Mikele Landa.
LARREPETIT

Aurpegia bigarren pertsonan

2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Lehengo egunean elkar ezagutzen zebiltzan bi lagunen arteko elkarrizketa bat entzun nuen isilean. Bata besteari bere bizitzaren inflexio puntu baten gorabeherak azaltzen zebilkion, eta aurrekoak, begiak zabal-zabal, isilune bat aprobetxatu eta bizitakoa ulertzen zuela adierazteko, deskribapenarekin jarraitu zuen. Hasieran ezagutzen ez zuen horren aitortza osatzeari ekin eta gertakariz gertakari, sentimendu batetik bestera, konturatu gabe, norberak bizitakoak bigarren pertsonan kontatzen amaitu zuen. Lehenengoa bigarrenaren ispilu bilakatuta, ordura arte beraien errealitateei buruz erreparatu gabekoez ohartu ziren biak. Zuzenean ikusi ezindakoak islaren bitartez deskubritu zituzten.

Berdin gertatzen zaie Ingmar Bergmanen Persona filmeko pertsonaiei. Hilabete honetan Euskal Herrian izan den P. Adams Sitney zinema historialariak aztertu bezala, Alma sendagileak (izena ez da kasualitatea), mutu geratu den Elisabet gaixoaren arazoa zein den asmatzeko ahaleginean, hitzak ipintzen dizkio berbarik egin ezin duenaren bizitzari. Azkenean rolak trukatuz, Elisabeten isiltasunak lortzen du Almaren arima azaleratzea. Bergmanek psikoanalisiaren funtsa irudikatzeko ahaleginean pertsona ororen ezintasun eta aldi berean ekin nekaezinena plazaratzea lortzen du: norbera eta norbere begiei zuzenean so egiteko nahia. Zuzenean ikusi ezin dezakegun gauza bakarra delako norberaren aurpegia. Hain zaigu propio, errepikaezin, berezko, intimo eta aldi berean arrotz. Gainontzekoek gu identifika ez gaitzaten estaltzen dugun lehenengoa da aurpegia, baina guk soilik zeharka ikus dezakegu. Entzunda daukat ametsetan, imajinazioak muga ia guztiak gaindi ditzakeen arren, ezin dugula sekula geure burua kanpotik ikusi, beste edonor izango bagina bezala, bigarren pertsonan. Eta hala ere beti egin izan dugu ahalegina; ispilurik egon ez den leku eta garaietan errekak eta aintzirak baliatuz, aurkitzen ez garenetan aurrekoarengan geure burua bilatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.