martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Drama Donibane Lohizunen

2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Zur eta lur utzi du gure herriko hezkuntza komunitatea asteazkenean Donibane Lohizuneko eskola bateko 16 urteko ikasle gizonezko batek irakasle emakumezko bat hil izanak. Maiz samar kexatu dira irakasleak arazoak dauzkatela eskolan errespetua irabazteko. Gure ikasle garaian diziplina zen erabiltzen zen kontzeptu ia bakarra, ez zegoen besterik. Batek agindu eta besteek bete. Zenbait kasutan, jardun molde hura gertuago zegoen armadaren kuartel batetik eskola batetik baino.

Zorionez, asko aldatu da irakasleek, hala nola gurasoek etxean seme-abalekin, eskola eta gela kudeatzeko modua. Irakasleek askoz prestakuntza pedagogiko handiagoa daukatela eta, egiten duten lan handiaren ondorioz, ez beti egoerarik onenean, ikasleen konplizitatea sustatzen dute zenbait erabaki hartzeko orduan, eta kogestiorako aukera gehiago errazten dituzte. Salbuespenak salbuespen.

Garai batean baino ahalegin handiagoa egin da ikasleek eskolaren parte ikus dezaten beren burua, eta horrek lagundu egiten du beste era bateko pertsonak lantzen. Donibane Lohizuneko gertakizuna muturrekoa da, duda egiten dut inoiz gertatu ote den hori bezalakorik gure herrian. Baina muturrekoak ez gertatzeak ez du esan nahi, hala ere, ez dagoenik arazorik irakasleen segurtasunarekin, maiz entzun diegulako kexua egiten zenbait ikasleren jokabide gogorragatik. Irakaslea, Donibane Lohizunen bezala, emakumezkoa denean, are babesgabeago aurkitzen da.

Irtenbidea ezin da izan eskoletako segurtasun neurriak gogortzea, kasu bakana izan delako. Esan izan dugu gurean ezin dela sekula horrelakorik gertatu, horrelakoak ia AEBetan bakarrik jazotzen direla. Iritsi da, baina ezin dugu eskola gotorleku bihurtu.

Topiko bat da, beste arlo batzuetan ere erabiltzen dugulako, baina beharrezko topikoa: irakaskuntza, irakaskuntza eta irakaskuntza. Eskolek baliabideak behar dituzte ikasleak ezagutzeko, ez zelatatzeko, baina, ahal den neurrian, bai zenbait arazo igartzeko.

Zorionak, Vicent eta Vilaweb, Marti Gasull i Roig sariagatik. Ondo merezita.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.