Koldo Almandoz.
Donostiako 60. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Sare Krishna, Krishna sare

2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Aitzol Aramaiok zure laguna izan nahi du Facebooken. Zure senide eta lagunengandik urrun bazaude ere Facebook-i esker kontaktuan jarraitu dezakezu. Aitzol Aramaio 777 lagun, 11 argazkiยป.

Nire e-postan azaldu zen mezu hau duela 4 egun. Ezabatu behar nuen momentu berean jabetu nintzen mezuaren garrantziaz. Higgs-en bosoia bailitz, mezu horrek bizitza eta heriotzaren espazio eta denbora tarteak ezabatu zituen. Batetik, Aitzol Aramaiok ez duelako gutxienez urtebetez bere Facebooka erabili; bestetik, nik ez dudalako Facebookik.

Ez nago sare sozialen aurka. Sare sozialek jendearengan duten efektua da gustatzen ez zaidana. Facebook sareko erabiltzaile askok bere bizitza publikoa egiteko duen behar horrek harritu egiten nau. Diskrezioa, pudorea, intimitatea eta antzeko hitzek zentzu guztia galtzen dute Grezian pasatako oporretan ateratako 543 argazkiak mundu guztiari erakusten dizkiozunean. Twitterren lehia bestelakoa da. Azkarra, brillantea, burutsua, argia behar duzu izan une oro. Askotan, gainera, aurpegira esaten ausartzen ez zarena errazagoa esaten da txioka, sarearen ustezko kolokialtasunean babestuta. Sarearen izenean soziala kontzeptua azaltzen bada ere, norberaren banitatearen promozio tresna soila bilakatu dira kasu askotan. Promozio horrek ez dio erabiltzaileari mesederik egiten, norberaren gabezien bozgorailu ere bihurtzen delako askotan. Ez dut esan nahi beti hala denik, baina, inguruan ikusten dudanagatik, hori da jasotzen dudan inpresioa. Ez dut ukatuko sare sozialek komunikaziorako eta informazioa zabaltzeko duten eta izan dezaketen balioa. Nahiz eta egunotan, Zinemaldian, sare sozialen gaitasun hori muturrera eramaten duenik ere baden. Geroz eta jende gehiagok, mugikorra piztu, eta momentuan bertan ikusten diharduen filma zuzenean ematen du. Hil edo biziko kontua da, jakina, inork baino lehen film honen edo bestearen inguruan daukazun iritzia sareratzea.

Zuei nire iritzia bezain beste interesatzen zait niri zuena. Artikulu honetan esandako zerbaiti erantzun nahi badiozue bilatu nazazue sare sozialetan... A, eta Aitzol Aramaiorekin bat egin nahi duenak, urriaren 11tik 14ra Marabilli jaialdia, Ondarroan. Nik dakidala, han ez da Facebook izango medium lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.