Errekaleorreko 26. ataria, epailearen erabakiaren zain

Aurkeztutako agiriak aztertuta ebatziko du, hilabete bateko epean, etxebizitza okupatutako bizilagunen egonaldia legezkoa den

Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Gasteizko Errekaleor auzoko 26. atariko bizilagunen auzia hilabete inguruko epean argituko da. 21 Zabalguneko —udalaren hirigintza elkartea da— eta eraikin okupatuko bizilagunen abokatuek epaiketaren aurreko auzialdia izan zuten, atzo. Epaileak erabaki zuen epaiketarik ez deitzea: bi aldeek aurkeztutako txostenak aztertuta ebatziko du 26. atariko bizilagunen egoera.

Epaileak erabaki beharko du 21 Zabalguneak jarritako salaketa zilegi den ala ez. Atari horretan bizi diren gazteek etxebizitza modu «ilegalean» erabiltzen ari ote diren. Bizilagunen abokatuak argudiatu du gazteek Gasteizko Udalaren oniritzia dutela azpiegitura hori erabiltzeko. 2014ko urrian EH Bilduk eta PSE-EEk onartutako mozio batean gazteak bertan egotera baimendu zituzten, bestelako hirigintza egitasmo bat erabilera horrekin gatazkan sartzen ez zen bitartean. Beraz, gazteak jabetzarik gabeko bizilagunak izanda ere, etxebizitzen erabilera zilegizkoa egiten ari dira, jabearen baimenarekin. Abokatuak jakinarazi duenez, epailearen erabakia bizilagunen kontrakoa bada ere, ez dute etxebizitza unean bertan utzi beharko. Udal elkartearen gobernu batzarraren oniritzia jaso beharko du.

Errekaleorreko 26. ataria okupatu zuten lehenik; ordutik, beste hainbat okupatu dituzte, baina auzitegietara heldu diren bakarrak aitzindariak izan dira. Alde horretatik, 26.ekoen abokatuak jakinarazi du ez dela hasi beste atarien kontrako auzibiderik. Atzo bertan El Correo egunkariak hemezortzi salaketaren berri eman zuen, baina 21 Zabalguneko abokatuak hori gezurtatu zuen. Bestalde, Errekaleor Bizirik elkarteak jakinarazi du Gasteizko guardiako epaitegian salaketa jarriko dutela iragan asteko gertaerengatik. «Auzotik botatzeko legez erabili beharreko prozedura judizialaren ordez, PPk eta EAJk etxebizitza mobbing-aren bitartez bota nahi gaituzte».

Kanpaldia Plaza Berrian

Zenbait elkartek 24 orduko kanpaldia hasiko dute apirilaren 17an, Plaza Berrian, Gasteizko Udalaren etxebizitza politika salatzeko. Nabarmendu dute badirela etxebizitza soziala alokatzeko diru sarrera nahikorik ez duten pertsonak, baina baita udalak 500 etxebizitza huts dituela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.