75. Musika Hamabostaldia. Iñaki Alberdi. Akordeoi jotzailea

«Sonoritateak zehaztuko du akordeoiaren geroa»

Hatzak astindu soinua ateratzeko. Burua astindu soinu hori bide berrietara eramateko. Iñaki Alberdi munduko interprete laudatuenetakoa da. San Telmo museoan ariko da etzi, Hamabostaldiak musika garaikideari eskainitako zikloan.

Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2014ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Ondo ezagutzen du Donostiako Miramar Jauregia. Han dago Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko egoitza, eta han aritzen da akordeoi irakasle. Egunotan, baina, bestelako langintza batean dihardu. Musika Hamabostaldian, musika garaikideko zikloaren barruan, etzi Donostiako San Telmo museoan (20:00) emango duen kontzertua prestatzen ari da Iñaki Alberdi (Irun, Gipuzkoa, 1973). Musika tresna bide berrietara eramaten egindako lanagatik aitortza jaso du munduan barrena, eta, ondorioz, konpositore entzutetsuenek obrak sortzen dizkiote berak lau haizeetara zabal ditzan. Orkestra indartsu askorekin jo izan du, eta aitzindarietakoa da orkestra horietan akordeoi bakarlari modura aritzen. Akordeoiaren bilakaerarekin erabat inplikatua sentitzen du bere burua, eta akordeoia bera lau haizeetara zabaldu nahi luke, baina «kalitatearen bidetik». Berrikuntzaren bideari helduta prestatu du Hamabostaldiko kontzertua ere; zenbaitetan bakarrik ariko da; beste zenbaitetan ganbera orkestrak lagunduta, eta beste batzuetan Rafael Galvez perkusio jotzailearen laguntzaz. Toshio Hosokawa, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena, Felix Ibarrondo, Jose Maria Sanchez Verdu eta George Friedrich Haasen obrak interpretatuko ditu. Berritasun handiena, ordea, musika tresna izango da, akordeoi mikrotonalarekin ariko baita pasarte askotan. «Instrumentu erabat berria da niretzat. Ni ohitua nago botoi bat zapaldu eta soinu bat atera dadin; orain, botoi hori zapalduta, beste soinu bat ateratzen da. Lehenik, musika tresna hori jotzen ikasi behar izan dut, eta, ondoren, instrumentu horren soinu ahalmenak ikertu behar izan ditut, oso desberdinak baitira».

Zein aukera ematen ditu mikrotonalitateak?

Har dezagun piano bat: tekla zuriak eta tekla beltzak ditugu. Bi tekla mota horien artean leudekeen notak ditugu instrumentu mikrotonalean. Asiako musikan, hinduan, adibidez, oso ohikoak dira nota eta musika tresna horiek, baina oso arraroak Mendebaldeko kulturetan. Nota gehiago izatean, interbalo gehiago ditugu; sonoritate desberdin eta bibrazio desberdin gehiago, hortaz. Funtzionamendua oso desberdina da; esaterako, crescendo bat egitean, soinua eta emaitza oso desberdinak dira.

Nola iritsi da zure eskuetara akordeoi mikrotonala?

Lagun musikari finlandiar handi bat daukat; Veli Kujala. Hura izan da musika tresna horren sustatzaile eta aitzindaria. Niri asko gustatzen zait sonoritatearekin lan egitea. Lantzen dudan errepertorioa edozein delarik ere, niretzat soinua bera da helmuga. Aurrez, lan musikal guztia dago jakina, baina behin obra ulertu eta zeureganatu duzunean, zure bertsioa osatzeko sonoritatea lantzea interesatzen zait. Gainera musika garaikidea lantzen dut, eta pentsatu eta intuizioa sentitu nuen oso eroso sentituko nintzela akordeoi mikrotonalaren sonoritatea lantzen. Tonu laurdenek asko laguntzen dute sonoritatearen lanketa edo esperimentazio horretan. Velik egina zuen lan esperimental hori, eta nik behar nuen bilakaera hori. Lehen aldiz ariko naiz zuzenean tresna honekin.

Interes handiagoa duzu akordeoiaren atonalitatean tonalitatean baino?

Zaila da hori zehaztea. Eman dezake mikrotonalitateak ez duela tonalitaterik, baina ez da egia. Estreinatu behar dudan obrak, esaterako, pasarte harmonikoak ere baditu. Oso kuriosoa da. Tonu laurden batzuk jo eta soinu disonantea atera liteke, baina, bat-batean tonu baxu bat sartu, eta deskubritzen duzu harmonia bat sortu dela. Oso efektu polita da. Pentsa dezagun aurrean irudi lauso bat dugula eta bat-batean argitu egiten dela eta garbi ikusten dela; antzeko efektua litzateke. Soinuaren dimentsioarekin jolastu egiten da; lausotu, argitu, zabaldu, itxi... Jolas sonoro ederra da. Aukera hori ez dago ohikoa dugun akordeoiarekin; dena oso garbi baitago beti.

Akordeoi mikrotonala erabiltzeak, beraz, bat egiten du zuk daramazun ibilbidearekin; hau da, errepertorio berria sortu eta esperimentatzearekin.

Bai, erabat lotua dago. Ez soilik nire ibilbidearekin, baita musika tresnarenarekin ere. Akordeoiari oso gauza garrantzitsuak ekarriko dizkio. Akordeoia, gaur egun, zabalkunde handienaren garaian dago, maximalismo betean. Egin litekeen guztia eskatu zaio instrumentuari; hamabost erregistro, lau ahots esku batean, beste hiru bestean, zazpi zortzidun... Denetik hartu du akordeoiak, eta ahalik eta pisu gutxien izan dezala, gainera. Hori lortu da. Nik uste dut errepertorioak berak esango digula sartu dugun guztitik eta asmatu eta berritu dugun guztitik zer zaigun baliagarri, zer dugun konpentsagarri. Adibidez, baldin badut erregistro bat hiru urtez behin erabiltzekoa, pentsatu beharko dut merezi duen ala ez. Hemendik aurrera sonoritateak zehaztuko du akordeoiaren geroa, eta sonoritate horren bilaketak.

Zenbait akordeoi jotzaile, berriz, tonalitatera itzultzearen aldeko jarrera azaltzen ari dira...

Baina hori musika tresna guztietan gertatzen da: biolin jotzaileak, txelo jotzaileak, konpositoreak eta beste ere badaude horren alde. Musika tresna batzuk errazago dute etorkizunera begira jartzea, orain-oraingo tresnak direlako: saxoa, akordeoia... Eta beste instrumentu batzuk lehenaldikoak dira: gitarra, esaterako. Gitarra jotzaile batzuek iraganera begiratzen dute, eta beste batzuek, etorkizunera, baina hori musika tresnaren aberastasuna da; egin dezakete hori. Akordeoiarekin ezin genezake oso atzera begiratu, oso tresna berria delako; 1829koa da lehen patentea, eta, musika tresna garatu modura, XX. mende erdikoa. Beraz, atzera begira jartzen bagara ere, oso hurbil dugu instrumentuaren iragan osoa.

Noiz erabaki zenuen akordeoia izango zela zure musika tresna?

Nire inguruan aitona nuen soinu jotzailea; bileretan eta festetan jotzen zuen. Saiatu zen zerbait irakasten. Niri gustatzen zitzaidan, baina artean ez nuen sentimendu berezirik musikarako; futbola eta bestelakoak nituen buruan. Gurasoek bultzatu ninduten solfeoa eta musika ikastera, baina, hasieran, esperientzia ez zen ona izan. 15 urterekin Carlos Iturralde maisuarekin hasi nintzen ikasten, eta orduan aldatu zitzaidan txipa. Esku soinua ere aldatu nuen. Lehen teklekin jotzen nuen, eta akordeoi kromatiko botoiduna jotzen hasi nintzen. Carlosekin ikusi eta ikasi ahal izan nuen nola zen posible musika tresna harekin hainbeste gauza egitea. Ez zen hainbeste obrak jotzea; musika bera deskubritu nuen. Hortik aurrera, lan pedagogikoa egin nuen.

Musikenen irakasle zara. Zeuk jasotako lan pedagogikoa orain zeuk zabaltzen duzu.

Bai, lan ederra iruditzen zait. Musikarekin lan pedagogiko izugarria egin liteke. Oso erreminta baliagarria da, eta ezin sinetsizkoa da nola ez dagoen txertatua irakaskuntzan modu sendo eta arautu batean. Musikaren bidez sentsibilitatea lantzen da, lanerako gaitasuna lantzen da, ardurak hartzeko gaitasuna lantzen da... Baita besteekiko harremanak eta kultur transmisioa ere. Ez dago hori guztia eskaintzen duen ia beste aktibitaterik. Esperientzia gizatiar pedagogiko oso garrantzitsua da edonorentzat, nahiz eta etorkizunean musikarik egingo ez duen. Jakingo du proiektuak aurrera eramaten, jakingo du jendaurrean moldatzen, perfekzionista izaten, batzuetan obsesibo bihurtzeraino... Azken finean, independente izateko behar diren erremintak jasotzen ditu pertsona batek musikaren bidez.

Europakoa ez ezik, munduko akordeoi jotzaile onenetakotzat zaituzte askok. Hala ere, zure izena ez da oso ezaguna Euskal Herrian. Zergatik?

Nire lanaren testuingurua ez da soilik Euskal Herrikoa. Tira, ni ez naiz ezaguna ez hemen eta ez inon, baina nire lana egiten dut munduan barrena. Urtean bizpahiru aldiz jotzen dut Euskal Herrian. Normalean kanpoan aritzen naiz, eta nire lan sarea posible da leku askotan aritzen naizelako. Beste musika batzuekin akaso posible da hemen, Euskal Herrian, kontzertu dezente ematea, baina zailago izaten dute Euskal Herritik irtetea. Niretzat alderantzizkoa da. Konpositore aleman edo errusiar batek idazten badu zerbait niretzat, ni hara joango naiz; gero saiatuko naiz Euskal Herrira etorri eta lan hori erakusten, hori bai.

Hala ere, akordeoia zabalkunde fasean dagoela esan duzun arren, akordeoiak ez du izan beste musika tresna batzuek adinako prestigiorik. Zergatik?

Bai, egia. Akordeoiaren eta musika txarraren artean egon den harremana historikoa izan da. Hasieran, akordeoia —kontzertina deitzen zitzaion orduan— kultur eliteentzako musika tresna zen; jauregietan aristokraziako jendearentzat jotzen ziren melodia ezagunak akordeoiarekin. Bigarren Mundu Gerraren ostean, immigrazioari esker asko zabaldu zen akordeoiaren erabilera Europa osora, eta oso eite herrikoia hartu zuen. Baina horrek berekin instrumentuaren banalizatzea ere ekarri zuen, ahalik eta gehiena eta ahalik eta errazena jo nahi baitzen. Ez du esan nahi instrumentuak edo errepertorioak ez zutenik meritu eta mailarik, baizik eta jende amateurra hasi zela jotzen, eta oso pieza laburrak, gainera, ez obra handiak. Hala ere, gerora maila berreskuratu egin da. Nola? Bada, jatorrizko musikarekin, jatorrizko errepertorioetara itzuliz. Oraintxe disko bat grabatu dut Espainiako Orkestrarekin, azken hamabost urteetan orkestra eta akordeoiarentzat estreinatu ditudan lanekin; Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka, Jesus Torres eta Jesus Maria Sanchez Verdu konpositoreen lanak berreskuratu ditugu. Espainiako Orkestrak disko hori grabatu izanak esan nahi du akordeoi obra horiek ahazturik zeudela. Akordeoi tradizional batekin lagundu zenezake Pavarotti polkak egiten, edo filmetako soinu bandak egin zenitzake; ez diot ezetz, baina badakigu erregistro ezberdinak direla.

Hala ere, bere garaian herri instrumentu bihurtu izana ere meritutzat har liteke, ezta?

Bai, dudarik gabe, eta pena handia da ezaugarri hori galtzen ari dela ikustea. Ez dira gauzak nahastu behar. Jakin behar da musika tresna nondik datorren. Akordeoi mikrotonalean pentsatu, eta iruditzen zaigu arrarokeria bat dela, baina ez; akordeoiak berez dauka mikrotonalitatea. Akordeoi zaharrak bibrazio konstante bat zuen nota bakarrean, bi ahotsetara afinatua. Musika tresnarekin egin behar da herri musika, baina ez du hori bakarrik egin behar; jazzerako, transkripzioetarako, musika garaikiderako ere balio duen instrumentua izan behar du.

Interpretatzeko ez ezik, tentaziorik izan duzu inoiz zuk zeuk obraren bat konposatzeko?

Bai, baina desastre bat izan naiz; ez dut balio horretarako. Nik inprobisa nezake kontzertu batean, edo obra bat aurkez nezake hitzez jendaurrean, eta konposatu ere egin nezake, baina ez nuke kalitate berarekin egingo. Kontzertu batean hitz egiten dudanean, jendeak eskertu egiten du, baina nik neure baitarako hau diot: «A ze desastrea! Errepikatu egin zara, ez duzu ondo azaldu...». Horregatik esaten diot neure buruari nirea ez dela hitz egitea edo konposatzea, baizik eta jotzea. Horregatik, kontzertu honetan Eli Etxebestek hitz egingo du; hark azalduko du kontzertua. Eta ez du egingo egiten ari garena justifikatzeko, baizik eta giltza batzuk eskaintzeko publikoak ikus dezan ez dagoela ezer ulertzeko. Niri barregura ematen dit jendeak dioenean «Beethoven ulertzen dut, baina Hosokawa ez». Barkatu, zuk ez duzu Beethoven ulertzen; zuk txikitatik jarrera irekia izan zenuen Beethoven entzuteko. Ulertu behar den gauza bakarra da ez dagoela ezer ulertzeko. Kontzertura joan, burua ireki, entzun, tempoaz eta tinbreaz jabetu, koloreaz... Interpretearengan konfiantza izan eta hark eraman zaitzan utzi. Deskubritu, eta nahi duzuna eraman gero etxera. Ariketa pedagogiko bat da azkenean, nork bere etxean ere egin dezakeena; ez dadila izan dena modu berekoa, koadrikulatua. Mugak haustea da kontua. Cezanneren natura hilen eta Kandinskiren landscape-en arteko aldea aipatzen dut halakoetan. Batak eta besteak oso gauza desberdinak transmititzen dituzte, baina bietan dago sentsibilitate handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.