Egipto. Estatu kolpearen ondorena

Al-Sisi Egiptoko presidente?

Sinadura bilketa handi bat hasi dute Al-Sisi Defentsa ministro eta jenerala 2014ko presidentetza hauteskundeetara aurkez dadinJenerala da lider berria Anaia Musulmanen kontrako estatu kolpea babestu zutenentzat

Egiptoar bat Al-Sisi jeneralaren irudi bat erakusten, Mursiren kontrako protesta ekitaldi batean. © MOHAMED ABD EL GHANY / REUTER / REUTERS.
Ane irazabal
Kairo
2013ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Talde berri batek sinadura bilketa hasi du, Abdel Fata Al-Sisiri presidentetzara aurkez dadila eskatzeko. Egiptoko enpresari nagusiak kanpaina babesten ari dira. Kamel Gemilak (Biribildu zure lana) leloa du ekinbideak, eta Al-Sisi jeneralarengan pentsatuta dago. Defentsa ministroa gobernuko presidente karguan ikusi nahi dute milaka egiptoarrek. Horregatik, hauteskundeetara aurkezteko eskatuko diote, sinadura kanpaina baten bidez. Atzo izan zen aurkezpen ofiziala: «Uztailean, Anaia Musulmanen gobernua desegiteko eskatu genion, eta hala egin zuen. Abuztuan, terrorismoaren aurka borrokatzeko esan, eta herritarren nahiak bete zituen. Orain, presidente izateko aurkez dadila eskatuko diogu».

Militar bat berriz ere Egiptoko buruzagi? Duela bi hilabetera arte ezinezkoa zirudien, baina uztaileko estatu kolpetik arras aldatu da egoera. Anaia Musulmanak gobernutik zein bizitza politikotik kanpo daude, eta armadak azken bi urteetan galdutako ospea berreskuratu du. Horren guztiaren arduraduna: Al-Sisi jenerala.

Hala, estatu kolpez jositako Egipto garaikidean, kronologiak argia dirudi: Gamal Abdel Nasser (1956-1970), Anuar Sadat (1970-1981), Hosni Mubarak (1981-2011), eta Mohamed Mursiren urtebeteko gobernu zibilaren ostean (2012-2013), Abdel Fata Al-Sisi. Kamel Gemilak-eko kideek diskurtso abertzalea erabiliz defendatu dute militarren botere politikoa: «Egiptok etsai handiak ditu, barruan eta kanpoan. Horregatik, presidente indartsu bat behar dugu. Al-Sisik aski erakutsi digu gure herria maite duela».

Tamarruden antza

Talde berriari Tamarrud (Iraultza) mugimenduaren kutsua sumatzen zaio. Izan ere, estatu kolpe militarrari bideia ireki zion sinadura bilketa arrakastatsua kopiatu du Kamel Gemilakek. Rolla Aly izeneko abokatuak diseinatu du kanpaina: «Sinatu hemen, Al-Sisi presidentetzara aurkeztea nahi baduzu. Hori bezain sinplea da». 30 milioi sinadura batu nahi dituzte Egipto zabalean —herrialdeak 80 milioi biztanle inguru dauzka—, baina ez dute hori lortzeko egunik ezarri. Denbora daukate. 2014ko presidentetzarako bozak egin baino lehenago, parlamenturako hauteskundeak antolatuko dituzte militarrek.

Kanpainak Tamarruden antolaketa bertsua du. Kamel Gemilakek Egiptoko gobernazio guztietan ireki ditu bulegoak, eta boluntarioek kalean banatuko dituzte inprimakiak. Alta, ez da erraza ekinbidea nortzuek finantzatu duten jakitea. «Denon artean ordaindu dugu, herritar bakoitzak nahi duen bezala lagundu dezake», azaldu du Alyk. Halere, ez du ezeztatu Naguib Sawiris Egiptoko enpresari boteretsuenaren diru laguntza jaso dutela.

Alyren arabera, Al-Sisi presidentetzara aurkezteak ez du islatzen erregimen zaharraren itzulera. Are gehiago, «epe berri» bat ekarriko duela nabarmendu du: «Al-Sisi ez da Tantawi. Karismatikoa eta sentibera da. Aurkeztuko balitz, aise irabaziko luke». Uste berekoak dira Hamdeen Sabahi eta Ahmed Shafik politikariak. Biek ala biek argi esan dute Al-Sisiren presidentetzarako hautagaitza babestuko luketela.

Dendetan, jatetxeetan, metroan edo kafetegietan, Al-Sisiren argazkiak nonahi topa daitezke Kairon. Are gehiago, komandantearen kartelak eta intsigniak oroigarri gisa saltzen dira txoko askotan: militar jantzita, lehoi baten ondoan edo faraoi baten gisara. 2011ko iraultzaren sinbolo izan zen Tahrir enparantzak ere jenerala gurtzeko gune bat dirudi. «Sartu eta probatu Al-Sisi sandwhich berria», dio janari lasterreko kate bateko posterrak.

«Lider berria»

Defentsa ministroa heroi eta lider politiko berria bihurtu da Anaia Musulmanen kontrako estatu kolpea defendatu zutenentzat. «Munduari erakutsi nahi diogu Al-Sisik herritarron babesa daukala», nabarmendu du Tahrir-eko kalez kaleko saltzaile batek.

Egungo erregimen militarra babesten dutenek badakite Cairoko erdigunea beraiena dela. Defentsa ministroarenganako kontrakoak aurkitzeko erdigunetik kanpora joan behar da. «Al-Sisi hiltzailea», dioten grafitiak nahiko arruntak dira Nasr City eremuan. «Ia egunero ikusten ditugu halako pintaketak, baina gero poliziek gainetik zuriz margotzen dituzte», azaldu du Rabaa al Adawiyah inguruko herritar batek.

Paradoxikoa dirudien arren, Mursik izendatu zuen Al-Sisi defentsa ministro. 2012ko abuztuan armadako goi karguak berriztea erabaki zuen presidente islamistak, eta Tantawiri xake-matea eman zion. Ordura arte, egiptoarrentzat ia ezezaguna zen Al-Sisi jenerala, baina komandanteak ondo baino hobeto ezagutzen zituen Egiptoko gizartearen erraiak. Armadako buruzagi eta lehen ministrorde izan aurretik, inteligentzia zerbitzuetako zuzendari nagusia izan zen Al-Sisi.

Datozen hilabeteetan pauso bat harago egin dezake. Presidentetzarako bozetara aurkeztuko al da? Al-Sisik berak argi esan du ezetz. Alta, armadaren inguruko iturriek zera jakinarazi dute: defentsa ministroa ez da ohiko militar bat. «Iritziz aldatuko du 30 milioi sinaduretara iristen bagara, izan ere, herritarron nahiak errespetatuko ditu», erantsi du Alyk.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.