Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Txanponaren bi aldeak

Euskal alderdiek «zentralizazioa eta konponbide falta» salatu dituzte. Espainiako indarrak beren hautagaiak defendatzera mugatu dira

Espainiako presidente izateko hautagaiak, eztabaidan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako presidente izateko bost hautagai nagusiek hauteskunde eztabaida egin zuten astelehen gauean, eta bertan hitz egindakoak Euskal Herrian ere utzi du zeresana. EAJko Bizkaiko zerrendaburu Aitor Estebanek salatu du Pedro Sanchez PSOEren buruak, erreferendumak Zigor Kodearekin zigortzea erabakita, ez diola inolako konponbiderik eman «lurraldetasun arazoari». «Ez da egon Euskadiri zuzendutako proposamen bakar bat ere. EAJ ez badago, ez da Euskadiz hitz egiten», gaineratu du. Sanchezek hezkuntzaren eta komunikabideen inguruan egindako proposamenak «kezkagarriak» iruditzen zaizkio autogobernuarentzat, Eusko Jaurlaritzaren konpetentziak direlako. Voxek EAJ legez kanpo uzteko eskatu ondoren PP eta Ciudadanos isilik geratu direla ere salatu du.

Horri buruz mintzatu da EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegi ere. Azaldu duenez, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari esan izan dio alderdiak legez kanporatu direla Euskal Herrian. Hala ere, ziurtatu du norbaitek EAJri hori egitea proposatuko balu, EH Bilduk ez lukeela esango biktimarena egiten ari dela edo hauteskunde kanpaina egin nahi duela. «EAJ legez kanpo utziko balute, ez ginateke hauteskundeetara aurkeztuko, eta ez genuke esango estatu hori demokratikoa denik», gaineratu du.

Eztabaida hasi berritan bere izena aipatu izanari ere egin dio erreferentzia Otegik: «Ez dakite gu gabe eztabaidatzen; haien obsesioa gara, gure botoa delako min egiten diena». Gainera, esan du ez daukatela konponbiderik Euskal Herriarentzat, eta Pedro Sanchezek erreferendumak debekatu nahi izatea ere izan du hizpide: «Norbaitek uste du ez dugula bozkatuko kartzelara eramango gaituztelako?», galdetu du.

Bakoitzarena defendatuz

Alderdi espainiarrek bakoitzak bere hautagaia goraipatzeko baliatu dute eztabaidaren biharamuna. Elkarrekin Podemoseko buru Lander Martinezek nazio aniztasunari erreparatu dio: «Sanchezek alde batera utzi du nazio aniztasunaren defentsa, eta eskuinera eta aukera zentralizatzaileenetara begiratzen du». Gaineratu du eztabaidan argi geratu dela zer alderdik defendatzen duen nazio aniztasuna eta zeinek zentralizazioa, eta nork egiten duen demokraziaren alde eta nork alderdi politikoak legez kanpo uztearen alde. Koalizio handi bat sortzeko arriskuaz ere ohartarazi du Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garridok: «PSOEren eta PPren arteko koalizioa mehatxu zentralizatzailea eta neoliberala da». Hori ikusirik, jendearen interesak defendatuko dituen koalizio gobernu bat osatzeko, beren burua aurkeztu dute: «Beti egongo gara demokraziaren alde», gaineratu du Martinezek.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak Pedro Sanchez defendatzeko aprobetxatu du hauteskunde eztabaidak eskainitako parada, eta haren proiektuari babesa eskaini dio: «Sanchezek zuzentzen duen proiektu aurrerakoiak eta berdinzaleak erraz irabazi du eztabaida», azaldu du. Gainera, ziur dago herritarren gehiengoak aukera hori babestuko duela. «Euskal sozialistek helburu hori lortzen lagunduko dugu, Euskadirentzat ere onena delako».

Alfonso Alonso PPko Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak ere bere hautagaiaren alde egin du. «Pablo Casadok eztabaidan erakutsi zuen alternatiba sendo bat ordezkatzen duela», ziurtatu du. Hori dela eta, herritarrei eskatu die ez etsitzeko, eta nabarmendu du gai direla hauteskundeak irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.