Pastor
DARWIN ETA GU

Amaitu dira oporrak

2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Jasmila Zbanic bosniarrak 2020an zuzendutako Quo Vadis, Aida filmeko eszena bat deskribatu du Nino Haratischwili idazle georgiarrak Die Zeit -en asteazkenean argitaraturiko artikuluan. Lanak Srebrenica-ko sarraskia du ardatz. Haratischwilik azaldu duenez, eszena horretan Thomas Karremans militar herbeheretar eta NBEren kaskourdinen burua—Johan Heldenbergh aktorea— etsita agertzen da hara eta hona deitzen, Bosniako Serbiar Errepublikako tropek zibilak heriotzara eramango dituztela ikusita. EBko ordezkariekin hitz egin nahi du, baina ez diote erantzuten. Azkenean, arazo horretaz erabaki behar duen pertsona oporretan dagoela jakinarazi dio funtzionario batek. Ez dago hura aurkitzeko modurik.

Mendebaldearen oporrak bukatu direla adierazi du Haratischwili andreak. «Oporretan geunden aspaldi utzi genuelako argi dirua ideologiarik inportanteena zela eta geure ongizatea edozein sufrimenduren aurretik jarri dugulako. Gure oporrak modu bortitzean amaitu diren arte. Gerra Europako lurretara ere iritsi den arte».

Badirudi orain jabetu garela Ukrainako gerraz. Hala ere, lehenago bazegoen gerra, beste eskala militar batean. Arreta mediatiko askoz txikiagoa zuen. Eta gu, kasu horretan ere, oporretan geunden. Ukraina non zegoen ia ez genekien; hangoek zer bandera duten ere ez. Duela hiru astera arte urdina eta horia koloreak dituen sinbolo bakarra ezagutzen genuen gehienok: Suediako bandera. Eta Ukrainakoa?

Peter Hitchens kazetari britainiarrak jarrera hori kritikatu du Daily Mail egunkarian. Vladimir Putinen «inbasio basatia» gaitzetsi arren, bere aurkako irainak salatu ditu Hitchensek. Izan ere, Ukrainako errusiarrek lehenago jasandakoa salatzeak susmagarri bihurtu du kazetaria. «Ukrainak bortizkeria latza erabili du 2014tik errusiar zibilen aurka. Errusiarrek ere gauza izugarriak egin dituzte han, baina jende asko dago hori esango dizuna. Kontua da hau ez dela santuen eta bekatarien arteko lehiaketa bat». Hitchens ez dago gustura AEBek eta Erresuma Batuak, «arrazoiz», Putinek herrialde subirano baten aurka eginiko «legez kanpoko inbasioa» salatzen dutenean: «Badirudi ahaztu egin dutela Putini geuk eman geniola ideia, 2003an horixe egin genuelako Iraken». Mendebaldearen jarrera arbuiatu du kazetariak: «Ez dut parterik hartuko hipokrisia inauteri hauetan».

Hipokrisia inauteriek aurrera segituko dute, baina. Gerrak eta egoera larrienek nazioarteko harremanen lainoa ere utzi dute agerian, gordin-gordin: Bidenek Venezuelara jo du, Errusiatik etorriko ez zaion petrolioa bertan hartzeko asmoz. Maduro ere gozoago dabil, horrek ekarriko dituen onurak gogoan. Komenentziak, interesak… Batzuetan ez da erraza internazionalismoa eta errealitatea ezkontzea. Galdera desegoki bezain deserosoa: gure Kuba maiteari —irri zuririk gabe diot— inoiz esan baliote euskal iheslariak Espainiara bidaltzearen truke AEBek enbargoa eta xantaia politiko-ekonomikoa bertan behera utziko zituztela eta bakea emango ziotela bere bide sozialistari eusteko, inork uste al du Habanak ez zituela euskaldunak sakrifikatuko? Hain preziatua da Euskal Herria nazioarteko geopolitikan? Guk zer egingo genuke kinka horretan egonez gero, bada? Bihotza internazionalista dugu, baina burua errealista. Eta poltsikoa, kapitalista.

Oporrak amaitu egin zaizkigu. Garai latzak omen datoz; gatazkak zenbat eta gehiago iraun, orduan eta okerragoak. Gerra ekonomia aipatu du Iñigo Urkulluk. Adituen arabera, errusiarrak ohituta daude eskasian bizitzen; gu, ordea, ez. Putinek badaki hori. «Munduan ez dago gasik edo erosotasunik, guk geure burua gizatasunez husteko beste balio duenik, arropa ezegokia balitz bezala, guk besteak sakrifikatzeko, geure burua seguru irudikatze aldera», idatzi du Haratischwilik. Izan ere, noraino gaude prest geure ongizate ez perfektua arriskatzeko? Zenbat heriotza eta bonba balio ditu munduko pribilegiatu ekonomikoen gotorlekuan gozatu dugun erosotasun mendebaldarrak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.