Nafarroako udal mapa, Orain Baik zer erabakiko zain

Gaur egingo dute bozketa, eta, legeak aurrera egingo badu, beharrezkoa da Orain Bairen babesa. Nafarroa Orainek baiezkoa eskatu die

Nafarroa Orainen batzarra; eskuinean, Laura Perez parlamentaria. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak gaur bozkatuko du udal mapa aldatuko duen araua, Tokiko Administrazioaren Erreformarako Legea. Hiru urte eman dute hainbat instituzio eta eragilek horren inguruan eztabaidatzen, eta bazirudien gobernua sustatzen duten lau alderdien babesa nahikoa izango zela legea aurrera ateratzeko, baina Orain Baik jarrera argitu ez izanak zalantzak sortu ditu. Nafarroa Orain plataformak baiezko botoa emateko eskatu die Orain Baiko lau parlamentariei: eskaera hori aintzat hartuko balute, lege egitasmoak ez luke arazorik izango aurrera egiteko.

Nafarroa Orainen batzarraren ustez, legeak, «gabeziak» dituen arren, beste egoera bat irekiko luke, eta hura ez onartzea «arduragabekeria galanta» litzateke. Horregatik, «baiezko kritikoa» eskatu du.

Gobernuaren eskaera

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak adierazi du espero duela Orain Baiko lau parlamentariek aldeko botoa emango dutela udal maparen legearen bozketan, legea «Nafarroak aurrera egin dezan beharrezkoa» delako eta Orain Baik parte hartu duelako prozesuan.

Solanaren ustez, legea «eraldatzailea» da; «parte hartzetik, gardentasunetik eta erabateko zorroztasunetik» landu dute, eta gogora ekarri du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Kontseiluak horren aldeko iritzia eman dutela.

UPN, PP eta PSN, aldiz, legearen kontra daude erabat. PPko kide Javier Garciak uste du EH Bildu dela«onuradun bakarra», eta lege horrekin azken bururaino eramaten dela «Nafarroaren batasunizazio prozesua».

Ez da askoz hobea PSNk legeaz duen iritzia. PSNko Ramon Alzorrizek esan du legea «kaskarkeria» dela, eta horren zio bakarra dela «EH Bilduk botere instituzionala eskuratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.