Koronabirusa

Larritzeko motibo asko, denak batera

Izurria bera, ekarri dituen galera handiak, birusa hesitzeko konfinamendu neurriak, eta zerumugan gero eta hurbilago ageri den krisi ekonomiko larria: guztiak dira estreserako eta artegatasunerako motibo, eta, emozio zurrunbilo handi bat eragiteaz harago, buruko arazoak ere ekar ditzakete.

Konfinamenduan. Bikote bat umetxo batekin etxeko leihotik begira, itxialdian. INIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Orain dela aste gutxi batzuk arte jende gehienarentzat ohikoa zen bizimoduan, haren oreka hauskorrean, «kanpoko estresagarri bat» sartu da azken asteotan. Zurrunbilo bat izan da, bortitza: COVID-19 gaitzaren epidemia. «Guk geure borondatez hautatu gabe etorri zaigun egoera bat da», azaldu du Maite Elizondo psikologoak. «Benetako shock psikosoziala da», onartu du Iñaki Markez psikiatrak. Aldaketa handiak ekarri ditu: gaixotasunak berak sortzen duen kezka, hura hesitzeko hartu diren neurri zorrotzetatik eratorritako ondorioak, gero eta nabarmenagoak diren galera ekonomikoak... Eta luzerako doaz guztiak: gero eta argiago dago.

«Orain arte jende askok eta askok eutsi egin dio esanez: 'Bueno, bada, bi asteko kontua izango da; bueno, hilabetekoa...», azaldu du Elizondok. Epidemiaren eragina iraunkorra eta sakona dela ikusita «etsipen puntu bat» agertzea gero eta normalagoa dela onartu du. Psikiatra da, bioetika gaietan aditua. Blanca Morera bat dator: «Neke faktorea hor dago». Horiek horrela, gero eta agerikoagoa da egoera honek ekar ditzakeen ondorio psikologikoen gaineko kezka ere.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere ohartarazi du horren inguruan. «Leku guztietan artatu beharko da jendearen buru osasuna: lanean, eskoletan, gizarte zentroetan...», azaldu du asteotan erakundeko Buruko Osasuneko zuzendari Devora Kestelek: pandemiak ekar ditzakeen ondorio psikologikoak hondamendi eta gerretakoekin parekatu ditu. Egoerak sortutako emozio asaldurak ohikoak izaten direla onartu du Elizondok; gogorarazi du, ordea, «hiru-sei hilabeteko sintomatologiaz» jardun behar dela patologiez jarduteko. Adierazi duenez, ondorioak izateko arriskua handitu edo txikitu egiten daosasun krisiak familia edo pertsona bakoitzean lagatako arrastoaren sakontasunaren arabera: gaixotu badira, gertukoren bat galdu badute, izurriaren ondorioz lana galtzeko arriskuan badaude...

Baina arazo kopuruaren eta buruko nahasmenduen arteko lotura ez da beti argia eta zuzena izaten. «Norberak dituen baliabide pertsonalak nola kudeatzen dituen, horrek ere eragina dauka. Ez gara txotxongiloak: 'Zer gertatzen den kanpoan, horrek beti iragazkirik gabe eragiten digu'. Ez da horrela izaten», esplikatu du Elizondok. Morera bat dator: «Orokorrean, jendea egokitu egiten da: eraginkorra da». Hori bai, egoera ongi bideratze aldera, garrantzitsua da konfinamendu asteotan «ez abandonatzea», Elizegik adierazi duenez: «apatiari» aurre egin behar zaio. Loa zaintzea ere garrantzitsua dela esan du Markezek. «Baita, beharrezkoa bada, albistegiak entzuteari uztea ere; izan ere, ito egiten gaituzte hildakoen eta gaixoen datuekin behin eta berriz».

Fase gaitzenaren ostean

Beti patologiak agertuko ez badira ere, adituek argi dute izurriak dakarren pairamenduak ondorio psikologikoak utziko dituela. Morerak, adibidez, gogoan ditu ekonomikoki ahulenak diren pertsonak, eta gaitzaren ondorioz pertsona maiteak galdu dituztenak: «Ikuspegi psikologiko batetik, nik uste dut arazo larriak konfinamenduaren ostean ikusiko ditugula. Jendeak arazo ekonomikoei aurre egin behar dienean; gaitzak eragin dituen dolu egoerei erantzuteko garaian. Arazo larria gero etorriko da». Markezek ere uste hori bera du. «Hurrengo hilabete eta urteetan ikusi ahal izango dira eragin psikologikoak. Egokitzeko zailtasunak, antsietatea, estresa, eta, seguruenik, depresioarekin lotutako sintomak». Gehiegizkoa deritzo pandemiak buruko gaitzen «izurri bat» ekarriko duela esateari. «Baina zinetan gehienok arraro sentituko gara», onartu du. «Sentimendu kontrajarriak izango ditugu: kezkak eta beldurrak. Denok aldatuta sentituko gara konfinamendutik ateratakoan; aintzat hartu behar da, gainera, bi hilabete pasatu eta gero aterako garela». Markezek ere abisu eman du zailtasun ekonomikoek ekarriko dituzten arazoen larriaz: «Aurrea hartzeko ahalegina egin behar da: izan ere, izurri honek ondotxo bereizten ditu klase sozialak».

Osasun arloko profesional askok ere, behin zurrunbiloa igarota, akaso laguntza beharko dutela ohartarazi du Morerak: «Hemen ez gaude ohituta baliabiderik gabe jardutera, eritzera, horrenbeste jende hiltzen ikustera... Profesional askok begiak itxi dituzte, esan dute: 'Aurrera, aurrera, aurrera...'. Usu, ordea, geratutakoan, erori egiten zara; profesional batzuei ere jazoko zaie».

Konfinamenduez

Elizondok ohartarazi du adi egon behar dela edadekoen artean ager daitezkeen ondorioei begira ere. Konfinatuta egon beharrak ekar ditzakeen arazoei erreparatu nahi die bereziki: «Adinekoentzat gogorra da emozionalki; seguruenik, neurologikoki ere bai».

Alde horretatik, itxialdiaren ondorio psikologikoak aztergai, Morerak argi du «konfinamenduez» hitz egin behar dela, «konfinamenduaz» hitz egin beharrean: «Pertsona batek zailtasun kognitiboak dituen, edo emozionalak, edo larri gaixo dagoen... Tankera askotako egoerak daude. Ezin da, beraz, erantzun bakar bati buruz hitz egin». Markezek ere argi du errealitateak askotarikoak egon daitezkeela bakoitzaren «egoeraren» arabera: «Mendekotasunak dituzten pertsonak, kalean bizi direnak, mugikortasuna urrituta daukatenak, komunikazio aktiborako erarik ez dutenak, arrisku giro batean bizi direnak, prekaritatearen mende....». Bizitzeko era asko daude, baina fenomeno orokor batean: «Ondorio psikologikoak, oro har, herritar guztientzat izango dira».

Markezek badu beste kezka bat ere. «Zer eragin izango du estigmak gaitz honetan? Azaldu dira errezeloa erakusten duten portaerak», azaldu du. «Oraindik bakanak dira, baina hor daude, eta oso zaratatsuak dira, eta mingarriak». Horiek horrela, dudak ditu etorkizun hurbilean nagusituko den normaltasun berriaz agertuko diren itaun berrien inguruan: «Nola erantzungo genuke, esate baterako, gure eskuko telefonoak abisu bat emango baligu jakinarazteko gure inguruan kasu positiboak ditugula?». Prestatu egin behar da galdera berri horietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.