Maite Elizondo.
PENTSALDIAN

Ze polittak zareten!

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Kaixo, nerabe!! Zer moduz zaude? Apirileko oporraldiaren ondoren eskolako azken txanpa hasi berria izango duzu segur aski.

Azken bi urte luze hauetan aldaketa eta neurri berri askotara egokitu behar izan duzu esfortzu handia eginez, eta orain oporretatik bueltan beste aldaketa bat, ezta?! Gela barruan musukoa kentzearen aukera. Seguraski batzuek gustura gordeko duzue poltsikoan maskara; beste batzuei, aldiz, ekintza honek urduritasuna eta lotsa eragingo dizue agian. Sentsazio horri, aurpegia erakustearekin batera beldurra, ezinegona edo lotsa sentitzeari «aurpegi hutsaren sindromea» deitu diote. Ez da gaixotasun bat, zenbait lekutan musukorik gabe egotean sentitu daitezken sintoma batzuk baizik. Saiatuko gara denon artean aldaketa berri honetara egokitu zaitezten, behar duzuen erritmoa errespetatuz eta sentitu ditzakezuen urduritasun eta beldurrei aurre egiteko tresnak eskainiz.

Ea oraingoan helduok, estutu eta epaitu ordez, zuen barruak ulertzeko saiakera egiten dugun, errespetua eta entzute aktiboa bidelagun izanik eta estigmatizazioa bazter batera utziz.

Badakigu osasun biopsikosozial onuragarria izan dezazuen prebentzioa dela tresnarik eraginkorrenetako bat, eta pandemia gogor hau kudeatzeko unean ez dira zuen behar eta ezaugarriak behar bezainbeste zaindu. Ikuspegi helduzentristak ez zaituzte merezi duzuen moduan babestu. Ezinegon ezberdinak sentitu dituzue: eziurtasuna, antsietatea, egunerokotasunean aurrera egiteko gogo falta, galduta egotearen sentsazioa, ez ulertuak sentitzearen mina. Gehiegitan zuen autoestimua urratua izan da. Batzuetan arraro eta nahastuta sentitze hau, min psikoemozionala, modu gordinez komunikatu duzue: autolesioak, elikadura nahasmenduak eta isolamendua topatu dituzue espresio bide, osasun sistema publikoak zuek artatzeko aukerak indartzen ez zituen bitartean, ibilbide pandemiko hau estuagoa eta gogorragoa eginez.

Saiatu gaitezen helduok nerabe zoragarri hauei komunikazio bide aproposak eraikitzen: beraien afizioen inguruan interesa adieraziz, gustuko duten janzkera errespetatuz, sozializatu daitezen herrietan espazio eta ekintzak sortuz. Eskaini diezaiegun beraien barruak espresatzeko askatasuna; maitasun eta errespetu begiradekin beraien bizitza goxatuz.

Ea osasun mental publikoko zerbitzua indartu dezaketen agintariek nerabeek bizitzen dituzuen aldaketa, zalantza eta minen ahotsei belarriak eskaintzen dizkieten, profesional gehiagori lana eskainiz, sentitu ditzakezuen talka psikologikoak bideratzen laguntzeko aukerak zabalduz.

Maite zaituztegu, asko maite zaituztegu. Nahiz eta batzuetan helduok haserretzen garen eta zuek ulertzea kostatzen zaigun, jakin ezazue pozik zaudetenean maite zaituztegula, tristura sentitzen duzuenean maite zaituztegula, nahasmendua azaleratzen duzuenean maite zaituztegula, asko!

Ederrak zarete, benetan polittak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.