Kritika. 84. Musika Hamabostaldia

Idealen doinuaren atzetik

Lahav Shani Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoko zuzendaria, ostegunean, entsegu batean. JUAN HERRERO / EFE.
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun

Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa



Zuzendaria: Lahav Shani. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Chen Reiss (sopranoa), Carmen Artaza (mezzosopranoa), eta Jose Antonio Lopez (baritonoa), Matthew Newlin (tenorra). Egitaraua: L. V. Beethovenen 9. sinfonia, Korala. Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Eguna: Abuztuaren 4a.

Ferdinand Riesen gutuna jaso zuen Beethovenek 1822ko azaroan, Londresko Elkarte Filarmonikoari sinfonia baten enkargua eskatu ziola esanez. Hala, Bonneko jeinuak bere bederatzigarren sinfonia garatzeari ekin zion, tarteka beste proiektuak amaitzen zituen bitartean (Missa solemnis eta Diabelli bariazioak, esate baterako). Enkargu horrek gaztetatik zuen ideia bat burutzeko bultzada eman zion, Friedrich Schiller poeta erromantikoaren Alaitasunaren oda olerkiari musika jartzea, alegia.

Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak eskainitako interpretazioan berriro ere nabariak izan ziren zurezko haizeen kolore argiak, metalen distira eta harien trinkotasuna. Allegro ma non troppo-ak, zama pixka bat hartu bazuen ere, piztu eta bizitu egin zituen harmonia jolasak. Scherzoaren erritmo frenetiko eta doiak adagioan nagusi diren esaldi zabalen baretasunera eraman gintuen.

Baina sinfonia honetan azken mugimenduak sortzen du bereziki ikusmina eta zirrara, abesbatza eta bakarlarien parte-hartzea noiz hasi zain. Hasierako konpasen irristaldia gaindituta, ñabardura ugari antzemateko aukera izan zen. Ez da, egiaz, ahots bakarlarien luzimendua errazten duen obra, hainbestekoa baita orkestratik datorren indarra; hala ere, Reiss, Artaza, Newlin eta Lopez laukote nahiko orekatua izan ziren. Donostiako Orfeoia ere bikain, zainetan daraman obran dinamikak eta erregistro aldaketak menderatuz.

Musikaren historian erabateko berrikuntza izan zen giza ahotsa sinfonia batean sartzea, eta Beethovenek hainbat hilabete eman zituen azken mugimendu koralari forma ematen, erromantikoek amestu zituzten anaitasun eta askatasun idealei jarraituz, guztiek abesteko moduko doinua sortzeko lanetan. Berrehun urteren ondoren, bere helburua bete zuela esan dezakegu: melodia ezaguna (txirularekin ere si-si-do-re-re-do-si-la-sol-sol... jotzen dute ikasle askok), Europako ereserkia eta 2003tik gizadiaren ondare. Oraindik ere eskaintzen zaigu aukerarik, sinfoniak irauten duen bitartean bada ere, elkartasunaren ilusioan sinisteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.