Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Aberatsak gara

2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Martxoaren hasieran egunkari honetan Irune Lasak Europako ekonomiaren gainean artikulu interesgarria idatzi zuen, bi orrialdetara. Lehenengoan Europako koloretako mapan erraz ikusten zen batzuen eta besteen aberastasuna edota txirotasuna. Euskal Herriko hiru administrazioak alde aberatsean ageri ziren. Krisiak gugan eragina izan du, baina 2016an EAEko per capita errenta %121ean zegoen, Nafarroakoa %114an, eta Akitania (eskualde honetan dago Ipar Euskal Herria)apur bat beherago. Izan ere, 2016. urteko EBko 50. eskualde aberatsena zen EAE, Nafarroa 62.a, eta Akitania123.a. Makro datuak dira, jakina. Zenbaki handien miopia. Datu horietan ezin sarturik dago bart etxe aurreko zabor kontainerretan zerbaiten xerka ibili den emakume nagusia. Hotzak hiltzen egon arren berogailua pizten ez duen alarguna ere ez. Maiz, ez gaude lerroburuetan.

Lantoki alboan zementuaren gainean lo egiten duen etxebako bat bizi da. Irrati aparailu zaharra, paper horixka duten liburuak, koltxoi ziztrina eta manta zenbait ditu. Domeka goizetan errepidearen beste aldean hiru kotxe gelditzen dira. Zortzi bat gizon-emakume peto distiratsuz jantziak ateratzen dira. Tupperrez beteriko poltsa eramaten diote eta ondo ote dagoen begiratzen dute. Solas eta jolas aritzen dira une batez; beti pentsatu dut horixe dela gehien eskertzen duena. Irabazi asmorik gabeko fundazio baten kide dira, eta esan didatenez, kale gorrian bizi direnekin egiten dute gauza bera. Alegia, igande goizetan kalea: etxebakoarena, parranda ostekoena, jogging edo bicyng egiteko altxatu direnena, lanera ziztu bizian noan nirea, eta, fundazio honetako kideena dela. Tarte txiki batez mundua hobea iruditzen zait, ezelango zinismo barik diotsut. Lagun batek astean hirutan jantoki sozial batean bazkariak ematen zituela esan zidanean lez. Gero eta miresgarriago eta miragarriagoa egiten zait jende ona. Orokorrean, baina, aberatsak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.