Katalunia. Legebiltzarrerako hauteskundeak

Independentzia nahi eta nahi ez

Independentziaren inguruko eztabaidak hartu du Katalunia osoa, eta hauteskunde kanpainako ardatza izan da. Baita Badalonan ere, non PPk agintzen duen.

Lau urterako gobernu bat baino zerbait gehiago dago jokoan. BERRIA.
Xabier Ortiz de Urbina
Bartzelona
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Nik ez dut nahi independentziarik. Nire familia Espainiatik etorria da, Espainian jarraitu nahi dugu». Badalonako Lorena gaztearen iritzia da. Hiriko biztanleen %15 etorkinak direla eta udal gobernua PP Alderdi Popularraren menpe dagoela jakinda, ez da harritzekoa hemen halako iritziak aurkitzea. «Krisialdi honi komunitate guztiok batera aurre egin behar diogu. Ez da inor kanpoan gelditzeko garaia. Independentziarekin ere, ekonomikoki berdintsu egongo ginateke CiUrekin», adin ertaineko gizonezko baten arabera. Gizon adindu bik ere eszeptizismo nabarmenez dihardute: «Independentziaren kontu hau txorakeria da. Kea saltzen besterik ez dabiltza. Nola emango digu ba Espainiak independentzia? Nork sinets dezake halakorik?».

Erreferenduma egingo balitz zer erantzungo luketen galdetuz gero, hala ere, zalantzak agertzen dira. «Ikusteko dago nolako galdera egiteko asmoa duen Masek. Ni, printzipioz, ez naiz independentista, baina beste antolakuntza mota bat ere ez nuke txartzat hartuko. Eredu federalista gustatzen zait», dio Albert gazteak.

Erantzun gehienetan agertzen den pertsona aipatu du Albertek: Artur Mas. Independentismoaren bandera eramateko aproposena batzuentzat; oportunista hutsa besteentzat. «CiUk urte askoan gobernatu du Katalunia, eta ez du sekula independentismoaz hitz egin. Orain, bat-batean, emana etorri zaio, eta oso ondo datorkio», Alberten esanetan.

Gironatik ikastera etorritako Eloik, berriz, baiezkoa emango luke erreferendumean. «Uste dut bi faktore elkartu direla baiezkoa emateko: nortasun kulturalaren aldarrikapena eta egoera ekonomikoa. Biek batera lehergailu bat sortu dute». Jordi ere ikaslea da, Trempekoa (Lleida). «Nik uste dut baiezkoa bozkatuko nukeela. Ea noraino iristeko gai diren Katalunia eta Espainia. Hala ere, jendea konbentzituegi dago ekonomikoki sekulako onurak ekarriko lituzkeela independentziak, eta ez dut uste hala litzatekeenik».

Identitatea eta krisi ekonomikoa, horiek dira protagonista Katalunian independentziaren inguruko eztabaidan. Kasu batzuetan, alde berera egiten dute bultza; bestetan, talka egiten dute. Irizpide ekonomikoa aurretik doa oraingoz, Espainiako albiste ekonomikoak gero eta okerragoak direlako eta zabaldua dagoelako Katalunia Espainia mantentzen ari den ustea. Manuelek, langabea bera, bere egoera agertu du: «Ez dut planteatu ere egiten independentziaren kontu hori. Lanik gabe nago, oso izorratua, eta langabezian jarraituko nuke Katalunia izeneko estatu batean ere. Bost axola niri kontu hauek».

Rocio Sevillan jaioa da, eta Bartzelonan bizi da, eta kultur identitatea ez, beste arrazoi bat eman du bere boza azaltzeko orduan: «Ni ez naiz katalana, eta hemengoa ere ez naiz sentitzen, baina bizi naizen eta kotizatzen dudan lekurako hoberena bada, ez dut arazorik independentziari baiezkoa emateko». Independentziaren inguruko eztabaidak kalean segituko du bihartik aurrera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.