ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Zentzua eta zantzuak

2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zalaparta sortu da Joe Bidenek SARS-CoV-2ak laborategitik ihes egin ote zuen ikertzeko agindua eman duela eta. Konspirazio zaleek arrazoia dute, orduan? Koronabirusa ez al zen, bada, saguzarretatik iritsi gugana?

Izatez, bi hipotesiak hasieratik egon dira mahai gainean. Horrek ez du esan nahi, ordea, biak maila berean daudenik: saguzarren hipotesia sendoagoa da, eta zantzu gehiago ditu zuzena dela pentsatzeko. Baina, oraindik ez denez frogatu, ezin da baztertu birusaren jatorria beste nonbait egon daitekeela, esaterako, laborategi batean.

Munduan, arrisku handiko patogenoak dituzten 60 laborategi inguru daude, orain eraikitzen ari direnak edo eraikitzeko asmotan direnak barne. Biosegurtasun-maila gorenekoak dira (4. maila), eta 23 herrialdetan daude sakabanatuta; gehienak, hogeita bost, Europan. Txinan, berriz, hiru daude; haietako bat, non, eta Wuhanen.

Gainera, Wuhango laborategiak bazituen saguzarren koronabirusen laginak, eta 2019ko abenduan lekuz aldatu zen. Beraz, gertatu, gerta zitekeen. Osasunaren Mundu Erakundeak, ordea, martxoan kaleratu zuen koronabirusaren jatorriari buruzko ikerketen azken txostena, eta, han, baieztatu zuen lekualdatzean segurtasun-neurri zorrotzenak bete zirela. Gainera, Wuhango laborategiko birusen sekuentzia genetikoak ez ziren SARS-CoV-2arenaren berdinak.

Hain zuzen, inon ez dute topatu SARS-CoV-2aren sekuentzia duen birusa, gizakiotan aurkitu zuten arte. Orain, guk kutsatutako beste espezie batzuetan ere aurkitu da birusa: bisoiak, katuak, txakurrak, lehoiak, tigreak, gorilak... Bestela, sekuentzia antzekoena duen birusa saguzarretan aurkitu dute; hortik dator jatorria saguzarretan dagoela dioen hipotesia.

Zantzu askok indartzen dute hipotesi hori. Hasteko, bazegoen horrelako zerbait gerta zitekeelako susmoa. Joxerra Aihartza Azurtza zoologoak eta saguzarretan adituak, esaterako, garbi zuen. Baina garbi du, era berean, arazoa ez direla saguzarrak, baizik eta haien habitataren eta gurearen artean dagoen muga gero eta lausoagoa dela. Izan ere, giza jardueraren ondorioz, eremu basatiak desagertzen ari dira, eta, beraz, lehen bereizita zeuden patogenoak eta bizidunak orain elkartu egiten dira.

Elisa Perez Ramirez albaitari birologoak ere Elhuyar aldizkariari aitortu dio bazekitela «suarekin jolasten» ari ginela, eta gogorarazi du OMEk ere COVID-19a agertu aurretik ohartarazi zuela gero eta maizago agertzen direla animalietatik sortutako gaixotasun berriak. Apustu egitekotan, gripearen birusen baten alde egingozukeela esan du; dena dela, ez zuen inolako zalantzarik arnas birus bat izango zela. Eta hala izan da.

Ez dago, beraz, azalpen arrarorik bilatu beharrik: arrazoiak hor daude, bata bestearen atzetik. Saguzarren birusa gizakietara zein animaliaren bitartez iritsi den jakitea falta da, eta litekeena da pauso hori argitu gabe geratzea.

Baina hori jakitea baino askoz ere garrantzitsuagoa da horrelakorik berriro gertatzeko arriskua apaltzeko neurriak hartzea. Hain justu, arriskua hor dago: aste honetan baieztatu dute pertsona bat, Txinan, hegazti-gripearen birus batekin kutsatu eta gaixotu dela.

Irtenbidea ere proposatu dute zientzialariek: Osasun Bakarra estrategia, hau da, ingurumenaren eta animalien osasuna zaintzea, gizakion osasuna zaintzeko. Azken finean, Perezen hitzetan, «ingurumena zaintzea da txertorik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.