Pastor
DARWIN ETA GU

Machado eta nafar osatu gabeak

2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Antonio Machado 1939an hil zen Cotlliure-n, faxistengandik ihesi Ipar Kataluniara alde egin eta gero. 2021ean haren espiritua berpiztu dute faxisten ondorengoek Madrilen.

Colon plazan egindako elkarretaratzean Sevillako poetaren hitzak irakurri dituzte, El regionalismo de Juan de Mairena lanetik hartuak: «Beti mesfida zaitezte beraien burua espainiartzat baino lehen galiziar, katalan, euskaldun, extremadurar edo bestetzat jotzen duten pertsonez. Espainiar osatugabeak izaten dira, eskasak, ezer handirik espero ezin daitekeenak». Asma ezazue zer deituko liguketen Machado zale horiek halakorik botako bagenu: «Beti mesfida zaitezte beraien burua euskalduntzat baino lehen espainiartzat duten pertsonez. Euskaldun osatugabeak izaten dira, eskasak, ezer handirik espero ezin daitekeenak».

Machado erabilirik, mezu hau bidali dute: Espainiaren batasun puskatu ezinezkoaren esentzia defendatzeak ez du derrigor esan nahi faxista zarenik. Espainiartasuna barne-muinetaraino sentitzeak ideologiak oro gainditzen ditu. Begira Machado. Berak ere Espainia maite zuen edozeren gainetik. Espainolismo eskuindarrenak ez du konplexurik gaur Machado bere egiteko.

Harrotuta dugu nazionalismo espainiarra. Zenbait kasutan, haren oldarraldia edonondik dator, izan eskuina, izan ezkerra. Ez soilik preso katalanen auzian. PSNk euskarari eraso dio. Alderdiak argi utzi du gure hizkuntza baztertzen segituko duela. Nafarroakoak ez diren beste mintzaira batzuen azpian jarriko du lan eskaintza publikoetan. Alemanak, frantsesak eta ingelesak nafarren hizkuntzak baino gehiago balioko dute eskualde ez euskaldunetan. Hizkuntza horiek hobetsiko dituzte sozialista nafarrek, euskararen kaltetan.

Arazo larria du lingua navarrorum-ak sorterrian. Izan ere, badirudi bertako herritar askok ez dutela diskriminaziotzat jotzen administrazioan lan egiteko alemana, frantsesa edo ingelesa meritua izatea eta euskara ez —Txibiteren alderdiaren jokaerak horixe ulertzeko bidea ematen du—. Berdin die. Ez die ardura Nafarroako berezko hizkuntza, beraien herrikideen hizkuntza dena, horrela baztertzeak. Nora goaz, zer espero daiteke Nafarroako herritar ugarik begirune handiagoa erakusten dietenean Bremen, Bergerac eta Bristol hirietako herritarrei eta haien hizkuntzei Leitza, Lesaka eta Luzaideko herritarrei eta haien hizkuntzari baino? Logikoagoa eta onargarriagoa ikusiko lukete Volkswagen-en jarduteko, zenbait postutan, alemana ezinbestean eskatzea — «badakizu, Alemaniako zuzendaritzatik norbait badator...»— haien udaletxean lan egiteko euskara meritua izatea baino, nafar euskaldunen eskubideak bermatzeko.

Horretaz jabetuta, eta horretaz aprobetxatuta, baztertu dute sozialistek euskara. Beldur dira herritarrak kexatuko ote diren, euskara meritu gisa agertzen bada, Nafarroaz kanpoko hizkuntza horiek azaltzen diren bezalaxe. «Euskararen inposizioa» salatuko ote duten. Alta, ez dute erreparorik izaten alemanari, frantsesari eta ingelesari meritu hori emateko. Badakite haien boto-emaileek ez dutela «alemanaren inposizioa» salatuko. Ez dute horregatik botorik galduko. Eta gero ez omen dugu euskara politizatu behar. Zer egiten ari dira haiek, bada? Funtsean, euskarari dagokionez, PSNko buruak ez dira buruzagi eskuindarrengandik bereizten. Alzorriz edo Esparza, Esporrin edo Maia... eremu horretan adostasun askoz gehiago dituzte desadostasunak baino. Espainiera da haien hizkuntza. Espainola haien kultura. Espainola haien burua. Eta haien bihotza.

Ezer handirik espero daiteke euren herriko hizkuntza diskriminatzen duten politikariengandik? Galdera, ETAren garaietan ezker abertzaleari botoa ematen zioten herritarrekin egiten zuten ekuazioa erabiliz: euskara baztertzen duten alderdi eta politikariei botoa ematen dieten herritarrak ez dira diskriminazio, hilketa linguistiko horren konplizeak ala? Zer dira pertsona horiek? Espainiar osoak? Espainiar osatugabeak? Edo, besterik gabe, nafar osatugabeak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.