, baina nire etxekoek ez. Nola jokatu?

Bakoitzak pentsatu behar du zer egin nahi duen: beti da legitimoa zuk nahi duzuna saiatzea, bestea errespetatuz. Eta bestea ez badago ados horrekin, esango du berea. Baina, txarrenean, iritsiko ginateke elkarrizketa elebidun batera: «Nik egingo dizut euskaraz, eta zuk nahi baduzu, egin erdaraz». Baina ez bagara ezertan saiatzen, beti erdaraz egiten geldituko gara. Aurrerapen bat egin dugu, beraz. Eta pentsatu behar da inguruan eduki dezakegun eraginean: ingurukoek ikusten badute euskaraz egiten dudala arazorik gabe bestearekin, agian haiek ere animatuko dira. Batzuetan probatzeak ez du esan nahi arrakasta izatea, baina bai ez zaudela geldi. Eta nahiz eta saiakera batek porrot egin, beti daukazu gero hausnarketaren bidez ikasteko aukera: nondik ez duzun joan behar.

Bihar: Asier Lafuenterekin elkarrizketa, herri batzordeez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.