KRITIKA. Musika

Zuri-beltzean

2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun

'Leif Ove Andsnes eta Marc-Andre Hamelin'

Egitaraua: J. Adamsen Hallellujah Junction, R. Schumannen Sei estudio kanoniko (op. 56), C. DebussyrenEn blanc et noir (L. 134) eta I. Stravinskiren Le sacre du printemps. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Martxoaren 2a.

Bikote fina da Leif Ove Andsnes eta Marc-Andre Hamelin pianistek osatzen dutena: teknika hezia, ezagutza sendoa, sakontasuna eta adierazpen gaitasuna biltzen dituzte biek. Bi pianorako programa bizia ekarri zuten Kursaalera, hainbat garai eta estilotan barrena murgiltzeko aproposa. Hala, John Adamsen Hallellujah Junction pieza erritmikoarekin ireki zen kontzertua, Call Me by Your Name (2017) film ezaguna irekitzen duen bezala. Bi pianistek emanaldi guztian mantendu zuten sinbiosi bikaina agerian geratu zen hasiera-hasieratik, bi pianoen bidegurutze horretan beti doi.

Robert Schumannen Sei estudio kanoniko etorri ziren gero, kanon formaren bideak ibiltzeko konposatu zituenak 1945ean, jatorriz piano pedaldunerako. Musika tresna hori ohikoa ez zenez, Claude Debussyk bi pianorako moldatu zuen gero. Hamelinek eta Andsnesek ñabarduraz bete zituzten melodia lirikoak, harmonia erromantikoen bideetan gidari. Kutsu antzekoa izan zuen Claude Debussyren En blac et noir-ek, konpositorearen hitzetan, «kolorea eta sentimendua pianoaren beraren sonoritatetik ateratzen dituena». Lehen mugimenduaren aire martzial eta kontrapuntu garatua, zein bigarrenean sumatzen den hutsunea eta lasaitasuna goratu zituen bikoteak. Azken mugimendua, Stravinskiri eskainita dagoena, bigarren zatirako giltzarria izan zen.

Igor Stravinskik lau eskutarako moldaketan idatzi zuen lehen aldiz Le sacre du printemps obra, 1913an. Orkestra osorako idatzitako partituraren estreinaldian gertatutakoaz badago nahikoa literatura: barreak, oihuak, irteteak... baita Nijinski koreografoari eutsi behar izatea ere, publikoarekin borrokan hasi baino lehen. Kontzertu bertsioan interpretatu zenean lortu zuen obrak egun mantentzen duen miresmena, eta agerian geratu zen bere izaera apurtzailea. Hamelinek eta Andsnesek interpretazio akasgabea eskaini zuten, hainbat koadrotan entzun daitezkeen dantza erritmikoetan zein jorovod mantsoetan distiratsu. Zuri-beltzak, biak teklak bezain argiak eta bereiziak, grisa sortu eta nahasi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.