Angel Maria Unzueta. Apaiza eta teologoa

«Eliza aitzindaria izan zen era guztietako indarkeriak salatzen»

Unzuetak uste du barkamena eskatzeak «bizikidetza» hurbilduko lukeela, baina garrantzitsuagoa dela eragindako mina aitortzea. Biktima batzuen zauriak ez sendatzeko arriskuaz ohartarazi du.

ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
1979tik da apaiza Angel Maria Unzueta (Durango, Bizkaia, 1952). Teologian eta Historian lizentziatua dago, eta Bilboko Elizbarrutiko bikario nagusia izan da. ETAren bukaerako bidea errazten lagundu du, 2011n Aieteko Konferentzian parte hartu baitzuen Elizaren ordezkari gisa. Dioenez, Elizak orain duen erronka nagusiena «adiskidetzea» lortzea da, eta uste du biktimek izan behar dutela prozesu horren oinarri.

Euskal Herriko gatazkan eragile garrantzitsua izan da Eliza. Zer zeregin izan du?

Luzaroan, bakegintza izan da gure elizbarrutietan izan dugun ardura eta zeregin behinenetariko bat. Era askotako ekintzak antolatu izan dira, jendaurrean zein isilpean: otoitzaldiak, hitzaldiak, ibilaldiak, gogoetak, elkarrizketak, ikustaldiak... Hainbat eliztarrek ekin diote injustizia salatzeari, zauriak sendatzeari eta minak arintzeari. Elizako arduradunek ere makina bat ahalegin egin dute norabide horretan.

Aieteko Konferentzian parte hartu zenuen. Euskal Herriko Elizaren ordezkari bakarra izan zinen. Zer egiteko izan zenuen konferentzia hartan?

Aieten begirale antzera egon nintzen; ez nuen inolako egitekorik izan. ETAren bukaerarako bidea errazteko balio izan zuen konferentzia horrek, eta horretarako egon nintzen.

Euskal Elizak ba al du ikuspegi bateraturik euskal gatazkaren inguruan?

Euskal Herrian ez dago Euskal Elizarik zentzu estuan. Elizbarrutiak daude, eta bakoitzak bere egoera bizi du gizartean eta kristau elkartean. Hori dela eta, bakoitzak bere eginkizuna eta planteamendua ditu gai horri buruz, nahiz eta hainbat puntutan bat etorri. Adiskidetzeari begira, hari nagusiak berdin samarrak izan arren, elizbarruti bakoitzak bere zehaztasunak bilatzen ditu.

ETA desagertuta, adiskidetzean jarriak ditu Elizak indar guztiak?

Dudarik gabe. Joan den larunbatean, urteroko Bake Topaketa izan genuen Bilboko elizbarrutian, Bizikidetza eta adiskidetzea lelopean. Bizikidetza duina lortzea ez da gutxi, baina gure helburua da gizarte honetan adiskidetzea lortzea. Epe luzerako lana da, batez ere kontuan izanik gaur egun bakegintza ez dela gehiengoaren ardura.

Indarkeriaren biktimek izan behar dute adiskidetzearen oinarria?

Bai, noski. Biktimek erakutsi digute indarkeriak tokia izan duela gure artean. Haien zauriek dute guztiok sendatzeko indarra. Biktimen egoeraz jabetu gabe ez dago adiskidetzerik. Gure elizbarrutian, biktima talde batekin aztertzen gabiltza azken urteotako historia, ikasteko, gaurko egoera argitzeko eta egindako hutsak aurrerantzean ez errepikatzeko.

Arriskurik ikusten duzu biktima batzuen zauriak irekita eta sendatu gabe gelditzeko?

Arriskua hor dago, eta ez arriskua bakarrik; seguruenik zauri bat baino gehiago osatu barik geratuko da. Bakoitzak bere tratamendua behar du, gizon-emakumeok eta bakoitzaren zirkunstantziak oso desberdinak direlako. Gure historia zatiketaz beterik dago, eta nekez senda daitezke zauri guztiak eta gainditu hartutako minak.

Jardunaldietatik atera daitekeen ondorio nagusia da denak bat zatoztela kritika batean: Elizak berandu erreakzionatu zuela biktimei elkartasuna agertzerakoan.

Bai. Baina esango nuke aitzindaria izan dela beste zenbait alorretan: besteak beste, era guztietako indarkeriak eta hilketak salatzen, elkarrizketa eskatzen eta bultzatzen eta adiskidetzearen mezua zabaltzen. Biktimen ondoan egoten, berriz, astiroago ikasi dugu.

Euskal presoen korapiloa askatzea falta da oraindik. Presoei legean jasota ez dauden baldintzak eskatzen ari zaizkie gradu aldaketak eskuratzeko; tartean, biktimei barkamena eskatzea. Zer iritzi duzu?

Barkamena eskatzeak sano bultzatuko luke bizikidetza eta adiskidetzea hurbilduko luke, baina hori ezin daiteke arautu edo legedian sartu. Egindako mina aitortzea eta damua agertzea pauso garrantzitsuak dira, eta horrekin nahikoa dela esango nuke.

Espainiako Estatuak barkamena eskatu beharko luke eragindako sufrimenduagatik?

Min eman duenari barkamena eskatu behar duela gogoratzea ondo dago, baina, aurrekoan esan dudanez, mina aitortzea ez da gutxi. Edozein erakunderi kostatzen zaio barkamena eskatzea. Oso gutxik egiten dute hori... Baina, hara! Eliza duzu horietako bat.

Euskal presoek urrunduta jarraitzen dute. Hori amaitu behar da?

Korapiloa askatzeko bideak zabalik daude, neurri batean, baina bidea egin egin behar da, eta, horretan, bakoitzak du hitza, aske eta presiorik gabe jokatuz. Orain, euskal presoen urrunketa politika senideei —hau da, errugabeei— ezartzen zaien zigorra da. Beraz, ez du inolako zentzurik gaur egun, eta lehenbailehen amaitu behar da neurri hori.

Argi-ilunak azaleratu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.