Lurraldea eta hizkuntza: oraina eta geroa

Unai Fdz. de Betoño eta beste
2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Datorren maiatzaren 12rako Lurraldea eta hizkuntza jardunaldietako hirugarren eta azken edizioa antolatu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk, gaiaren inguruko oraina eta etorkizuna aztertzeko asmoarekin. 2014ko lehen edizioan kezka soziolinguistiko garrantzitsu bat mahai gaineratu genuen: udalerri euskaldunenetako euskara-indizeak arduratzeko moduan jaisten ari dira, eta, horrek, besteak beste, hipermugikortasunean oinarritutako azken hamarkadotako hirigintza-eredu postmodernoarekin du erlazioa. Horrekin batera, hirigintza-proiektuen eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna baten beharra aldarrikatu genuen, 2015eko edizioan aurkeztu genuena.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) prebentziorako tresna ezinbestekoa da, zenbait adierazle eta atributuren bidez hirigintza-proiektuek sorraraz ditzaketen hizkuntza-kalteak aurreikusten eta neurtzen dituena. Moderatuak izango direla aurreikusiz gero, hizkuntza-kalteak neurri zuzentzaileen bidez txikitzeko aukerak ere aztertu beharko lirateke, ingurumen-kalteekin egiten den bezalaxe. Besteak beste, horri buruz jardungo dugu aurtengo Lurraldea eta hizkuntza kongresuan. ELEren derrigorrezkotasuna udalerri euskaldunetan Udal Lege berriaren 7.7 artikuluan txertatu izana aurreko bi jardunaldiotan egindako hausnarketa eta analisien fruitu da, eta ez da gutxi. Hala ere, lanerako beste zenbait ildo ikusten ditugu etorkizun gerturako, helburua ez delako soilik arnasguneak babestea, baizik eta euskal lurgunea biziberritzea eta, ondorioz, baita gehiago zabaltzea ere. Hirigintza-datuak eta euskararen bilakaera-datuak gurutzatzen jarraitzea; ELEak lantzeko teknikariak trebatzea; politikariak gaiarekiko sentsibilizatzea; neurri zuzentzaileen inguruko eztabaida eraikitzailea sustatzea...

Egin beharreko lan horien guztien lagin bat erakutsiko dugu maiatzaren 12an: Gaindegiaren azterketa urbanistiko-linguistiko berri baten aurkezpena; Orioko Hiri Antolakuntzarako Plan Orokor berriaren hizkuntza-eragina neurtzeko ELE; Baztango Aroztegia proiektuaren ELE; hizkuntza-kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileetarako zenbait aukera; Udal Legetik haragoko ELEren txertatze legala, bereziki lurralde-antolakuntzaren arkitektura juridikoan…

Eta, arestian aurreratu bezala, jardunaldien zikloari amaiera emango diogu hirugarren kongresu honekin. Baina ez gaiaren lanketa-prozesua amaituta ikusten dugulako, edo nekatuta gaudelako, baizik eta kontrakoagatik: lurraldea eta hizkuntzaren arteko binomioaren azterketari jauzi kualitatibo bat eman nahi diogulako. Aurreko bi kongresuak MOOC online-ikastaro banarekin osatu bagenituen, oraingoan iruditzen zaigu badela garaia graduondoko bat antolatzeko. Unibertsitateko berezko titulu bat, hirigintzaren eragin linguistikoak ebaluatzeko adituak akademikoki prestatzeko. Dena ondo bidean, EHUk eta UEUk elkarlanean antolatuko dutena 2016-2017 ikasturtean, Kontseiluaren, UEMAren, Soziolinguistika Klusterraren, Gaindegiaren, Jakin Aldizkariaren eta Kutxa Ekogunearen laguntza ezinbestekoarekin.

Tirri-tarra, pausoz pauso ari gara. Euskal Herriko ingurumen-eraginaren lehen ebaluazioetatik oraindik ez dira igaro hiru hamarkada, eta dagoeneko ez zaigu burutik pasatzen azterketa horiek egin gabe obra handiak eraiki daitezkeenik. Ekosistema soziolinguistikoen gaineko eraginak ere identifikatu, interpretatu eta aurreikusi behar ditugulakoan gaude, alternatiba egokienak aukeratzeko. Euskararen eta euskaldunon euskarri den lurraldea modurik zentzuzkoenean antolatzeko, fragmentazio espaziala saihestuz, eta tokiko berezko komunitate linguistikoa indartuz.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK IZENPETUDUTE: Unai Fdz. de Betoño, Paul Bilbao, Miren Segurola eta Iñigo Urrutia (Lurraldea eta hizkuntza jardunaldietako batzorde akademikoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.