Hibai Arbide Aza.
LEKU-LEKUTAN

Afganistango neska baten istorioa

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Muzhda Axrafi eta haren familia Ane Irazabalen eta Cosimo Caridiren Awlad, hesiak gainditu dokumentalaren bitartez ezagutu genituen. Muzhda Afganistanen jaio zen, duela hamasei urte. Bere herritik ihes egin izan ez balu, ziur aski orain indarrez ezkonduta egongo zen taliban batekin. Horixe gertatu zitzaion izebari. Talibanek euren probintzia konkistatu zutenean, Muzhdaren izeba bahitu zuten, eta, ordutik, erasotzaileetako baten emaztea da. Talibanek ez zuten Afganistan 2021eko abuztuan konkistatu. Urte luzez konkistatu zuten, Amerikako Estatu Batuek haiek geldiarazteko gaitasunik ez zutelako, eta nazioarteko komunitate delakoari bost axola zitzaiolako. Talibanen aurrerabidea geldiezina zela egiaztatzean, Muzdharen gurasoek, Dilawarrek eta Xafiqak, ez zuten arriskatu nahi izan euren alabei gauza bera gertatzera. Muzdhak lau ahizpa ditu: Palwaxa (20 urte), Marwa (11 urte), Hadiya (10 urte) eta Khuxbo (7 urte). Greziara 2019an heldu ziren. Beste ehunka mila pertsonak bezala, euren bizitzak itsasoan arriskatu zituzten, txalupa txiki batean Turkiatik Greziako Samos uharteraino zeharkatzeko.

Bere bizitzan itsasoa ikusten zuten lehen aldia bazuen ere, ez zen bidaiaren unerik beldurgarriena izan. Europatik ikusten ez den zatia askoz okerragoa dela esan zidan Xafiqak, Muzhdaren amak. Iran osoa autoz zeharkatzea guztiz deserosoa izan zen, baina benetan larria Kurdistanen hasi zen, Iranen eta Turkiaren arteko mugan. Turkiako Polizia eta militarren kontrolak saihesteko, mendian gora eta behera ibili behar izan zuten astebetez. Umeak akidura hutsez erortzen ziren lurrera. Harriekin edo adarrekin estropezu egiten zutelako ere erortzen ziren, gauez eta argirik gabe ibiltzen zirelako, ikusiak ez izateko. Egunsenti batean, bi mugalari ika-mikan hasi ziren, biek uste baitzuten konboiko buruak zirela. Eztabaida irabazi zuenak bestea sastakatu zuen nesken aurrean, eta ondoren bidaian jarraitzeko agindu zien. Hurrengo tartea, Turkia ekialdetik Egeo itsasertzeraino, ez zuten labankadarik ikusi, baina oso latza izan zen. 18 pertsona zihoazen bost plazako auto batean. Khuxbok, neskarik txikienak, gidariaren hanken artean bidaiatu zuen, pedalen zuloan. Ordutik, Xafiqa autoz joateko ideian pentsatze hutsarekin zorabiatzen da. Ezin du auto batean bidaiatu botaka egin gabe. Grezian gaixotasun autoimmune bat garatu du, ziurrenik traumaren osteko estresarekin lotuta. Bizi diren errefuxiatu kanpamentutik medikuarengana joan behar duen bakoitzean, oso gaizki pasatzen du.

Turkian 15 egun bakarrik egon ziren, baina bi aste horiek bizitza baldintzatuko diete, jarraian ikusiko dugun bezala. 2021eko maiatzean onartu zuten Greziaren asilo lege berriak Turkia «herrialde seguru» izendatu zuen, eta horrek dakar ukatu egiten dituztela Grezian aurkeztutako asilo eskaerak. Axrafi familiak bezala, dozenaka mila pertsonak urteak daramatzate errefuxiatu esparruetan euren espedientea noiz argituko zain. Greziako lehen ministro Kiriakos Mitsotakisen gobernuak nahita atzeratu ditu ebazpenak, legea onartu arte, eskaera guztiak atzera bota ahal izateko. Ukoak honako arrazoibide honetan oinarritzen dira: lege berriak Turkia segurutzat jotzen duenez, asiloa eskatzen duen pertsonak Turkiara itzuli beharko du, Greziara heldu aurretik han egon bazen. Mitsotakisen gobernuak legez ebatzi du neskatilek labana borrokak ikusi eta enbragearekin batera bigarren mailako errepideetan bidaiatzera behartzen dituen herri hori segurua dela beraientzat.

Oraindik ez dira hasi Turkiako deportazio jendetsuak. Izan ere, ezezko gehienei helegitea jartzen diete. Garaipen judizial bat ere izan da. Baina horrek ez du esan nahi ezezko horiek guztiek eraginik ez dutenik. Deportatuak izateko beldurraren beldurrez, ehunka pertsona kanpalekuetatik joan dira jada, Balkanak oinez zeharkatu eta Europa erdialdera iristeko saiakeran. 2015ean ez bezala, orain Balkanetako ibilbidea hesiz eta muga kontrolez beteta dago. Mugalarien lana garesti ordaindu behar da. Jende asko zorpetzen ari da ibilbide arriskutsu eta luze bat saiatzeko, nahiz eta iristeko oso aukera gutxi eduki. Etsipena da. Palwaxak, Muzhdaren ahizpa nagusiak, joan den astean kontatu zigun egunero zenbait familia joaten dela. Ez dakite ibilbidea posible den, baina azkenak izateko beldurra indartsuagoa da. Inork ez du ezer argi, beldurrarekin negozioa egiten ari direnek izan ezik.

Ziur asko, hori da Mitsotakisen legearen eta gobernuaren azken helburua. Milaka pertsona kanporatzeko operatiboa oso garestia da, eta logistika izugarria eskatuko luke. Askoz errazagoa da beldurra eta etsipena eragitea errefuxiatuak beren kabuz joan daitezen.

Bitartean, Muzhdak bere institutuan hasi du ikasturtea. Greziako legearen arabera, derrigorrezko eskolatze-adina lau urtekoa da, baina errefuxiatuentzat zaila da matrikulatzea. Muzhdak ahalegin handiz lortu zuen joan den ikasturtean. Nota onekin gainditu zuen. Orain, egunero galdetzen dio bere buruari ea ikasturtea amaitzerik izango duen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.