Alternatibak eztabaidagai

Kataluniako Gobernuak eta kontsultaren aldeko alderdiek bilera egin dute.Filtrazioen arabera, proposamen berri bat egingo du gaur Masek

Isabel Vallet eta David Fernandez (CUP), Pedralbes jauregira iristen. T. ALBIR / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Azaroaren 9a gero eta hurbilago dago, eta Katalunian independentziari buruzko herri galdeketa egiteko indarrak bildu dituzten alderdiak ahalegin betean ari dira Espainiako Estatuak jarritako trabak nola gainditu eztabaidatzen. Irailaren 29tik, Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legea etaA-9rako deialdiaren dekretua behin-behinean baliogabetu zituenetik, hirugarren bilera egin zuten atzo Kataluniako Gobernuko eta CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako ordezkariek. Baina, kontsultarako 27 egun falta direla, gero eta estuago dabiltza.

Epeak bete eta berme demokratiko sendo bat ziurtatzeko zailtasunak agerikoak dira, eta, Masen inguruan eta CiUngero eta ozenagoak dira bestelako bide bat proposatzen duten ahotsak. Atzoko bileratik hedabideetara filtratutako informazioen arabera, baliogabe utzitako artikuluei uko egin eta maila apalagoko «prozesu parte hartzaile bat» proposatu die gobernuak beste alderdiei. Joan Herrera ICVko presidenteak prentsari jakinarazi dionez, gaur emango du gobernuak proposamenaren berri.

13:00etan hasi zuten bilera atzo Kataluniako Gobernuko eta CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPeko ordezkariek, Bartzelonako Pedralbes jauregian, eta, 16:00etan eten bat egin ondoren —bilera utzi zuten Joana Ortega presidenteordeak eta Francesc Homs eta Ramon Maria Espadaler kontseilariek—, eztabaidatzen jarraitu zuten.

Aste erabakigarria

Felip Puig Enpresa eta Enplegu kontseilariak adierazi du helburua oraindik azaroaren 9an herri galdeketa egitea dela, baina ezin bada «ondorengo beste egunen batean» egin litekeela. Eta Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko presidente Carles Viver Pi-Sunyerrek «lehenbailehen» etorkizuneko urratsak azaltzeko iradoki die kontsultaren aldeko indarrei, A-9an herri galdeketarik ez balego. Plebiszitu gisako hauteskundeak egiteko aukera ez du baztertu Masen aholkulariak, baina horren ondorioa, Espainiako Konstituzioaren erreforma barik, Kataluniako Parlamentuaren alde bakarreko independentzia adierazpen bat izan beharko litzatekeela azaldu du.

Kataluniaren geroa erabakitzeko aste erabakigarria izango da, eta ekitaldi politikoz josia. Gaur, izan ere, gobernu bilera du Generalitateak; bihar eta etzi, osoko bilkura dute parlamentuan; ostiralean, Ministroen Kontseilua egingo du Espainiako Gobernuak; eta igandean, A-9rako kanpainaren ekitaldi nagusia dauka Ara es l'hora mugimenduak Bartzelonako Katalunia plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.