Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Egokitzeak

2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gil de Biedmak idatzitako poema baten baikortasuna behar dugu: «Itxaropen guzti dena/zuengan dago» du hasiera. Bere buruaz beste egin duen Ondarroako 16 urteko gazte transexualaren heriotzaren ostean batez ere. Ez dakit transexuala zela idatzi behar ote dudan, ez dakit 16 urte zituela esan behar ote dudan, ez dakit Ondarroakoa dela agertu behar ote dudan. Bere buruaz beste egiten duen pertsona baten atzean gure ezintasuna dago.

Lehengusu txiki baten semea ezagutu dut duela aste batzuk. Luze eta zabal jardun genuen, baina esaldi batekin etxeratu nintzen: «Ez naiz inon ondo egokitzen». Zerbait mokortu zitzaidan barruan. Hogei urte ditu, eta aspaldi ezagutzen du mundu etze hau. Besapean zekartzan azken urteotan idatzitako poemak. Poema horiek dira bere hegazpeak. Solasaldian, argi geratu zitzaidan hogei urteko gazte honen deserosotasun soziala. Ezagutzen duzu Rafa Ruedaren kantua?... «pentsatzen dut/baina ez naiz beti/batzuetan nahiago dut ez izan». Kantuen esaldietan aurkitzen du bere burua. Gazte gehienek egiten dituztenetan ez dago gustura; horrek bazterreratu du. Poema guztiak ekarri zizkidan, irakur nitzan. Ezberdina da, zalantza izpirik gabe. Batzuetan ahazten zaidan gauza bat gogorarazi zidan: oso zaila da ezberdina izatea. Bizi garen gizarte honek ez duelako ezberdina maite. Kontua ez da tolerantzia, kontua da onarpena eta elkarbizitza. Virginie Despentes idazlea elkarrizketak eman eta eman ari den egunotan, horietako batean irakurri diot: «Duela ez askora arte, galtzaile izatea ez zen gauza lotsagarria. Orain, berriz, garaile soziala goraipatzen dugu etengabe». Gaitzesgarria da ezberdina ametitzen ez duen gizartea. Okerrena da gizarte hori zu zarela. Eta ni. Eta inguruan ditugun horiek denak ere bai. Gil de Biedmaren poema baikorraren amaiera behar dugu, eusteko: «... egon litekeen mundurik onenera/ ihes egiten dugun minutu horretan bertan/ bizirik egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.