Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Iraila

2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Liburu-dendetako ateetan koloretako iragarkiak ipini dituzte gurasoei eskolarako liburuak, koadernoak eta motxilak erosteko gonbitea eginez. Udako goizetan nire ondoan kafea hartu duen irakasleak ez dauka joan den asteko aurpegi bera: barikuan lanera joan behar du. Ez du uda bereziki ona egin, eta langileak haserre daude: orain bai, orain lanera joan behar dutenean, eguraldi ona egingo du.

Telebista jo eta su ari zaigu bai iragarki eta bai programen bidez, kurtso hasiera gainditzeko beharrezko bitamina guztien berri ematen. Pentsatzen hasita nago hemendik ekainera lagunak ere ez ditudala ezagutuko: batzuk dieta egiten hasi dira gaur, beste batzuek erretzeari utziko diote, kirolari ematekotan dira zenbait eta dirua aurreztuko duenik ere bada. Haizeari promesak eginez bezala hitz egiten didate: ez dut txokolaterik jango gaurtik aurrera, egunero joango naiz korrika egitera. Eskerrak santuei promesak egin eta dirua botatzeko ohitura galdu zen...

Bai, iraila hemen dago. Faszikuluak biltzen hasteko garaia heldu da. Hauxe da ohiko egutegitik kanpo bizitzea gehien eskertzen dudan aldia. Hamaika hilabete ematen ditut bizimodu ordenatua dutenei inbidiaz begira. Neure buruari esaten diot astebete eskuan pultsera batekin edo hilabete bizkarrean motxilarekin egin ostean, eserleku bat zain izatea ez dela sentsazio txarra izango.

Baina gero iraila etortzen da berriro, eta dena egin gabe itzultzen da jendea lanera: etxea margotu gabe, ganbara garbitu gabe, liburuak irakurri gabe... lanean egon diren hamaika hilabeteetan deskantsurako eskubiderik irabazi ez balu bezala sufritzen dute askok. Etsita hitz egiten dute.

Eta desoreka orekatu dugunok urte guztia daukagu ganbara garbitzeko, eta abenduan oraindik garbitu barik badago, astirik izan ez dugulako izan da, baina ez oporretan denbora aprobetxatu ez dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.