Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Krisia

2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19ak eragindako osasun krisiak erreskadan beste hainbat krisi eragin ditu. Krisia hitza izango da pandemia testuinguru honetan agerpen gehien dituen hitzetako bat eta hitz horri loturik sentipen eta adierazpen oso desberdinak azaleratu dira. Hezkuntza mugimenduan harrapatu du krisiak, mundu mailan eskola instituzioaren birpentsatze garai batean, gizartearen erronkei erantzuteko bere burua berrirudikatzen eta berrasmatzen. Eta horrek baldintzatu ditu, neurri handi batean, azken hilotan hezkuntza munduko eragile askok krisiari loturik aurkezturiko ideiak eta sentipenak.

Krisia hitzaren jatorrizko grezierazko esanahia gogorarazten digu Baumanek, eta azaltzen du jatorrian krisia hitzak erabakiak hartzeko une egokiena izendatzen zuela. Krisia, adiera honetan, aukera da arriskua baino gehiago. Horri lotuak egon ahal dira «krisi honetatik indartsuago aterako gara» eta halako baieztapenak. Hala ere, susmoa daukat modu horretako baieztapen baikorrak askotan gehiago direla elkarri animoa emateko modu bat, gure beldurrak gordetzeko maskara, benetako sinesmen baino.

Osasun krisiaren lehen asteetan hezkuntza arloko hainbat adituri eta arituri entzun nien pandemiak aukera eskainiko zigula aldaketaren olatura igo gabeko ikastetxeak mugiarazteko, curriculumaren mugez eta helburuez pentsatzeko, hezkuntza digitalaren zentzuaz gogoeta egiteko, ebaluazio moduak birpentsatzeko, natura eta kanpo espazioak hezkuntzarako espazio gisa ulertzeko, guztiontzako eskola bermatzeko, edotahezkuntza komunitatekokideen arteko elkarlana sustatzeko.

Tamalez, salbuespenak salbuespen, irailean eskolak zein baldintzatan ireki diren ikusita arrazoi gutxi dago horrelako baieztapen baikorretarako. Ikusi ditugu umeak eta gazteak lerroan distantzia gordeaz eskolara sartzen, mahaiak banan-banan jarrita eta haatik gutxieneko tartea gorde ezinda, elkarrekintza eta elkarreraginerako eremuak gutxienekoetara ekarrita, irakasleak haserrez eta etsipenez euren ezintasuna adierazten...Irudi horiek guztiek zerikusi gutxi dute hezkuntzarako proposatzen den eraldaketarekin.

Bizi dugun egoeran lehentasuna biziraupena izan da, eta horrek ez du atzera-bueltarik.Baina biziraupenean gelditu nahi dugu? Badugu aukerarik krisia aukera gisa bizitzeko? Lehen kolpea pasatuta mereziko luke albait azkarren bide berriak bilatzen hastea; krisi honetatik benetan indartsuago ateratzeko aukerarik izan nahi badugu, ezin dugu etsi. Hezkuntza komunitateko eragile desberdinen arteko koordinazio eta lankidetza eraginkor eta indartsuak eraiki behar ditugu, askotarikoak eta irekiak, baldintza emozional zein materialak sortu eta elkarrekiko konfiantza nola irabazi pentsatu. Erronka ez da makala, baina, Zizekek Izurria! liburuan dioenari helduz, «gertaera izugarrienek ere ondorio positiboak ekar ditzakete ezustean». Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.