Albistea entzun

Europako Batasuna. Migrazio politikak. Erik Marquardt. Alemaniako Berdeetako eurodiputatua

«Gardentasunez jokatu behar da mugan»

Marquardtek uste du migratzaileen auzia «krisi» moduan aurkeztea «eskuin muturrari» mesede egitea dela. Horren ordez, egoera «duintasunez kudeatzeari buruz» hitz egin beharko litzakeela dio.
IÑAKI AGIRRE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Agirre -

2020ko irailak 24 - Lesbos

Erik Marquardt (Alemania, 1987) Europako Parlamentuko diputatua da Alemaniako 90 Aliantza/Berdeak alderdiaren eskutik, eta pertsona errefuxiatuen eskubideen aldeko Leave No One Behind mugimenduaren bultzatzaile nagusienetako bat.

Ez dirudi proposamenak norabide aldaketa nabarmenik ekarriko duenik, ezta?

Ez, baina egia da proposamenak migrazio politikak aldatzeko aukera ematen digula, batik bat arau batzuk daudela aitortzen duelako: asilo prozesuak, harrera baldintzak, itzultzeen baldintzak... Oinarrizko eskubideei buruz hitz egiten du. Eta hori garrantzitsua da, ikusi dugulako Europako Batasuneko estatu kideek ez dituztela arauak betetzen, eta Europako Batzordeak ez duela akordioak babesteko lana behar duen modura burutzen. Adosten duguna adosten dugula, oso garrantzitsua da legeak errespetaraziko dituen sistema bat bermatzea.

Batzordeak migratzaileen kuotak kendu ditu, «elkartasun malgu» baten alde egiteko. Nola bermatzen da sistema horren eraginkortasuna?

Hori diruaren araberakoa da. Finantzaketa jasotzen baduzu ez soilik errefuxiatuei harrera emateko, baizik eta baita bertako biztanleria babesteko ere, edo azpiegiturak sortzeko, bertako enpresak sustatzeko... Elkartasun malguarena ideia ona da, baina eraginkortasuna jasoko duen diruaren araberakoa izango da.

Hirugarren herrialdeekin «babesturiko itzultzeak» adosteko aukera ere proposatu dute.

Zuk akordio bat egin dezakezu beste herrialde batekin jendea hara eraman eta urrun mantentzeko, baina jende horrek bere herrian etorkizunik ez badu, zentzugabea da hori egitea. Berriz ihes egiten saiatuko dira.

Itzultzeei buruz hitz egiten badugu, norbanako bakoitzak jaso behar duen babesari buruz ere hitz egin behar dugu. Etorkizunik ikusten ez badute, etortzen saiatzen jarraituko dutelako.

Akordio proposamen honek berresten du Europak migratzaileak arazo gisa ikusten jarraituko duela?

Bai, eta oso inozoa da pentsatzea eskuin muturraren diskurtsotik zenbait ideia jasotzeak mesede egin diezazukeela. Itzultzeak botoi bat sakatzea bezala direla aditzera emateak arazo bat sortuko dizu, ezingo duzulako esandakoa bete. Demokrazia batean ez, behintzat. Eta esandakoa betetzen ez duzunean, hauteskunde kanpaina egiten diozu eskuin muturrari. Eta hori da azken bost urteotan gertatu dena. Errefuxiatuak arazo gisara aurkezten badituzu, jokoa egiten diozu eskuin muturrari. Gizarteak arazo gisa ikusiko ditu, eta arazoak konpondu egin behar dira. Nola? Errefuxiatuak Europatik kanporatuz.

Ez da hitz egiten egoera duintasunez kudeatzeari buruz. Ulertzen dut Europako gizarteak sentitu nahi duela bere gobernuek egoera kontrolpean dutela, baina ez daukagu ezer kontrolpean gure kanpo mugetan ia 200.000 pertsona egoera irregularrean ditugunean.

Batzordearen beste oinarrizko proposamen bat kanpo mugetako kontrola indartzea da.

Margaritis Schinasek [Europako Batzordeko presidenteordeak] atzo esan zuen martxotik ona mugako kontrol oso eraginkorra egiteko gai garela erakutsi dugula. Baina Egeo itsasoko push-back-ak ez dira mugetako kontrola izan, krimenak baizik.

Mugak babesteko orduan ezinbestekoa da ere giza eskubideak babestea, eta hona asiloa eskatzera datorren pertsonak bere eskaera egiteko eskubidea izan behar du. Mugan jarriko dugun jende kopurua baino, garrantzitsuagoa iruditzen zait hor gardentasunez jokatzea: Nor dago mugan gertatzen dena grabatzeko baimenduta? Ontziak inguruan egon daitezke lekuko izateko? Nork idatziko ditu gertatzen ari denari buruzko txostenak? Frontexen operazio guztiak publikoak izango dira? Baina zenbait jokabide legeztatzea baino askoz errazagoa da arau hausteen behaketari oztopoak jartzea.

Orain negoziaziorako epea zabaldu da. Zeintzuk uste duzu izango direla eztabaida puntu nagusiak?

Europan badauzkagu zenbait gobernu arazoari etekin elektorala atera nahi diotenak. Haiekin negoziatzea zaila da, ez dutelako irtenbiderik topatu nahi. Horregatik, uste dut une honetan egin dezakegun gauzarik onena behintzat Lesbosen dugun krisi humanitarioari erantzun bat ematea dela, eta hori berehala egin dezakegu. Beharrak dituen jendea gurutzaontzietan sartu dezakegu, baldintza duinetan, eta horrekin lehen pauso bat eman. Gero horiek jasoko dituzten herrialdeak zeintzuk izango diren erabaki, eta Europara iritsiko diren hurrengo 10.000 pertsonak nora bideratuko ditugun adostu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txertoa hartzeko ilarak, Londresen. / ©Andy Rain, EFE

Txertatzera behartzeak «azken aukera» behar duela izan adierazi du OMEk

Arantxa Elizegi Egilegor

Osasunaren Mundu Erakundeak berretsi du Europan eta Asia erdialdean delta aldaera dela oraindik ere zabalduen dagoena. Austriak igandean amaituko du itxialdia.

Fronte Polisarioaren soldaduak joan den urrian Mahbesen, Mendebaldeko Saharan. / ©Manuel Lorenzo, EFE

Polisarioak ohartarazi du «Marokoren krimenek» ezinezko egiten dutela irtenbide baketsu bat

Arantxa Elizegi Egilegor

Saharar herriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Genevan, ostiralean, Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean. Salatu dute Sultana Khaia ekintzaileak urtebete baino gehiago daramala etxean preso, eta asteburuan eraso egin ziotela Marokoko segurtasun indarrek.

Matxino huthi batzuk hileta batean, atzo. ©YAHYA ARHAB / EFE

Saudi Arabiak gidatutako koalizioak eta matxino huthiek elkarri eraso egin diote

Igor Susaeta

Nazioarteko koalizio militarrak leporatu die matxinoei Riadeko auzoetara misilak jaurtitzea. Huthiek adierazi dute Saudi Arabiaren petrolio enpresa publikoaren instalazioari eraso egin diotela.

Palmondoak landatzeko prestatutako eremu bat Acehen, Indonesian. / ©HOTLI SIMANJUNTAK, EFE

Herri indigenen lurrak baliatzeko baimena ukatu diete auzitegiek palma olioa ustiatzen duten enpresei

Arantxa Elizegi Egilegor

Indonesia da palma olio esportatzaile handiena. Papua probintzian milioi bat hektarea baso lur bideratu dituzte palma olioa ekoiztera 2000. urtetik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.