Mikele Landa.
LARREPETIT

Irla mortura

2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zer eramango zenuke irla mortu batera?ยป galderarekin hasten den jokoak erakarri egiten gaitu. Erronkak, amets bidez bada ere, berriro hasteko aukera ematen digulako. Berehala, ezinbestekoak diren gauzak detektatzen dituen balantza imajinarioa martxan jartzen dugu. Ondasun horiek badaezpadarako ditugun besteekin lar nahastuta baitauzkagu, noizbait zinez balioa izan duten baina egun soilik sentimentalak izatera pasatu diren horiekin batera.

Beraz, jokoak behartzen gaitu maleta bat hartu eta bertan sartutakoekin bakarrik bizi bat irudikatzera. Horretarako, etxeko bazterretan pilatutakoa iragaziz ezinbestean. Zakutoa osatzeak hamaika buruhauste eta esfortzu andana dakartza berarekin, baina bizitoki berrira heldu eta paketatutakoa desegiteak asebete baino ez gaitu egingo. Arauak malguak dira, ordea, galderari erantzuteko denbora nahikoa hartuz gero ondasun materialak alde batera laga eta pertsonak, sentipenak eta baita gaitasunak ere aukeratzeko apeta suertatzen da gugan. Behin amesten hasita, gure izaera eta ahalmenak ere iragazi nahian.

Urte hasiera irla mortu bat da. Amaitu berri den urtean zehar bidelagun izan ditugun ondasun horietatik, hitzaren zentzu zabalean, zeintzuekin ikusi nahi dugun gure etorkizuneko burua erabaki eta maleta hamabi kanpaikaden bitartean itxita mantentzen ahalegintzen gara. Suak egutegiekin batera erre ditzan kanpoan geratu diren guztiak. Kasu honetan, aukeraketa egitea baino, maleta behin bete ostean tranparik ez egitea bilakatzen da erronka. Zorroaren espazio libre gehiena orain arte egiteko gai izan ez garenak gauzatu ahal izateko abileziek hartzen baitute; maleta zabalduko duen horri zarratu zuenari baino borondate gehiago exijituz.

Urte berriaren laugarren egunean gauden honetan, irlan lurreratu berri, fardela desegiten egongo da zuetariko asko, iaztik mantendutakoarekin bizia berrantolatzeko ahaleginetan. Maleta ondo egin duzuelakoan izan adore, zabaldu eta bilaka ezazue irla mortua datozen 365 egunetarako zuen etxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.