Zalantzak argitzeko, 41 egun: desobedientzia edo zapuztea

Galdeketaren aldeko alderdiek gaurtik hasiko dute kanpaina.ERCk eta CUPek dei egin dute Auzitegi Konstituzionalari jaramonik ez egiteko

mikel rodriguez
2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentua 2012ko irailaren 27an desegin zuten, hauteskundeetara deitzeko asmoz. Egun horretan finkatu zuen hurrengo agintaldirako lehentasuna: burujabetzaren inguruko galdeketara deitzea. Ordutik bi urte bete ziren atzo, hain justu, eta gidoiari eutsi dio kontsultaren aldeko gehiengoak. Baina behin hori eginda, erronka nagusia datozen 41 egunetan eustea dute. «Auzitegi Konstituzionalak debekatuko balu, horri botoa emanez erantzun behar zaio», adierazi du Oriol Junquerasek, ERCko buruak.

CiUren ondotik Kataluniako indar nagusia da ERC. «Kontsultaren aldeko konpromisoa hagitz sendoa da, eta ziur gaude galdeketa posible izan dadin munduko demokrata guztiek babestuko gaituztela», adierazi zuen Junquerasek atzo, Artur Mas Kataluniako presidenteak galdeketara deitzeko dekretua sinatu ondoren. Nahiz eta zalantza anitz argitu gabe dauden, galdeketaren kanpainaz solas egiten hasi dira alderdiak. CiU koalizioa osatzen duten biak, adibidez. Masen CDCk jakinarazi du gaur bertan ekinen diola kanpainari. «Azaldu nahi dugu Kataluniarentzat aukera hoberena estatu burujabe bat dela», adierazi du Josep Rull alderdiko koordinatzaile nazionalak. CDCk baiezkoaren alde eginen du bi galderetan —Nahi duzu Katalunia estatu bihurtzea? eta Baiezkoan bazaude, nahi duzu Estatu hori independentea izatea?—. CiUko bertze alderdiak, ordea, gauzak ez ditu hain argi. Unioko idazkari nagusi Ramon Espadalerrek jakinarazi du heldu den igandean eginen dutela Kontseilu Nazionala. Lehenbiziko galderari baietza emanen dio Uniok, baina bigarrena kontseiluan erabakiko dute. «Debate hori bai ala bai eginen dugu, Auzitegi Konstituzionalak egiten duena eginda ere».

«Defentsa hoberena», kalea

Hain zuzen, Espainiatik etorriko diren debekuen aitzinean alderdiek emanen duten erantzunak sortzen ditu zalantzak. Junquerasek atzo adierazi zuen Auzitegi Konstituzionalak debekatu arren botoa emanen dutela, «horrek desobeditzea suposatzen badu ere». Desobedientziaren alde argien CUP mintzatu da orain arte. Quim Arrufat diputatuak erran du Auzitegi Konstituzionalak galdeketa deitzeko dekretua bertan behera utzita ere CUPek kanpainari eutsiko diola. «Kontsultaren defentsa hoberena jendea karrikara ateratzea da». ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek independentziaren alde sortutako Ara es l'hora kanpainak Masek dekretua sinatu ondoren agerraldia egin zuen atzo, eta batasuna eskatu zien kontsultaren aldeko alderdiei.

Kataluniako unionismoak, ordea, ez dio deus positiborik ikusi galdeketaren deialdiari. Miquel Iceta PSCko buruak uste du Masek «frustrazioa elikatu» duela. PSCk agintzen duen 79 udaletatik erdiak, baina, galdeketaren alde agertu dira. Alicia Sanchez-Camacho PPko buruak, berriz, Masi egotzi dio «Berlinen erori zen bezalako harresi bat» eraiki nahi izatea, eta Ciutadanseko Albert Riverarentzat Masek «bere heriotza politikoa sinatu du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.