Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Tranpak

Nagore Odriozola Juaristi.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Atzo ezagutu genuen Tokioko Olinpiar Jokoetako lehenengo dopin kasua: Blessing Okagbare korrikalariari hazkuntza-hormonak hartzea leporatu diote, eta bertan behera utzi behar izan du lehiaketa. Gai honek benetan haserretzen nauela onartu behar dut (imajinatzen dut denoi bezala), beti pentsatzen dudan lehenengo gauza «nahita egingo ote zuen» izaten delako, besteak beste. Ez dut ikasten. Zenbat aldiz lehenago sinetsi ote dudan kirolariaren errugabetasunean eta zenbat aldiz atsekabetu ote naizen gerora.

Horregatik zigortu zuten Errusia (tira, zigortu edo), dopin-sistema baten protagonista izan delako urteetan zehar, eta Tokioko Olinpiar Jokoetan, behingoz, horri amaiera emango zitzaiola zirudien arren, errealitatea bestelakoa izan da azkenean. Errurik ez duten errusiarrek ez lukete ordaindu beharko, ados, baina nola amaitu halako errespetu faltak isunak ez badira nahikoa eredugarri? Azken finean, egunotan Errusiako bandera ikusten ari ez garen arren, euren kirolariak Errusiako Olinpiar Batzordearen izenean lehiatzen ari dira, eta hori, ikusleriarentzat, gauza berbera da.

Honi guztiari bueltak ematen hainbat izen datozkit burura, baina batez ere Lydia Valentinen irudia ikusten dut, argi eta garbi. Izan ere, halterofiliako izar espainiarrak duela bi urte tarimatik kanpo jaso zuen 2012an garbitasunez irabazi izan zukeen urrezko domina. Londresen Svetlana Podobedova kazajak eraman zuen txapeldunaren saria, baina dopatu izana leporatu zioten gerora, eta zazpi urte geroago, dominak bere benetako jabea ezagutu zuen. Zoritxarrez, Valentini 2008ko Pekingo zilarrezko dominarekin ere berdina gertatu zitzaion. Horrelakoak ikustean eta kirolari garbien etsipena sentitzean, benetan lotsa eta amorrua ematen dit, kirolak defendatzen dituen baloreen aurka doazen kirolari horiez benetan inoiz inor arduratuko ote den zalantzan ipintzen baitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.