Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Errua

2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Hiltzailearen ama elkarrizketatu dute. Ez dakit zergatik den garrantzitsua beste guztiok emakume horren sufrimendua ikustea. Ez dakit zertarako balio duen bere semearekikoak egin dituela jakiteak. Ez dakit ze etekin periodistiko atera dakiokeen erasotzailearen ama barkamena eskatzen entzuteari. Bere semeak neska bat hil duela aitortu du, eta kazetariak haren ingurua arakatzen hasi dira. Erraiak lehertzear izango dituen ama horrek barkamena eskatu du mikrofono aurrean. Merkea da morboa, izan ere. Hesteak marapilotu zaizkit telebista aurrean: katea aldatu dut. Neure buruari aitortu diot zein gustura esango niokeen andra horri ez daukala zertan barkamena eskatu; berak ez daukala ezeren errurik. Erditzea ez baita pekatu; aitzitik, hogeita hamar urte betetzen ditugunetik berrogeita bost pasatu arte, burua lehertzen digute arroza pasako zaigula esanez. Eta arrozari pasatzen uzten ez badiogu, noiz arte izan behar dugu ume horren ekintzen erantzule?

Ama horri bildu zaizkion kazetariek ez dute ulertu antza guzti honetan zein ardura duten. Errudunen bila badabiltza ez daukate urrun joan beharrik. Begiratu dezatela lan egiten duten komunikabideetara, eta konturatuko dira nola ematen dioten indarra erasotzaileari bortxatutako zein hildako emakumeen janzkeraz, eguneroko bizitzaz, bizioez, afizioez zein larrutarako gogoez erreportaje bat egiten duten bakoitzean. Eta ikusiko dute emakume zein gizon izateko zein eredu saltzen dituzten prime time-an emititzen dituzten programa txarretan.

Amak umea egin zuen. Umea gizon hazi zen, eta emakume bat hil zuen emakumea zelako bakarrik. Amak badaki oraindik ere gizonek euren nagusitasuna erakusteko nolakoak egiten dituzten. Amak ez zuen esperoko bere semeak halakorik egitea, baina neska hil egin duela aitortu duena, semea da. Ez dezagun, beraz, berriz ere, emakume bat errudun bihurtu. Utz ezazue ama bakean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.