Mikele Landa.
LARREPETIT

Ahoz gora

2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Nire ahizparen etxea defendatuko dut... Nire ahizparen etxea defendatuko dut, zoritxarrez ez delako kalea gure sentitzen ez dugun leku bakarra, etxea ere badelako, ohea ere badelako, bakardadeak ere badirelako, jaio ginenetik ikasi dugulako beldurra izatea dela gure statu quo-a. (Eta alertan bizitzea, prest egotea, jasotzea, irenstea, irenstea, irenstea...).

Bai, badiot biktimaren tokian jarriz; eta ez, biktima izateak ez dauka nire izaerarekin zerikusirik. Biktima izateak ez duelako niri buruz ezer esaten, ez delako nire izaeraren ezaugarri bat, mundu honetan nire izatearekin hertsiki lotuta dagoen errealitate tamalez ukaezin bat baizik. Ni biktima izateak nigan edozein jazarpen ezartzen dutenen izaera soilik deskriba dezake. Nigan jasotzen dudanak egiten nauelako biktima eta ez Nitik sortutako ezerk. Beraz ez, ez naiz lotsatzen biktima naizela esateaz, biktima garela esateaz, biktima izateak ez gaituelako ahulago, zaurgarriago egiten, txikiago bilakatzen eta ez delako bizitza «normala» izateko ahaleginarekin kontrajartzen.

Bortxatuak izan garela onartzeak ez duelako gure izaerari buruz ezer esaten, bortxatu gaituzten horiei buruz baizik.

Pairatzen dugun egoera zein den ahoz gora esatean ez gara geure buruak biktimizatzen ari. Berriro diot, gu biktima bilakatzen gaituena jazarlea delako. Punto. Bere ekintzetan dago delitua eta horren aurrean guk hartutako jarrerak —dela aktiboa, dela pasiboa— ez du egindakoaren izaera aldatzen.

Beraz bai, biktima gara eta haserre gaude. Ni behintzat amorruak janda nago, gertatu ez zaizkidanak ere nire sentitzen ditudalako halabeharrez. Horregatik, defendatuko gara gure lekukotzak, esperientziak eta bizitzak bilakatuta arma. Nahikoa galdu dugulako bidean, irentsitako guztia okatuta osa dezagun aitortzen sare bat. Izan dadila helduleku.

...mantendu gaitezen zutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.