Koronabirusa

Inoizko igoerarik handiena izan da Hegoaldean: 41 hildako eta 889 kasu

Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua hotelak prestatzen ari dira gaixoentzat. 5.374 positibo baieztatu dituzte, eta 230 pertsona hil dira

Gurutzetako ospitalea. LUIS TEJIDO / EFE.
Paulo Ostolaza Irati Urdalleta Lete
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gaurdaino, egunetik egunera erregistratu den hazkunderik handiena izan da asteazkenetik ostegunerakoa. Guztira, 5.357 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, azken zenbaketan baino 889 gehiago. Lurraldez lurralde, Bizkaian izan da hazkunderik handiena (349), eta 1.850 lagun daude gaixo guztira. Araban, berriz, 1.435 daude gaitzak jota (+228). Nafarroaren ere asko ugaritu da gaitza —214 kasu berri daude, eta, guztira, 1.441 pertsonari erasan die koronabirusak. Gipuzkoan, 661 gaixo daude (+98).

Gaixo horietako zenbait ospitalean daude. Zehazki, 849 Bizkaian, 649 Nafarroan, 325 Araban eta 201 Gipuzkoan. Gainera, 191 zainketa intentsiboetako unitatean daude. Ipar Euskal Herrian zaila da kutsatuak zehaztea, baina hamabost pertsona daude Baionako ospitalean, eta Zuberoako bi Pauekoan (Okzitania).

Dagoeneko 230 pertsona hil dira —41 azken 24 orduetan—. Lurraldearen arabera, Araban daude hildako gehienak (94), eta haren atzetik daude Bizkaia (65), Nafarroa (49) Gipuzkoa (21) eta Zuberoa (1). Datu positibo bakarra, egunetik egunera gora egiten ari dela sendatutakoen kopurua ere: 656 osatu dira, asteazkenean baino 167 gehiago.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, baieztatutako kasuen gorakadak zerikusia du egiten ari diren proba kopuruarekin. Asteazkenean 1.511 proba egin zituen Osakidetzak, hiru egun lehenago egin halako bi. Guztira, 10.000 proba pasa egin dituzte.

Gainera, Murgak nabarmendu du Gasteizko hotel bat osasun materialez hornitu dutela, «zaintza eta sostengua» behar dituztenentzat, baina ez ospitaleratzea. «Ikusi dugu senda-agiria hartutako asko arriskua dutenekin bizi direla eta ez dutela bakartzeko baldintza egokirik». Nafarroan ere hotelekin lanean ari direla esan du Santos Indurain Osasun kontseilariak. «Azken xehetasunak lantzen gabiltza».

Langileek duten materialari dagokienez, Murgak esan du zuzentzen duen sailaren «erabateko lehentasuna» dela langileak babestuta egotea, eta gehitu du asteazkenean 223.640 maskara eta eskularru eman zizkietela udalei eta mankomunitateei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.